Eraso guztien aurrean erantzuteko beharra azpimarratu dute PARE Deustuko talde feministako kideek atzoko elkarretaratzean. Erasoa "luxuzko etxe batean edo kalean" gertatu, "erasorik ez, erantzunik gabe" zioen pankarta zabaldu zuten ordu erdiko kontzentrazio isilean. Hainbat herritarren ondoan izan ziren Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkari ere.
Izan ere, erasotua izan zen emakumea etxegabea da. Zorrotzaurreko pabiloi batean bizi zen beste etxegabe batzuekin batera, eta horietako bik kolpatu eta sexu gehiegikeriak egin zizkiotela salatu du. Zaurituta, Basurtuko Ospitalean artatu ostean, emakumea Errekaldeko aterpean dago egun.
Erriberako zubi ondoan batu ziren lagunen izenean, PARE Deustuko talde feministako kideek indarkeria matxistarekiko "nazka" adierazi zuten eta erasoei aurre egiteko "borroka feminista" aldarrikatu zuten.
Udaltzaingoak atxilotutako bi gizonak aske geratu dira epailearen aurrean deklaratu eta gero. Ustezko erasotzaileak izan zitezkeelakoan atxilotu zituzten. Bi gizonak etxegabeak dira eta emakumeak aterpetzat duen pabiloiaren inguruan ibili ohi dira.
BesteBi platafornaren gaitzespena
Erasoaren aurrean, etxebizitza bazterkeriaren aurka eta Bizkaiko etxerik gabeko pertsonen alde lan egiten duen BesteBi plataformak "erabateko gaitzespena" adierazi du.
Plataformako kideek adierazi dutenez, Zorrotzaurreko kasuan, emakumea etxegabea izanda, "kalteberatasuna gehitzen dio egoerari, gizarte eta etxebizitza arloko bazterkeria egoera pairatzen baitu erasotuak". Egoera horren aurrean, "'etxegabetasunaren' aurka lan egiteko estrategia sendotu beharra dagoela" azpimarratu dute "etxerik gabeko pertsonen gizarteratzea lortzeko".
Atxilotua Boluetako ustezko erasotzailea
17 urteko Santutxu auzoko bizilagun bat atxilotu dute Gasteizen, Boluetan larunbat gauean izandako sexu erasoaren ustezko egilea delakoan, Ertzaintzak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Adingabe batek, 17 urtekoa hau ere, sexu erasoa jasan zuela salatu zuen igandean. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta biktimak emandako datuei esker, ustezko egilea atzeman ahal izan du Polizia autonomikoak. 17 urteko Bilboko bizilaguna da. Astearte arratsaldean atxilotu zuten, Gasteizen.