Azken agurra emango diote gaur Arantza Gallastegiri

prestaldizkaria 2017ko urt. 27a, 11:36

Done Petri elizan gaur 19:00etan egingo dute joan den asteazkenean garbiketako ibilgailu batek harrapatuta hil zen Arantza Gallastegiren aldeko meza elizkizuna.

Oso ezaguna eta maitatua zen Arantza Deustun. Bai berak bai bere amak urte luzez zuzendu duten Gallastegi tabernagatik. Deustuarrentzat ez ezik Deustuko ikasle eta langileentzat ere topaleku ohikoa izan baita Ramon y Cajal kale hasierako Gallas.

Bere izakera zabal eta berritsua dela eta, ezagun eta lagun asko izan ditu. Horregatik espero da gaurko hileta elizkizuna jendetsua izatea.

67 urterekin zendu da Arantza Gallastegi Sagarduy. Gaur, ostirala, Deustuko Done Petriko elizan emango diote azken agurra 19:00etan.

 

Bere heriotza ikergai

Udaltzaingoa gertatua ikertzen ari da, eta hurrengo astelehenean udal ordezkariek ikerketa horretan bildutako datuen berri emango dute agerraldian. Ikertzen ari dira, besteak beste, oinezkoen gunean, Done Petri plazan, garbiketako auto batek zergatik harrapatu zuen Arantza Gallastegi atzeraka egin zuenean. Gidariaren jokabide okerra izan zen, garbiketako ibilgailuen angelu itsuagatik izan zen, atzera egitean ibilgailuak soinurik egin zuen, edota Arantza bizkarrez egonik halabeharrez izan zen dago argitzeke.