Ez dago disketxerik ‘Zuhaitz eta zubi’ diskoaren atzean. “Guk pentsatu eta guk erabaki dugu”, dio Leire Saituak, iAuBe taldeko erdiak. Beste erdia Miguel Comas da, eta bere etxean duen estudioan grabatu eta nahastu dute laugarren lana. “Gaur egun ordenagailu batekin eta hainbat programekin egiten delako sasoi baten hiru metro luzeko nahasketa mahai batekin egiten zena”.
iAuBeren aurreko diskoa “gehien bat elektronikoa” zen. Ez zuen gitarra, baxu eta bateria fisikorik, solo batzutan izan ezik. Horrek “askatasun handia” eman zien Leire eta Migueli esperimentatzeko, nahiz jakin horrelako musikarekin “apur bat zailagoa” dela jendearengana heltzea. “Gustura gaude lan horrekin. Lan ederra egin genuela uste dut esperimentazioan eta ikerketan”, dio Leirek. Barruan zutena “ondo ateratzea” lortu zuten. Hori ei da musikan eta oro har artean zailtasun handienetako: “Barruan daukagun sentipen hori atera eta irudikatzea. Hor tarte horretan asko galtzen dira, barrukoa irudikatzen asmatu ez delako. Gu oso gustura geratu ginen hirugarrenarekin, eta denbora pasata ikusi dugu disko potentea dela. Oraindik ere jarraitzen dugu kanta horiek zuzenekoetan jotzen”.
Laugarren diskoa “desberdina” da. Leirek eta Miguelek “asko maite” dituzten musikarien kanta jakin batzuk hartu –“ez dira abesti oso ezagunak gehiengoarentzat”–, egileei “baimena eskatuta”, eta letrak aldatu edota ipini dizkiete. Hitzik gehienak Leirerenak dira. Uztartu dituzten ekarpenen artean daude Maialen Lujanbioren bertso batzuk, “kartzelan bisita batean Marixol Iparragirre eta Mikel Antzarekin egindako hitz batzuk”, Hasier Rekondorenak, Jurgi San Pedrorenak, Omar Nabarrorenak (Edorta Jimenez) edota Jose Blancorenak. Blanco poeta eta kantariak zuzeneko emanaldietan lagundu die bai Gernikan bai Barakaldon emandako kontzertuetan. Aurreko saioekin alderatuz, disko berria aurkezteko emanaldiek “antzerki kutsu apur bat” daukatela nabarmentzen du Leirek.
Etxera heltzean, telebista piztu ordez, “arnasa hartu eta egun osoko emozioen lixeriketa egiteko balio duen musika” sortzen ahalegindu dira. “Emozioekin konektatzeko musikak duen gaitasunean” sinesten dutelako. Kantuan, eszenatokian, emozionatu egiten da Leire. Bartzelonako kontzertuan horixe gertatu zitzaion, eta nolabait, entzuleak ere hunkitzera iritsi zen. “Teknikoki ez zen kontzertu ona izan, baina hortik beste kontzertu bat atera zaigu. Entzuten ari zen pertsona batek eskatuta abuztuan Sant Llorençeko monastegiko klaustroan jotzeko aukera izango dugu”.
Hurbilago, Gasteizen otsailaren 11n emango dute kontzertua Extitxu tabernan. Lotuko dituzte gehiago ere, baina kontzertuak lotzeko “mugitu egin behar da”, eta batzutan Leire horretarako gogotsu egoten da, “eta beste batzutan ez”.
Bost urte Auzolan proiektuan buru-belarri eman eta gero, Leireren apustua “geroz eta gehiago komunalera pasatzea da”, eta apustu edo “mandala” hori musikara ere eraman nahi du. “Uste dut etorkizuna hortik datorrela, komunaletik, auzolanetik, konpartitzetik, zeren merkatuan ez daukagu zereginik. Merkatuan gaur egun hemen BBK Live dago, eta horrek musikalki dena jaten du. Nik merkatura ez dut joan nahi. Zein bide aurkituko dugun? Bada, hor gabiltza. Guk ere nahi dugu gure musika zabaldu eta kontzertuak egin, baina komunaletik”.
Formatu txikia darabilte zuzenekoetan. Izan ere, gaur egun iAuBerentzat “ez da posible bost musikarik osatutako banda bat muntatzea”. Eta hala ere, Leireren ametsa bete da, eszenatokira igotzen diren aldiro, besteak beste, Iñaki Salvador edota Jean Marie Ecayren abestiak interpretatzen dituztelako. Ordenagailu bat da abesti horien oinarria erreproduzitzen duena, horren gainean Leirek eta Migelek kantatzeko. “Modu batera edo bestera lortu dugu eurekin kantatzea”.
13 minutuko kanta bat eta laburmetraia
Hirugarren diskoan zazpi minutuko iraupena zuen kanta bat bazegoen laugarren diskoan 13 minutuko abesti bat dago. Musikan “neurriz kanpokoa” izan daitekeena batzuentzat. Iñaki Salvadorren Pathology abestia da. Horri erantsi diote Edorta Jimenezen Lepoaren geografia olerkia. Emaitza Pathology - Lepoaren geografía da, “oso potentea” eta “oso polita”. Leireren hitzetan “maitasuna egiteko 13 minutuko tutoriala da. Beste aldera iristea berantezten ari den bitartean pausoak zehatz deskribatzen dituen olerkia da. Euskal tantraren tutoriala izan daiteke”.
Abesti horrekin ikus-entzunezkoa egiten ari dira Leire eta Miguel Arrate Fernandez zuzendariarekin batera. Hortaz, 13 minutuko bideoklipa baino “laburmetraia izango da”.
Barruan aldaketa
Asko eskatzen dio bere buruari Leirek. Bere baitan sarri pentsatzen du “zergatik nago eszenatokian? Merezi dut hemen egotea?”. Zalantza unearen ostean, konfidantza berreskuratzen du: “Bai, ni sei urterekin hasi nintzen eszenatokietan abesten, eta hemen barruan badut zeozer”. Atera beharreko zeozer, eskaintzeko zeozer. Bere ahizpa Olatz Saitua sopranoa ere “oso exijentea da bere buruarekin”. “Beti dago ‘merezi dut hau egitea’ galdetzen”. Arduratsuak dira biak ala biak. Ez baitute “jendea entretenitu nahi bakarrik”. Leireren guraria da ordu eta erdiko yoga saio baten onura bera lortzea bere musikarekin. “Yogaren ostean jendea beste modu batera irteten da, lasai, kontzentratuta, norbere buruaz gustura. Nahi nuke horrelako zerbait gertatzea jendea gure kontzertutik irteten denean. Ez denbora-pasa soila izatea. Kontzertuko entzule guztiek barruan aldaketa bat izatea nahi nuke”.