Deustu HLHI, San Inazio HLHI, Intxixu Ikastola HLHI, Arangoiti HLHI, Deustuko Ikastola IPI, Salesianos Deusto Ikastetxea eta La Salle ikastetxea dira Gu ere bertsotan proiektuan parte hartuko dutenak.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak aurrera daraman egitasmo honetan, bertsolaritzari buruzko oinarrizko ezagutza bermatzeaz gain, ikastetxean zein herrian bertsozaletasuna sustatzea dira helburu nagusiak. Ikasgelan egiten den beharrari ikasgelatik kanpo jarraipena ematen zaio, gaztetxoen bat-bateko kanturako taldeak sortuz eta bertso eskolara hurbildu daitezen zubi lana eginez.
Ahozkotasunaren bidez, lau arlo hauek lantzen dira: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak. Astero edo hamabostero, ordu batez, bertso jolas eta ikus entzunezko baliabideek lagunduta, ikasturte osoan zehar, ekintza anitzak egingo dira, besteak beste, eskolen arteko topaketak eta bertso kantaldiak.
Bat-bateko bertso taldeak Deustuko Ikastolan
Elorri bertso eskolak bat-bateko hiru talde izango ditu aurten ere Deustuko Ikastolan. Bertso talde hauek eskolaz kanpoko ekintza orduetan batuko dira, eguerdietan, eta 25 pertsonatik gora arituko dira DBH1etik DBH4rako adin tartean. Aurten, bertso eskolarekin zubi lana egiteko bertako bertsolari gazteak arituko dira gidari moduan.
Intxixun ere aukera
Aurten lehen aldiz, Intxixu Ikastolako Bigarren Hezkuntzako ikasleei artean ere eskaini zaie bertsolaritza eskolaz kanpoko ekintza moduan. Oraindik apuntatu nahi duena garaiz dabil.