Tamia Quima Morales Sanchez: “Sinesgaitza zirudien Deustuko ibilgailuetara ohitzea”

prestaldizkaria 2016ko ira. 27a, 09:38

Negozioen Kudeaketa gradua ikasten ari da Tamia eta, era berean, “zorionez”, administrari lanean Pikara magazinean. 

Kitxua zara?

Mestizotzat naukate, baina ni kitxua indigena sentitzen naiz, nire erroak kitxua baitira.

 

Noiz etorri zinen Ekuadorretik Deustura?

Hamar urte nituenean. Hasieran ez nuen ondo pasa, batez ere hiru neba-arreben artean txikiena ni naizelako. Denok etorri ginen. Hori baino lehen gure aita Donostian bizi zen.

 

Bizitzaren erdia baino gehiago Deustun eman duzu.

Nire adinkideek bertakotzat naukate. Nik esan arren, ‘Ekuadorrekoa naiz’, eurek ‘ezetz’ esaten didate. Pertsona helduek, berriz, kanpotartzat naukate. Esan beharra daukat, inoiz ez dudala arrazismorik sentitu. Batere. Ezta nire familiak ere.

 

Goitik beherako tomatera zara orduan?

Bai. 13 urtetan ez gara Deustutik mugitu ere egin. Etxez eta kalez baino ez gara aldatu.

 

Zelakoa izan zen egokitzea?

Hizkuntza dela eta, salestarren kolegioan hasi nintzen ikasten. Ondo hartu ninduten. Zorte handia izan dut. Izan ere, Deustuko Salesianos ikastetxeko irakasle bat nire herrian, Cayamben, salestarrek duten ikastetxean egona zen, eta bazuen gure bidaiaren berri. Berak prestatu zuen nire helduera. Iristean, ikaskideek harrera egin zidaten. Ez dut egokitzeko arazorik izan. Beste herrialde batzuetatik etorritako zenbait pertsonak esperientzia txarra izan dutela jakin badakit.

 

Zerk harritu zintuen etorri berritan?

Hiriak eta hiriko kaleek. Gu nekazal gunetik gentozen. Cayambe Ekuadorreko mendi aldean kokatuta dago. Landa gunetik hirirako jauzia handia izan zen. Etxebizitza batean bizitzeak edo pisu batean ez dauka zerikusirik. Sinesgaitza zirudien Agirre lehendakariaren etorbideko ibilgailuetara ohitzea.

 

Ekuadorren egoera soziopolitikoa hobetu dela eta, zenbait etorkinek bueltatzea erabaki dute. Ezagutzen duzu kasurik?

Gure etxean ez dugu Ekuadorreko beste familia batzurekin harreman handirik izan. Ez dakit zergatik den. Agian bertakoak gure kulturara gehiago hurbildu direlako gure herria bera baino. Aitak aipatu digu familia osoak itzuli direla Ekuadorrera.

 

Ekuadorrera itzuli zara?

Bitan izan naiz han. Nire amarekin. Aldaketa handia izan zen, nire etxea nire familia izan arren. Nahikoa kosta zitzaidan moldatzea. Hasieran Ekuadorrera bizitzera bueltatu nahi nuen, ez nekien ondo noiz, unibertsitatea baino lehen edota ostean. Orain, berriz, Deustun ondo sentitzen naiz. Gainera, nire familia Ekuadorren daukat, baina hurkoa hemen. Bizitza hemen egin dugu. Gustura gaude.

 

Ekuador Etxeak egoitza du Deustun. Zelako lana egiten du?

Oso ona. Pertsona migratzaileen elkartea da. Ez da hainbeste jai eta ospakizunetan oinarritzen. Besteekin alderatuta desberdina da. Komunikabide gehienek erakusten ez dituzte irudiak erakusten dituzte. Manifestazio, protesta eta hamaika jardueraren berri ematen dute sare sozialen bitartez. Egiazkoagoa den errealitatea azaltzen dute.

 

Euskara ere irakasten da Ekuador Etxean?

Izena emanda egon nintzen, baina denbora faltagatik utzi nuen. Guztiz damututa nago. Hurrengo urtean itzuliko naiz. Hemen bizi behar badut euskara ikasi nahi dut.