18:00ak aldera piztu zen sutea eta gaueko 23:00etarako kontrolpean izatea lortu zuten Bilboko suhiltzaileek. Sugar handienak 19:00etarako kontrolpean zituztela pentsatu arren, sua zabaldu egin zen hainbat sastraka gune harrapatzean, Udaleko iturriek adierazi dutenez. Bi frontetan zabaldu zen, Arangotirantz eta Enekurirantz (Fatima kolegio aldera).
Sua ez zen Arangoiti eta Enekuriko etxebizitzetara iritsi, eta hortaz ez zen eraikinik utzarazi. Ezta Fatima kolegioa ere, sugarrak kolegioko ingurura ailegatu baziren ere, suhiltzaileek garaiz lortu zuten suari eustea. Bandera-Elorriaga mendi tontorrean kokatuta dauden irrati eta telebistako antena eta errepikagailuek ez zuten kalterik jasan.
Bost kamioi eta bi ibilgailu arinek parte hartu dute amatatze-lanetan. Guztira, 20 bat suhiltzaile aritu dira lanean.
Oraindik orain ez da ezagutzen suaren jatorria. Auzokide bat izan zen 18:00 baino apur bat lehenago larrialdietara deitu eta suaren berri eman zuena.
Kea, erre usaina eta errautza bizkor zabaldu ziren Deustura, San Inaziora eta Uribarri eta Kastaños aldera arratsalde-gau partean.
Trafikoan ere izan zuen eragina. Udaltzaingoak Enekuri eta Artxandako errepideak ekiditeko deia zabaldu zuen gidarien artean inguruan lanean ari ziren suhiltzaileen kamioi eta ibilgailuei bidea errazteko.