Txapelerako hiru hautagai

prestaldizkaria 2016ko abe. 13a, 10:57

"Feminismotik" egin dute bertsotan Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Jone Uria eta Uxue Alberdik Deustuko Bidarte udaltegian. Lehen hiru bertsolariek larunbatean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean parte hartuko dute. Uxue Alberdiren arabera, final "irekia" izango da: "Hautagai batzuk badaude, eta hiru hauek badira txapelerako hautagaiak".  

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bost finaletan parte hartu du Onintza Enbeitak. Seigarrenaren atarian, "lehenengoan bezain ilusiotsu" sentitzen da, "lehenengoan bezain gazte". Izan ere, finalista gazteak egoteak "gu ere gaztetzen gaitu eta beste perspektiba batean jartzen gaitu", dio.

Bakarkakoak lantzen jardun da Onintza, istorioak ondo lotzen saiatzen, "koherentziaz". Ofiziotako entrenamendua plazaz plaza egin du. Plaza ei da "benetan erakusten duena" bertsolaria zelan dagoen. Eta zelan dago Onintza? Bada, azkenaldian "oso ondo" sentitu da plazan. "Fresko eta gustura". Larunbatean, seigarren finala izaki, lan "ona baino zeozer hobea" egin nahi du, adibidez, "ariketa disdiratsuren bat" utzi nahi du "historiarako geratuko dena". 

Laugarren finala izango du larunbatekoa Jone Uriak. Dagoen zortzikotearekin final "desberdina" espero du, aurrekoekin alderatuta. "Polita" izatea nahi du, final "ona" bai bertsolarientzat bai entzuleentzat. "Horretan behintzat saiatuko gara", adierazi du. 

Ofiziotan erraztasun handiago duen arren, "sorpresan" ofiziotan hanka sartu eta bakarka lan hobea egin dezake Jonek. Bere helburu nagusia "denean gozatzea eta gutxi sufritzea" izango da.

2014ko finalerako ez zen sailkatu Miren Amuriza. 2016an "ostera ere bueltan" dago, "gogotsu", bere hirugarren finalerako. Saio on bat egin nahi du berak ere, "ahal bada nire saio onena", eta hortik aurrera "ikusiko da".

Ariketa guztiek berdin balio dute, eta Miren denetarako ari da prestatzen. Beharbada, "gehien", bakarkako ariketak motibatzen du. "Librean aritzeko aukera" ematen duelako. Horrelakoetan saiatzen da "marka pertsonala uzten".  

Faboritoak

"Gezurrik ez dugu esango", aitortu du Miren Amurizak. "Finalera goazen zortzirok norberak irabaztea nahi du, eta bestela badaude bat baino gehiago oso, oso paper ona egingo dutenak. Edozeinengatik poztuko naiz". 

Jone Uriak ez du izenik aipatu nahi ez bada zortzi finalistena.

Onintza Enbeitak berak ez badu irabazten, "nahi, nahi", Etxahunek irabaztea nahiko luke "adinkidea delako" eta "elkarren paralelo" egin dutelako "bertso-bidearen zati bat". Eta neska batek irabaziko balu "izango litzateke historikoa, kristorena".

 

[2016-12-13] Lekukoa hartzeko prest

[2016-12-12] 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari Xabier Amurizak jantziko dio txapela