Aratusteak 2017

Inauteri borobilak

prestaldizkaria 2017ko ots. 20a, 09:00

Argazkiak: Berbaizu / Deustuko Jai Batzordea / Arranopola

Aurtengoak inauteri borobilak izan dira Deustun, eta ez Aratusteen 40. urteurrenagatik bakarrik. Herritarren parte-hartze eta gogoagatik eta sortu den giro ederragatik baizik. Dena alde izan dute, eguraldia bera ere.

Desmuntajean harrapatu ditugu Jai Batzordeko lau lagun. Done Petriko frontoian eta parkean paratu dituzten (10m x 30m) karpa eta txosna jasotzen ari diren beharginekin batera. Joan den ostegunetik "lan eta lan" aritu dira Deustuko Jai Batzordeko kideak aurtengo inauteriak prestatzen. Eta balorazioa, "oso nekatuta" daudela aitortu arren, "oso ona" da. "Dena irten da ondo", diote astelehen goizean. "Jendearen erantzuna izugarria izan da, antolakuntzan berriz betikoak jardun dugu", diote apur bat kexu. 

Ostirala "potente" hasi zuten Elektrotxarangaren poteoarekin. Karpa "inoiz baino gehiago" betetzeraino.

Larunbata ere "arraskastatsua" izan zen. Umeentzako tailerrak, bazkaria frontoian baino "ikusgarriagoa" aurten parkean, Pantxo mariatxiaren kantaldi "sinestezina", bazkalostean parkera hurreratu zen jendea, plazako erromeria, gaueko kontzertua... lepo bete zen Done Petri, "karpa txiki geratu zen". 

Igandeko desfilean ere parte-hartze handia eta anitza izan zen. 22 talde elkartu ziren, Jai Batzordearen datuen arabera, "inoiz baino gehiago". Erosiak baino eskuz egindako mozorroak gailendu ziren sari banaketan: egunkari paperaz mozorroa prestatu zuen bikotea, euliak, hegaztiak... irudimen handia erakutsi zuten partaideek.

Deustuko tabernek ez zuten inauterietatik kanpo geratu nahi izan, eta mozorrotzea erabaki zuten. Guztira, zazpi bat taberna lehiatu ziren, eta denen artean ikusgarriena Botticcelli taberna izandatu zuten. 

 

Hurrengo hitzordua: Deustuko jaiak

Inauteriak bukatu dira. Deustuarrek hurrengo hitzordua Deustuko jaietan dute, hilabete barru. Izan ere, martxoaren 17an hasiko dira San Jose jaiak. "Ea jendea animatzen den antolatzen laguntzera", dio Jai Batzordeko kideek. 

 

Superheroiak San Inazion

Larunbatean ospatu zituzten auzoko inauteriak San Inazion. Eguraldia lagun, auzotar ugari elkartu ziren eguerdian Agirre lehendakariaren etorbidean mozorroen lehiaketan parte hartzera. Zalantzarik gabe, superheroiak izan ziren jaun eta jabe. Txiki zein handi, zahar zein berri. Ohi bezala, Goi-Herri taldeko kideek Lantzeko inauteriei gorazarre egin zieten desfilean zehar. Bazkaltzeko, indaba janerako, Levante plazan elkartu ziren auzotarrak eta ondoren arratsalde-gau partean jarduera ugari izan zituzten plazan, besteak beste, tailerrak, poteoa, sari banaketa eta DJ dantza saioa. 

 

Argazkiak: Berbaizu / Deustuko Jai Batzordea / Arranopola 

Argazkiak: San Inazioko Jai Batzordea / Ane Ortiz / Idoia Fernandez / ItsasoGa Ga