Ahotsa, gitarra eta kemena

prestaldizkaria 2016ko abe. 1a, 08:00

Argazkiak: Maria Elizalde Lago / Iban Idigoras Uranga - Muntaia: Gartxot Unsain

“Kontzertu batzuk” atera zaizkio urte bukaera bitartean Beñat Antxustegiri, besteak beste, Deustun bat, abenduaren 2an Mullerrenean. 

Buruan “beti” darabil abestiren bat Beñat Antxustegik. Ideia berriren bat bururatzen zaionean, gitarra esku artean hartu eta telefono mugikorarrekin grabatzen du “aurrerago lantzeko”, bakarka zein taldean. Izan ere, Beñat aritua den pertsona da. Berak sortutako Physis versus Nomos taldean ez ezik beste hainbat taldetan ibili da eta dabil, besteak beste, Xikinkei, Txema, Bi Zaldi eta Pelax taldean. Bi formatuak ditu gustuko. Bakarkakoaren “intimismoa”, “oso baxu” jotzeko aukera eta isiluneak atsegin ditu. Baita taldeak ematen duen “indarra”, “giro umoretsuagoa” eta “seguratasuna” ere.  

Physis versus Nomos bezala aurten kaleratu duen ‘Saudade é fatal 2’ diskoan (2016) bildutako abestiak dira Deustun aurkeztuko dituenak abenduaren 2an, ostirala, Mullerrenean. Berbaizu euskara elkarteak antolatu duen kontzertua Physis versus Pelax formatuan eskainiko dute Beñat Antxustegik eta Unai Pelayok (Pelax). Kontzertua “erdibana” egitea pentsatu dute. Hamabi bat abesti joko dituzte guztira, erdiak Physis versus Nomosenak eta beste erdiak Pelax taldearenak. Mullerreneara hurbiltzen denak bi gitarra eta bi ahots entzungo ditu. “Musika oso lasaia une askotan eta aldi berean indartsua nahiko garrasi egiten dugulako biok”, dio Antxustegik. Jendea “gustura” utziko duen ziurtasunaz mintzo da, “bi proiektu interesgarri” izaki, zuzenekora “animatzen denak gozatuko duelako”.  

Harerra “oso ona” izan du ‘Saudade é fatal 2’ Physis versus Nomosen hirugarren lanak. Kritikak ere “onak” izan dira. Lehen edizioko 500 kopiak agortuta, bigarren edizioan beste hainbeste kopia ateratzea erabaki du Beñatek. “Batez ere”, kontzertuetan saltzen ditu, “oso merke”, bosna eurotan. Bere esanetan, “gastuak ordaintzeko, batik bat”. Salmentak izan duen arrakastan funtsezkoak izan dira bai prezioa bai “marketing agresiboa”. Entzuleei ‘diskazoa’ bat dela esanez egiten du marketinga Beñatek, zuzen eta artez. Pozik dago emaitzarekin, “oro har jendea diskoa erosiz laguntzeko prest” agertu delako. Interneten ere entzungai dago, nahi duenarentzat. 

Kutuntzat du egileak azken diskoa. Abesti bakoitzak dakartza berarekin letra, musikari parataideen zerrenda eta iruzkin bat. “Gauza kuriosoren bat abestiak nondik datozen ezagutzeko eta entzulea obraren barruan sartzeko”. Ez du bakarrik egin, “laguntza handia” jaso du. Beñatek Alberto Lizarralderen izena nabarmentzen du. Nahasketen arduraduna eta “gitarrarekin pilo bat lagundu” dion pertsona. Bestelako kolaborazioak ere izan ditu, “piloa bat”, eta denei “eskerrak” eman beharra sentitzen du. 

Sariak, ikasketak eta kolaborazioak

Bi aldiz eskuratu du UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak ematen duen Mikel Laboa saria Beñatek. 35 urtetik beherako artisten lana saritzen duen aitortza. “Doinuaren maila musikala, hitzaren maila poetikoa, eta doinuaren eta hitzaren arteko loturaren egokitasuna”, kontutan hartzen ditu epaimahaiak. 2013an Zu gabe abestiarekin eta iaz Ohm abestiarekin eskuratu zuen. Beste hainbat lehiaketetan parte hartu badu ere, “ez didate kasurik egin”, horregatik espero ez zuen “errekonozimendua” izan da. Are gehiago Antton Valverde eta Xabi San Sebastian bezalako musikari “errespetagarriak” izan direnean epaimahaian. Eta horrek aurrerago egingo duen lanari “seriotasuna” emango diola uste du. 

Egindako lanak badu zerikusia irabazitako sariekin. Sariak dakarren dirua Zaldibiko HaizeBazterrak sorkuntza espaziora bideratu baitu. “Diruak aukera eman digu gero eta independenteago izateko, gure kantuak grabatzeko kalitate handiarekin eta talde gehiagori eta talde lagunei laguntzeko euren kantuak grabatzen”.  

Ingeniaritza ikasten du Beñatek, eta bertan ikasitakoa ere bideratzen du musikara. Esaterako, elektronika “pilo bat” ikasi du, eta grabazioak “hobetzeko” eta ekipoen “mantenimendua egiteko” baliatu du.

Musika gomendio emaile gisa ere aritzen da Gaztezulo aldizkarian eta “aspaldian apur bat abandonatuta” duen Topatu atariko blogean. Gustuko du talde berri eta gazteen musikari erreferentzia egitea. “Beti nabil talde berriak eta ateratzen diren gauzak entzuten. Saiatzen naiz hemen inguruko taldeei leihotxo bat eskaintzen”.  Ez baita garai erraza hasiberrientzat. “Batik bat, ez baduzu managerrik edo komunikabideetan ez bazaitu inork ezagutzen. Hori da nire ekarpena”.   

Ari da, bai, jendea “gauza interesgarriak” egiten. Arazoa da “publikoaren erantzuna kaskarra dela musikari ezazagunekin”. Ondorioz, aretoetako arduradunek gazte eta hasiberriei “ez diete baldintza onik eskaintzen”, eta askoz errazagoa duten gaztetxeen sarera jo behar izaten dute. 

Eta asko dira “aitabitxirik ez dutenak edo Euskadi Gaztearen edota disketxe baten babesa ez dutenak”. Musikari askoren kezka horrek eraman ditu Beñat eta beste lagun asko Ez Dok Amaitu proiektua sortzera. Norbanako eta taldei “bultzada ematea” du xede. Gasteizen, esaterako, bost talderen kontzertua antolatu dute jada. Beste ideia eta asmo ba-tzuk ere badauzkate esku artean. Besteak beste, “kontzertuetako antolatzaileen eta entzuleen arteko jarrera nolakoa izan beharko lukeen lantzen ari gara”. Dekalogo bat osatzeraino. Ez Dok Amaitu ari da “pixkanaka-pixkanaka gauzak egiten”.

physisversusnomos.bandcamp.com