Oraindik ere herriko tabernen aurkako "epaiketa politikoak" ez dira bukatu, eta herriko tabernak ez daude "arriskutik kanpo". Horregatik jarraituko dute Deustun "herriko taberna libre eta zabalik" mezua zabaltzen "bai egunerokoan bai 30. urteurrena bezalako ikasturte berezi honetan", bertako kideek azaldu dutenez.
Bihar, abenduak 16, izango da lehen jarduera. "Neguko libre jaia" izena eman diote. Lehenik, 19:00etan, Kalera Kalera ekimenak deitutako manifestazioan parte hartuko dute. "Bilboko 32 preso politikoek pairatzen duten dispertsio egoera salatuko dugu eta, batik bat, Arantza Zulueta eta Harriet Iragi presoek jasaten duten isolamendu egoera".
21:00etarako Deustura itzuliko dira. Herriko tabernan Txalainak taldeak emango duen kontzertua entzutera.
Bertso-saioa
Otsailean izango du jarraipena urteurrenak. Oihana Bartra, Jon Maia eta Arkaitz Estiballes hirukoteak eskainiko duen bertso-bazkariarekin. Beren-beregi prestatutako menuaz gain, aukera begeta eta umeentzako menua ere eskainiko dute. Tiketak salgai daude jada Herriko tabernan bertan.
Asteburu berezia
Udaberrirako asteburu "berezia" antolatuko dute. "Asteburu osoko egitaraua" prestatzen ari dira Deustuko Herriko tabernako lagunak. Besteak beste, "bazkari handi bat" egitekoak dira "belaunaldi ezberdinak bildu asmoz".