Diego Grisaleña, arkitekto deustuarra: “Londrestarrak batez ere euskararekin harritzen dira”

prestaldizkaria 2017ko urt. 4a, 08:00

Erraz moldatu da Londresera Diego Grisaleña, besteak beste, lana, etxebizitza eta lagunak zain zituelako. Hiri handia izaki, alde on eta txarrak dituela aitortu du, eta xehe-xehe azaldu dizkigu.

Noiz joan zinen Londresera?

Ekainaren amaieran heldu nintzen, eta sei hilabete daramatzat jada... zein azkar pasatzen den denbora!

 

Zergatik joan zara Londresera? Zertarako? Zein helbururekin?

Sei hilabetetako praktikak Londreseko bulego batean egiteko etorri nintzen. Aukera sortu zitzaidan duela urtebete luze Arquia beka lehiaketara aurkeztu nintzenean eta zorionez, niretzako batez ere, beka lortu nuenean Deustuko etxetxo bat proiektuari esker.

 

Zelan egokitu zara?

Oso erraza izan da egokitzea lana eta etxearekin heldu nintzen eta. Lana bekaren bitartez eta etxea (logela) lagun batzuei esker. Gainera Londresen banituen jada zenbait lagun hemen bizitzen eta lehen asteburutik planak izan ditut. Beraz, kexarik ez dut.

 

Zerk harritu zaitu gehien?

Lehenik eta behin distantziak eta denborak. Ia-ia edozein lekutara heltzeko 50 minutu behar ditut gutxienez. Adibidez, egunero lanera egiten dudan bidaia (trenez 35min + 25 minutu oinez) ia Bilbotik Donostiarako bidaiak beste irauten du. Distantziak hain handiak izateak inprobisatzeko askatasuna nahiko mugatzen du. Prezioak ere harrigarriak dira, garestiagoak. Pinta batek 5 libra balio ditu (7 euro), trena hartzeak 3,5 libra, logela bateko alokairuak 700 libra (800 euro inguru), etab. Alde positibo asko ere baditu. Hiri honetan musika talde guztiek jotzen dute, nahi dituzun filmak, antzezlanak eta erakusketak aurkitu ahal dituzu, mundu osoko janariak dastatu ahal dituzu... eta gehien gustatzen zaidana kaleetan ikusten den ezberdintasuna eta aniztasuna dira; hizkuntzetan, jatorrian, janzkeran...

 

Zelakoa da bertako bizimodua? Zure egunerokoa?

Deustuko bizimoduarekin ez du hainbeste desberdintasun. Hemengo bizi erritmoa askoz arinagoa da, baina hiri handi guztietan bezala. Ordutegia europarra da, hau da, bazkaltzen da 12:00ak inguruan eta afaldu 19:00etan. Baina mundu osoko hainbeste jende dagoenez, ordutegiak eta ohiturak oso ezberdinak eta malguak dira. Nire egun normala 8:00etan hasten da, garraio publikoa hartzen dut, eta 9:30ean lanean sartzen naiz. Bulegoan jaten dugu denok batera, ordu bata aldera eta gero ateratzeko ordua... drama bat izaten da. Suposatzen da 19:00etan atera behar dudala, baina normalean 20:00etan edo beranduago ateratzen naiz lanetik. Etxera bueltatzeko ordu bat trenean, kirol pixka bat egin, afaldu eta etxean lan pixka bat gehiago egin ondoren lotara noa… eta berriro hasi. Asteburuetan denetarik egiten dut, beti planen bat dago; kontzertuak, erakusketak, festak, bazkari-afariak lagunen etxeetan... eta noski, baita etxeko garbiketa eta astean zehar jango ditudan tupperren prestaketa ere.

 

Zelan bizi dira londrestarrak? Zelakoa da egoera sozio-ekonomiko-politikoa?

Londrestarrek lan asko egiten dute astegunetan eta asteburutan oso ondo pasatzen dute. Bai londrestarrek bai mundu osotik etorrita Londresen bizi diren pertsonak zeren londrestar bat, peto-petoa aurkitzea nahiko zaila da. Gainera hemen jaio eta bizi direnek normalean hemendik alde egiteko gogo handi izaten dute. Uste dut Londresek, azkenean, asko nekatzen duela. Londres irla bat da irla baten barruan. Hemen Erresuma Batuko arazo ekonomiko edota politikoak ez dira nabaritzen. Lan piloa eta diru piloa dago hiri honetan. Hiri oso-oso garestia denez, hemen aurrera egiteko, ordu asko eman behar dira lanean, eta beti ez dira ondo ordaintzen. Diru nahiko irabazten ez baduzu erdigunetik oso urrutira bizitzera joan behar duzu alokairu ‘merke’ bat aurkitzeko.

 

Zer diote Brexit-a dela eta londrestarrek?

Nahiko lasaitu dira. Sorpresa oso handia izan zen Brexit-arena, gutxienez nik ezagutzen ditudan lagunentzat. Londresen bozkatu zutenetik, %60 baino gehiagok Europan geratzearen alde bozkatu zuten. Baina Londres ez da Erresuma Batua. Bertako hiritarrek, adibidez, Pakistango jatorria duen alkate musulman bat hautatu dute hiria zuzentzeko, irla honetako beste zenbait lekutan arrazismoa eta islamofobia gorantz ari den bitartean.

 

Kezkatuta jarraitzen dute ala lasaitu dira?

Brexit-eko ondorioak batez ere ekonomian nabaritu dira. Zenbait proiektu gelditu dira eraikuntzan edota finantzietan, baina orokorrean eta eguneroko bizitzan ez da nabaritzen. Beno, bai, pixka bat nabaritzen da orain Tobleroneak txokolate gutxiago duelako eta libra euroarekin konparatuta asko jaitsi delako. Niretzat, eurotan kobratzen dudanez, oso baikorra da. Horrek ez du esan nahi Brexit-aren alde nagoenik, noski.

 

Zenbat euskaldun eta espainiar gazte aurkitu dituzu lanean edota lan bila Londresen?

Euskaldun eta espainiar pilo bat ari dira Londresen lanean, baina piloa, piloa. Nik uste dut espainiar arkitekto gehien lanean ari den munduko hiria dela hau, Bartzelonan eta Madrilen baino askoz gehiago. Zergatik? Batez ere hemen lan duina aurkitu ahal delako, nahiz eta ingelesekin konparatuta gutxiago irabazten dugun. Lan merkatua bai Euskal Herrian bai Espainian oso-oso prekarioa da gazteentzako, eta hemen eskaintzen diren baldintzak askoz hobeak dira. Hori bai, nire asmoa da ahal dudan guztia hemen ikastea eta gero Bilbora itzultzea.

 

Zer diote londrestarrek euskalduna zarela diozunean?

Jendeak batez ere museoa, Athletic eta hiriak, Bilbo eta Donostia ezagutzen ditu. Batzuk gastronomia, folklorea, hizkuntza edota bertako politika eta gatazka ere bai. Eta beste talde nahiko handi bat Euskal Herrian oporretan egona da, edota lagun edo ezagun euskaldunen bat daukate. Baina batez ere hizkuntzarekin asko harritzen dira, zeren normalean pentsatzen dute euskara katalana bezalakoa dela, eta lehen aldiz euskara entzuten dutenean flipatuta geratzen dira. Momentuan ohartzen dira euskara ez dela espainola edo frantsesa ezta antzekoa, eta nik aprobetxatzen dut esateko euskara estralurtarrek piramideekin batera ekarri zutela duela bi mila urte baino gehiago.

 

Zer duzu faltan?

Familia, lagunak eta auzo giroa. Nire etxea azken finean. Bertan neukana hemen lortzeko denbora beharko dut, eta momentuz gustatuko litzaidake hemen jarraitzea eta nire Londreseko familia, metaforikoa noski, osatzea.