Azken urteotan aurrerapen ugari ikusi ditugu gure inguruan giza eskubideei dagokienez: emakumeen paperaren garrantziaren indartzea, umeen eskubideak aldarrikatzeko hamaika ekitaldi, etab. Hori baina, ez da leku guztietan gertatzen. Badaude hainbat herrialde guk daukagunarekin soilik amets egiten dutenak. Herrialde horietan borroka neketsuagoa da jendearen ahotsa ez delako hemengoena bezain indartsua, ‘garapen bidean’ dauden herrialdeak direlako.
Eta horien egoeraren berri emateko asmoarekin etorri ziren Deustuko ikastolara Guatemala eta Honduraseko sei lagun Jolas eta Ekin elkarteak azaroan antolaturiko egitasmoaren barnean. Jolas eta Ekin hiru Gobernuz Kanpoko Erakundek eratutako proiektua da, eta bi urterik behin beste herrialdeetan dituzten proiektuen artean bi aukeratzen dituzte eta hona ekartzen dituzte ezagutzera emateko. Giza eskubideak abiapuntutzat hartuta, aurtengo sei gazteek haien herrialdeetan egiten duten lanaz hitz egin zieten DBHko ikasleei, “klasean ikasten dutena indartzeko eta uler dezaten hezkuntza eskubide bat dela, edota ospitale batean zaindua izatea”, dio Ivan Barriok, Jolas eta Ekineko koordinatzaileak.
Guatemalako Pedro Poveda Fundaziotik etorritako gazteek aitortu zuten fundazioa –Intered sarearen barne dagoena– Chinautlako komunitatean sortu zela umeen eskubideen aldeko proiektu baten beharra zegoelako. Horrela jaio zen Xajanaj Kahalepana proiektua. Izan ere, herrialdeak Umeen Eskubideen aldeko Hitzarmena orain dela 26 urte berretsi zuen arren, eskubide hauek oso urratuak izaten jarraitzen dute: LHn umeen %19 ez dira eskolara joaten; DBHn hamarretik lauk ikasten dute; eta unibertsitatera soilik gazteen %1 sartzen dira. “Egoera horrek ez die aukerarik eskaintzen gazteei”, salatu zuen Jorge Monroy guatemalarrak. Euren proiektuarekin komunitateen ahotsak indartu nahi dituzte, eta tresnak eman nahi dizkiete dagozkien eskubideak exiji ditzaten.
Honduraseko egoera ez da oso ezberdina. Landa eremuetan umeak txikitatik hasi behar dira dirua etxera ekartzen. Lan egiteko beharra dela eta, ez dute denborarik eskolara joateko. Horri aurre egiteko martxan jarri du SERSO elkarteak Irakaslea etxean proiektua, urrutiko hezkuntzaren antzera funtzionatzen duena. Horrela, gazteek lan egin dezakete bai eta ikasi ere.
Ikastolako ikasleen harriduraren aurrean azaldu zuten nolakoa den hango gazte baten eguneroko bizitza, eta zer nolako ahaleginak egin behar dituzten eskolara joateko. “Ikasleek egiten dizkigute galderak beste planeta batetik bagentoz bezala”, zioen Keyli Pacheco hondurastarrak.
Horrela erakutsi nahi diete hemengo gazteei beren errealitateaz aparte badela beste errealitate bat alboko kontinentean, eta dauzkaten eskubideak aintzat har ditzaten, ez betebeharrak balira bezala, “eskubideren bat galduz gero oso zaila delako berreskuratzea.”
Hamar egunetan zehar, Euskal Herriko bederatzi ikastetxetan ibiltzeaz aparte, hainbat instituzio publikorekin –horien artean, Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua edo Arartekoa– eta elkarterekin bildu dira gai honen garrantziaren inguruan aritzeko eta elkarlana sortzeko.
Testua eta argazkiak: Nuria Arroyo