Orain dela 20 bat urte hasi zen zaletasun honekin, margotzen jakin barik, bere burua kokatzen saiatzen. Bere seme-alabak nagusitzen joan zirenean Mari Carmenek, denbora libre gehiago edukitzen hasi zen, eta erabaki zuen margotu nahi zuela.
Udalak antolaturiko tailerretan izena eman zuen eta Esperanza Yunta margolariarekin hasi zen margotzen ikasten. Yuntarekin, artearen munduan murgildu zen, eta antolaturiko erakustaldietan berak egindako koadroekin parte hartzeko aukera ere izan zuen.
Eginiko lehenengo margolana maitasun handiz gogoratzen du. “Etxe bat margotu nuen, eta etxera eraman nuen ilusioz beterik familiari erakusteko. Heltzean auzotar batekin topo egin nuen, eta erakutsi nion. Zera esan zidan: “Zein polita, zure bilobak margoztu du?”. Nire ilusioa pikutara joan zen”. Hurrengoetan ere, ez zuen familiaren babes handirik jaso, oso kritikoak baitziren bere margolanekin. Izan ere, etxe bat edo teilatu bat margotzen denean, arreta handia jarri behar zaie distirei eta itzalei. Baina berak orduan ez zuen teknika ondo menperatzen eta etxean, ingeniariez inguratuta, akats horiek nabarmentzen zizkioten, “etxe horren balkoia jausten ari zaizu” edo “etxe horrek ez dauka ihespunturik” bezalako komentarioekin. Baina Mari Carmenek aurrera jarraitu zuen, eta garai hartan huskerian murgiltzen zuten momentuak barre artean gogoratzen ditu orain.
Bere irudimena esnatuz zihoan heinean, gero eta xehetasun gehiagorekin margotzen zuen. Eta denbora joan ahala, abilezia handitzearekin batera, irakasleengandik eta kideengandik teknika eta trikimailu ugari ikasi zituen.
Olio-pinturekin hasi zen, baina akrilikoa nahiago duela aitortzen du, koloreak “biziagoak” direlako. Baina denetarik erabili izan du, argizarietatik collage teknikara. Beti tamaina handian, hori bai. “Horrela, margoa bota dezakezu eta orban horretatik irudi bat eratuz zoaz. Margotu bitartean, mundua gelditzen zaizu”.
Erretratuak aldiz, oso txarto ateratzen zaizkiola dio Mari Carmenek. “Behin senarraren irudia margotu nuen, eta galdetu zidan ia horren itsusia bazen”, dio irri artean. Margoketa errealista ere ez zaio asko gustatzen. Horretarako nahiago du argazki bat atera.
Paisaiak, horiek bai gustatzen zaizkiola. Batez ere, Bilboko itsasadarrarekin lotutakoak.
Josemi Arranz margolariarekin ere ikasi zuen hiru-hilabete baten. Berari buruz dio asko gustatzen zaiola erabiltzen duen teknika, “txukuna eta sormenezkoa”. Hari zor dio leihoetan zehar paisaiak margotzen ikasi izana, leihoak margotzea itzel gustatzen zaiolako Mari Carmeni. Fereka handiz gogoratzen du horietako bat: Zarautzeko badia kristaletan zehar ikusita. Izan ere, itsasadarrarekin batera, ura margotzea maite du, eta berak dioen bezala, esan daiteke “urez eginda nagoela”.
Egindako margolan horietatik ugari saldu ditu, askotan. Marko saltzaileei koadroak eskaini eta hauek jendeari saldu dizkie. Behin, Esperanza Yuntarekin egindako erakustaldietako batean ere saldu zuen bat.
Bere familian margoketan aritu den bakarra izan da, orain bilobei transmititzen dien zaletasun hori. Eta 20 urteren ondoren gorde duen margolan bildumarekin zer egin ez dakiela, ongintzazko ekintzetarako koadroak ematea pentsatu du. “Horrenbeste urtek koadro askotarako ematen baitute”. Horregatik azkeneko urteetan paperaren gainean margotu du, “paperak azken finean, ez duelako leku askorik behar”.
Orain dela bi-hiru urte utzi zion margotzeari unibertsitatean Historia ikasten hasi zelako, eta ez zeukalako denborarik “denarekin jarraitzeko”.
Etxean noizbehinka hartzen ditu pintzelak bere bilobekin margotzeko. Eta horretan jada aritzen ez den arren, oraindik margoak erosteko bihozkadak sentitzen ditu artisau azoka baten aurretik igarotzen denean.