'Akabuko martxea'-rekin hasiko dute dokumental zikloa Berbaizuk eta Deustuko Gazte Asanbladak

Aitor Gisasolak eta Fredi Paiak zuzendutako dokumentala ikusteko eta zuzendariekin solasteko aukera izango da gaur Deustuko Gazte Lokalean. Euskaraz ekoizten diren dokumentalak ezagutzera ematea helburu, guztira, sei dokumental eskainiko dituzte otsailean eta martxoan. 

Berbaizu Euskara Elkarteak eta Deustuko Gazte Asanbladak (DGA) antolatutako dokumental zikloa abiatuko da gaur 19:00etan Deustuko Gazte Lokalean. Akabuko martxea (2016) dokumentalarekin. Aitor Gisasolak eta Fredi Paiak eginiko lanak Urbiatik Uribe Kostara transhumanteek neguan egiten zuten bidearen testigantza ematen du Mikel Etxezarreta eta Eli Arribillagaren bidez. Etxezarretak, hain zuzen, egin zuen azken bidaia 1982an, eta dokumentalean Zegamatik Algortaraino doan bidea bere artalderekin berriz zeharkatzen du, umetako oroitzapenak ekarriz. Aitor Gisasola zuzendaria emanaldian bertan egongo da, eta filmaren ostean berarekin solasteko aukera egongo da.

Martxoaren 1ean Oihana Bartraren txanda helduko da. Santutxuko bertsolariak Nire amaren hiria (2015) lana ekoitzi zuen EKT (Euskal Kulturaren Transmisioa) graduondo amaierarako. Bilboko kulturgintzaren erradiografia egin du bertan. Bartrak berak aurkeztuko du dokumentala eta bere lanaren gainean berari galdetzeko aukera izango da.

Martxoaren 7an Ziztadak (2012) ikusi ahalko da Mullerenean (Ramon y Cajal 42), desobedientzia zibilak Euskal Herrian egin duen ibilbidea hizpide du, eta 28an Gure kabuz ala hil (2015) Gazte Lokalean, alternatiba bila dabiltzan gazte talde baten testigantza jasotzen du.

Berbaizuk eta Deustuko Gazte Asanbladak antolatutako zikloak euskarazko dokumentalak hedatzea helburu dauka, izan ere, dokumental ugari ekoizten dira euskaraz baina oso hedapen gutxi daukate. Lau dokumental hauen ostean beste bi lan gehiago eskainiko dituzte, Bisaiak, jauziaren aurpegiak (Ibai Agirrebarrena) eta Amets Nagusia (Bilboko Konprtsak), baina oraindik datak finkatu barik daude. Zehaztu bezain laster jakinaraziko dituzte.