Josu Mirena Ezkurdiak 90 urte ditu eta Gernikako emakumeak bonbardaketan margotu berri ditu Deustuibarrako bere tailer txikian. Ez da edozelako koadroa, bi metroko luzera du eta metro eta erdiko zabalera. Euskal emakumearen aldeko adierazpena da. Akuarela teknika erabiliz, herri honetako andreen balioa goraipatu nahi izan du. Ezkurdiak euskaraz, gazteleraz eta frantsezeraz idatzita dagoen testuan, argi utzi du bere artelanaren bidez zeintzuk omendu nahi dituen: “Umezurtzak hartu eta beraien etxeetan zaindu eta hezi dituzten andrak, lur honekiko maitasuna erakutsi dutenak, fedea izaten irakatsi dutenak, etsaiari barkamena adierazi baina oroimena gorde dutenak eta umeak elikatu eta gure hizkuntza irakatsi dutenak”.
Emakumeak dira berarentzat Gernikako bonbardaketan benetan gertatutakoa dakiten bakarrak. “Euskal amek ulertuko dute kuadroaren mezua”, azpimarratu du.
Estilo inpresionista erabiliz, Gernika sutan ageri da koadroaren atzekaldean eta plano ezberdinetan jendea ihesian. Lanari buruz hitz egiten duenean barru-barrutik atera zaiola antzematen da. Gerra garaiko pasarteak ekartzen ditu gogora berehala. Zortzi neba-arreba zituela, Iparraldera alde egin behar izan zuten aitak heriotz zigorra jaso zuelako. Urte eta erdi eman du lana burutzeko, aurretik dokumentazio lan handia egin du eta orain, sinadura jartzea baino ez zaio falta. Azken 35 urteetan bezala, goizero joan da Olabeagako adarra kalean duen tailerrera.
Argi naturalarekin margotzea gustuko du Ezkurdiak. Orain margoak erosi egiten ditu, baina garai batean berak egiten zituen pazientzia handiarekin.
Txikitan hasi zen margotzen, Iparraldeko Garrüse herrian (Behe Nafarroa). Bizar Zurik ekarritako margo batzuekin ekin zion bere lehenengo artelanak egiteari. Gerra amaitutakoan, Areetako etxera itzuli ziren eta hango Martinez Taubmann eta Akarregi akuarelista ezagunekin ikasi zuen.
Euskal Akuarelisten Elkarteko kidea izan da, eta taldeak argitaratutako liburu batean Ezkurdiaren teknika goraipatzen dute: “Nortasun handiko artista da, maisutasunarekin egiten du lan efektuak erabiliz eta egiten duenari bizitza emanez”. Bere etxeko hormetan eskegita dauden koadroak horren lekuko dira. 30 inguru izango ditu egongelan, pasabidean, logeletan, sukaldean... Guztiak euskal irudiekin: paisaiak, pertsonak, arrantzaleak, baserritarrak, dantzariak, ama birjinak, bere emaztearen erretratoa... Ez du inoiz erakusketarik egin, koadro asko oparitu ditu eta bateren bat saldu.
Gai batetik bestera egiten du salto zehaztapen handiz. Data guztiak, izenak, abizenak eta herriak gogoratzen ditu. Gerra osteko garaiak eta transizioa ere oso presente ditu Ezkurdiak. Bere aitak Agirre lehendakariarekin zuen harremana, bere militantzia abertzalea frankismo garaian, Euskal Arte Museoa sortzen saiatu zirenean izandako eztabaidak...
Euskalduna ontziolako bulegoetako langilea izan zen, Ezkurdia eta orduko pasarteei buruz ere mintzatu zaigu: itxieraren arrazoiak, garai haietako egoera politikoa, Euskaldunako zuzendaritzakoen soldata extra ofizialak, langileen borroka... Aurrejubilazioak bere zaletasunari denbora gehiago eskaintzeko aukera eman dio.