Begoña Altuna: “Alpeetatik kanpoko norbaitek mendizaletasuna izatea ez da oso ohikoa”

prestaldizkaria 2016ko aza. 7a, 10:00

Trenton (Italian) bizi eta lan egiten duen ikerlari deustuarra da Begoña. Ondo hartu dute Trentinon, "oso adeitsuki".  

Noiz joan zinen Italiara? Zenbat denbora daramazu bertan?

Irailaren hasieran etorri nintzen Trentora; hilabete eta erdi daramat hemen.

Zergatik joan zara Italiara? Zertarako? Zein helbururekin?

Doktoretza tesia egiten ari naiz eta nire ezagutzak zabaltzeko egonaldia egiten ari naiz Trenton. Urtetan egon da nire taldea hemengo talde batekin harremanetan eta eurek dagoeneko italiera eta ingeleserako egindako ikerketa batzuk euskarara nola moldatu ikastera etorri naiz.

Zelan egokitu zara? Zelan hartu zaituzte?

Oso harrera ona izan dut bai lanean bai ikasle egoitzan, eta jendea orokorrean oso adeitsua da Trentino inguruan. Ez zait asko kostatu ohitzea, martxa apur bat faltan botatzen badut ere.

Zerk harritu zaitu gehien? Zeintzuk dira desberdintasun nagusiak?

Egia esan, ez dago ezberdintasun handirik, ordutegietan ez bada. Oso goiz bazkaldu eta afaltzen dute hemen, eta dendek eta museoek ere beste ordutegi batzuk dituzte. Gehien kostatzen zaidana, ordea, hemen oso goiz iluntzen duela da, goiz hasten banaiz ere, eguna laburra egiten zait bizikletan ibili edo txangoak egiteko.

Zelakoa da bertako bizimodua? Zure egunerokoa?

Oso bizimodu lasaia daramat hemen, oinez joaten naiz lanera kirol apur bat egiteagatik (egunero 200 metroko desnibela!), lan egin, lanean bertan bazkaldu eta iluntzean etxera joaten naiz. Lan ondoak erosketak egin edo jantziak garbitzeko erabiltzen ditut. Asteburuetan joan izan naiz lankide edo pisukideekin pizza afaltzera eta txangoak egiteko ere aprobetxatu dut ez bainuen ingurua ezagutzen. Laster negua etorriko da, espero dut elurrak traba handirik ez jartzea.

Zelan bizi dira italiarrak? Zelakoa da egoera sozio-ekonomiko-politikoa?

Italiarrak ondo bizi direla ematen du. Trentino-Alto Adige eskualdeak nahiko autonomia du, gehien bat ekonomikoa, eta nabaritzen da zerbitzuetan; askoz ere arreta zuzenagoa ematen diete eskualdeko beharrizanei. Bestalde, ez dut hemengo prentsa asko jarraitzen, eta Erromako erabaki politikoak urrun geratzen zaizkit. 

Janari italiarraren ospea merezitakoa al da? Zer duzu gustuko?

Heldu nintzen egunean Milanen probatu nuen orain arte jan dudan pizzarik onena eta pastarik onena ere behin lantokiko jangelan hartu nuen. Horrek ez du esan nahi jandako beste pizzak eta platerak gustatu ez zaizkidanik! Baina gozamenez negar egitekorik ere ez dut jan oraindik. Dena den, italiar gazteak alperxeak direla esango nuke, pisukideekin afaldu izan dudanean pasta tomatearekin jan izan dugu, ezer berezirik ez. Hori bai, Italiako gazta piloa probatu dut, eta asko gustatu izan zaizkit, baita speck txerriki keztatua ere, hori ez dugu gurean! 

Topikoa betetzen al da italiar guztiekin? Berritsu eta lotsagabeak al dira italiarrak?

Nahiko berritsuak dira italiarrak bai, baina ez nuke esango lotsagabeak direnik. Ezagutu izan ditut hegoaldeko italiarrak eta horiek bai direla ‘ligoiagoak’, baina iparraldeko jende hau nahiko lasaia da alde horretatik. Sumatu dudana, ordea, mahai bueltan oso konpainia ona direla da, elkarrizketa bizia eta interesgarria mantentzeko gai dira orain arte ezagututako italiarrak.

Zer diote italiarrek euskalduna zarela diozunean? Zer galdetzen dizute Euskal Herriari buruz?

Orokorrean jendeak Euskal Herria zer den badaki eta, hemen autonomia dutenez eta bi hiztun-komunitate batera bizi direnez (Alto Adigen), ez zaie gure egoera arrotzegia egiten. Anekdota bezala, nik beti “Paese Basco” esaten dut eta harrituta begiratzen didate eurek beti “Paesi Baschi” entzun izan dutelako. Nik “Paese Basco; c'è soltanto uno” erantzuten diet beti. Bada, Wikipedian kontsultatu nuen eta italieraz “Paese Basco” Euskal Herriarentzat erabiltzen da eta “Paesi Baschi” Euskal Autonomia Erkidegoarentzat. Kuriosoa pluralak singularrak baino eremu txikiagoa hartzea. Dena den, gehien klimari buruz galdetzen didate eta harritu egiten dira ere Euskal Herrian mendi asko dagoela esaten diedanean, antza Alpeetatik kanpoko norbaitek mendizaletasuna izatea ez da oso ohikoa hemen.

Zer duzu faltan? Noiz bueltatuko zara Deustura?

Zalantzarik gabe pintxopotea falta dut gehien, hemengo kaleko giroa hutsaren hurrengoa da. Oraindik beste bi hilabete ditut hemen; gabonak baino lehen itzuliko naiz etxera. Gogoa dut, ordea, Deustu berriz ikusteko eta hango ekintzetan parte hartzeko.

Zer ekarriko duzu Italiatik?

Italiatik ziurrenik ardo botilaren bat ekarriko dut, Trentino alde honetan tipikoa baita. Ez naiz souvenir-ak erosten dituen horietakoa, baina badut dagoeneko argazki mordoa hemen bizitakoak gogoratu eta familiari erakusteko.

 

*** Begoña Altunak bidaia blog bat idazten du: hanhemenka.blogariak.net