Bandaren zuzendariordea den Iñaki Urkizu Kerejetaren batutapean honako obrak interpretatuko dira: Ernesto Perezen Santander Pasodoblea, James Barnesen Alvamar overture, Julio Gomezen Suite en la, Amadeo Vivesen Maruxa (Preludioa 2. zatia, T. Romoren moldaketekin), Ruperto Chapiren La corte de Granada (Fantasia morisca-serenata) eta Roland Kernenen Pop in the spots.
Iñaki Urkizu Kerejeta
Beasaingo Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez.
Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gomez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musicalen ere.
Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, 'Arrasate Musical' Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big-Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen.
Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.
Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen hiru zenbakiak argitaratuta daude: Jaialdia, Dantzaldia eta Betikoskorri. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, Oskorrí folk-talde ezagunaren omenez egina.
Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. 800 kontzertutik gora zuzendu ditu eta bere batutapean zenbait CD bat grabatu dira, besteak beste: Ertzaintzako Musika Bandarena (Bergarako Orfeoiarekin batera), Bilboko Udal Musika Bandarena (Ensantxeko Korala eta Bilboko Koral Elkartearekin batera, bere 125. Urteurrena ospatzeko), etab. Era berean, Errepertoriorako egindako ekarpena ere handia da, egungo gai askoren hainbat bertsio eta moldaketa eginda, bandarentzat egokituta eta ezaugarri pedagogikoetara moldatuta.