Etxerat elkarteak egoitza zabaldu du Ibarrekolandan

prestaldizkaria 2016ko urr. 21a, 08:59

Argazkia: Etxerat

Elkartearen Bizkaiko egoitza izateaz gain "elkargune" eta "babesgune" izatea du helburu lokalak.

Ibarrekolanda auzoan, unibertsitatetik oso gertu, inauguratu du Etxerat elkarteak Bizkaiko egoitza izango dena. Sarrikoalde kaleko 3. zenbakian, hain zuzen ere.

Atzo arratsaldean, Jone Artola Etxerateko kideak harrera egin zien ekitaldira bertaratu ziren lagunei eta eskerrak eman zizkien egoitzaren irekiera posible egiteagatik. "Elkargune berria zabalik dago denoi esker", adierazi zuen Artolak. Elkargune ez ezik "senideen babesgune" ere izan nahi du Etxeraten egoitza berriak: "Hemen izango dituzue ateak zabalik denak etxera ekarri arte laguntzeko prest zaudeten guztiok".

Lau lagunek aurreskua dantzatu ostean, familia argazkia atera zuten egoitzaren aurrean inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten herritarrek.