Yolanda Gonzalez Martin gaztea 19 urte zituela hil zuten Madrilen, "traiziozko trantsizio hartan", gogoratu dute Euskalduna Zubia auzo elkarteko eta Bekoerri kultur elkarteko kideek, atzoko ekimeneko antolatzaileek. "Nazkagarria hilketa, eta nazkagarria bezain lotsagarria hiltzaileen urtetako inpunitatea", erantsi dute.
37 urte dira Yolanda hil zutela. "Gazte euskalduna zelako, ikasle borrokalaria zelako hil zuten; langile-eskubideen alde egiteagatik, beste hainbatek bezala gizarte justuago bat amesten zuelako", erantsi dute.
Gogorra eta luzea izan da familiarentzat justizia eta erreparazioaren bidea. "Baina, ezina ekinez egina, bizirik mantendu da haren memoria eta are biziago iraungo du aurrerantzean". Izan ere, horren erakusgarri bere izena daraman plazatxoa. Herri-ekimena izan zena, iaztik, Bilboko kale-izendegiak ere jasotzen duena. "Erriberatarrok geure-geurea sentitzen dugu dagoeneko Yolandaren plazatxoa eta harro gaude oso".
Omenaldian zehar aipatu dutenez, plazatxo honetan Yolandaren ametsak "bizi-bizi dirau", plazatxo horrek "beti gogoraraziko digu errotiko aldaketa behar duela injustizian oinarritutako gizarte honek eta merezi duela horretan saiatzea, bizi garen artean. Isa saiatu zen bezala".
Isa La Troska-ri ere gorazarre
Atzoko ekitaldian Isa Rodriguez edo Isa La Troska, "beste borrokalari bat" ere omendu zuten. Isa Yolandaren txikitako laguna izan zen. Isak Yolanda en el país de lxs estudiantes dokumentala ekoitzi zuen, "Yolandaren memoria gordetzeko, duda barik, ekarpen paregabea. Eskerrik asko, Isa, zeuri ere", adierazi dute Euskalduna Zubia auzo elkarteak eta Bekoerri kultur elkarteak.