Noiz hasi zinen dantza egiten?
Txikitatik gustatu zait dantza egitea. Euskal dantzak dantzatu izan ditut txikitatik. Euskal dantzez gain beti gustukoak izan ditut bestelako dantzak, esaterako dantza orientala. Dantza adierazteko modu bat bezala bizi dut. Arte Ederrak ikasi nituen, baina zalantzan egon nintzen, Kirolaren Zientzietako gradua edo Arte Ederrak ikastea; azkena aukeratu nuen. Arte Ederrak amaituta, beka bati esker Madrilera joan nintzen, eta bertan dantza arloan askoz aukera gehiago dago, ate gehiago daude. Madrilen klase asko jaso nituen, eta konturatu nintzen nire adierazteko modua gorputza dela. Bertan nire formakuntza handitzen joan zen, dantzaz bizitzea oso zaila da, eta horregatik ikasi nuen Biomekanika, Anatomia, Pilates.
Kanpora joan zinen dantza ikastera?
Bai, ni dantza munduan hasi nintzenean bertan aukera gutxi zegoen. Hasierako formakuntza bertan hartzeko aukera zegoen, baina gero jarraitu nahi izanez gero atzerrira joan behar zinen. Ez nuen oso argi dantza munduan murgildu nahi nuenik, baina barnean oso prozesu sakona bizi nuen. Hausnarketa horretan dantzak asko lagundu dit.
2011n abiatu zenuen Eto-plastias proiektua, zertan datza?
Bi hitz biltzen ditu kontzeptuak. Eto eta plastias. Eto hitza etologiatik dator, animalien portaera ikertzen duen biologiaren adarra da. Animalien jokaera zientzialari askok aspalditik aztertu badute ere, zientzia berri gisa etologia 1960ko hamarkadan jaio zen. Animalien portaera, mugitzeko modua aztertzen du. Plastia berreraikitzea da, forma eta mugimenduak duten plastika da.
Beraz, gorputzaren mugimenduaren azterketa da.
Azterketa honekin dantza teknikatik urrundu nahi dut. Dantza teknika eta lengoaia ezberdinetatik urrundu. Dantzatzeko teknika beharrezkoa da, baina askotan pertsona askoren mugimenduan aurkitzen duzun mugimendua oso interesgarria izan daiteke. Zergatik beti teknika edo lengoaia bati lotuak egon behar gara? Mugimendua oso zabala da. Egunerokotasunean jendea nola mugitzen den behatu nahi dut. Teatro fisikoarekin zerikusi du.
Eguneroko mugimenduak dantza dira?
Bai. Jende askorentzat teknika beharrezkoa da. Baina kaletik ikus dezakezu pertsona bat ibiltzen, eta ibiltzeko duen modua berezia izan daiteke, dantza. Dantza moduan teknikan eta forma ederretan murgiltzen gara eta ez dugu behatzen egunerokoan dagoen mugimendua. Kaletik edo metroan aztertzen baduzu, behatzen baduzu mugimendu oso interesgarriak ikus ditzakezu.
Dantzan, formaren edertasunak eta dantzariaren gorputzaren edertasunak garrantzia handia dute?
Tira, dantza mota batzuetan ez horrenbeste. Baina zer da edertasuna? Nik, egia esan, beti bilatzen dut edertasuna, ez bakarrik edertasun estetikoa, bestelako edertasunak aztertu ahal dira. Momentu magikoetan egon daiteke edertasuna. Kontzeptu abstraktua da.
Ematen dizkiguten estereotipoak bestelakoak dira?
Dantza klasikoan agian bai, baina dantza garaikidean denetariko proposamenak daude. Batez ere bertan lantzen da bakoitza nola mugitu daitekeen eta nola adierazi dezakeen. Niretzako dantza espazio eta denbora konkretu batean zer adierazi dezakezun da. Dantzariak espazio eta denbora batean, emozio batekin, zer adierazi nahi duen.
Beraz, dantza garaikidean dena sar daiteke?
Galdera ona. Beste arte adierazpen batzuetan ere gertatzen da, esaterako pinturan. Askotan erakusketa bat ikustera goazenean pentsa dezakegu hau artea da, zer da artea? Betiko galdera, zer da artea eta nork jartzen ditu parametro horiek. Nork esan dezake hau artea da eta hau ez?
Kanpoan zeundela, dantza garaikideaz gain, beste teknika batzuk landu zenituen?
Bai, Madrilen dantza orientaletan sakondu nuen, batez ere sabel dantza. Txikitatik musika orientala gustatu zait, eta jakin-min hori neukan. Bertan ezin izan nuen ikasi eta Madrilen ikasi nuen. Dantza mota hau gorputzaren kontzientzia lantzeko oso lagungarria da. Barneko mugimendua da. Zure gorputza eta barneko espazioa lantzen da. Oso ezberdina da kanpoko espazioan mugitzea eta zure gorputza barneko espazioan. Oso barneko mugimenduak dira. Dantza latinoak ere egiten ditut, bikotearekin dantzatzea oso polita da.
Telebistan izan diren dantza saioek eragina izan dute jendea dantzara hurbiltzeko?
Egia esan, telebista saioek jendea dantza eskoletara hurbildu dute. Dantzatzea oso osasungarria da, jende guztiak dantzatu beharko luke. Dantzak oreka ematen dizu, burua eta gorputzaren artean. Gimnasioa baino askoz hobea da. Koordinazioa lantzen da, nola kontrolatu espazioa. Esaterako, jendez betetako taberna batean zaude eta ez dakizu nola kontrolatu espazio hori. Barneko sentimenduak kanalizatzen lagun dezake. Gainera fisikoki primeran mantentzen zara, muskulu guztiak lantzen dituzu.
Kanpoan egon ostean, Deustura bueltatuta, zer aurkitu duzu bertan?
Gogorra izan zen hasiera. Egoerak bultzatuta bueltatu nintzen. Bi urte kostatu zitzaidan berriro bertako erritmoa hartzea. Bueltatu eta jarraian hasi nintzen dantza klaseak jasotzen. Bertan dantza garaikidea gutxienekoa da, aurki ditzakezu klaseak, jende profesionala, eta talde nahasiak. Aipatzekoak dira La Fundición aretoak eskaintzen dituen ikastaroak.
Egun, Utopian erresidentzia bat egiten ari zara?
Orain antzerkia eta dantza uztartzen duen pieza sortzen ari naiz. Dantza eta antzerkia. Kabian antzerkia ikasten ari naiz. 24 ordu deituriko pieza prestatzen ari gara. Apirilean estreinatuko dugu.
Zer kontatzen du 24 ordu piezak?
Eguneroko bizitzako mugimenduekin zerikusia du. Gizakiaren eguneroko portaerak behatu eta nola errepikatzen diren. Nahiz eta errepikatu inoiz ez dira berdinak, aldatzen doaz. Mugimendu espiral unibertsalen inguruan hausnartzen dugu.
Dantza irakaslea ere bazara?
Bai, dantza orientala eta pilates klaseak ematen ditut. Batez ere azken hau. Batez ere jendeak dantza modernoa eta dantza latinoak dantzatzen ditu. Dantza sozialagoak direlako. Jendea ezagutzeko aukera duzu eta dantzatzera atera zaitezke, dantza sozialak dira. Dantza garaikidea eta orientala ez dira batere soziala.
Dantza sozialek beraz arrakasta gehiago dute?
Bai. Eskoletan oso nabaria da. Dantza latinoetan edo Karibeko dantzetan jende asko ibiltzen da dantzatzen. Jendeak ondo pasatu nahi du eta ez du pentsatu nahi, horregatik dute horrenbeste arrakasta. Garaikidean ere ondo pasa dezakezu, baina beste forma bat du. Beste lan bat eskatzen du, gehiago barneratu behar duzu.
Euskal dantzetan hasi zinen. Euskal dantzak dantzari askorentzako eskola izan dira?
Bai, dantzari askok bertan euskal dantzetan hasi dira eta gero dantza garaikidera egin dute salto. Ni ikastolan hasi nintzen euskal dantzetan, eta utzi nituen kanpora joan nintzenean. Atzerrian beste mundu bat zabaldu zitzaidan. Orduan ezagutzen duzuna albo batera utzi eta jakin-minarekin beste dantza batzuk ikasten hasten zara. Gaur egun oraindik erromeria batean dantzatzea gustatzen zait.
Dantzariaren bizitza laburra da?
Dantza klasikoan, egia da, laburra dela. Teknika eta egoera fisiko ona izan behar duzu. Beste kirol batzuetan bezala, baina dantza garaikidean ez da horrela izan behar. Moldatu egiten zara zure egoerara.
Dantzak diziplina gogorra eskatzen du?
Bai, handia. Oso konstantea izan behar zara. Lan asko egin behar duzu, egunerokoa da.
Hezkuntzako curriculumean dantza egon beharko litzateke?
Nire ustez dantza, musika eta plastika, oso garrantzitsua da. Lantzen diren gauzak inportanteak dira, sentsibilitatea, entzumena, mugimendua… hauek ez dira beste ikasgaietan ikasten eta behar beharrezkoak dira. Gabezia handia dago hezkuntzan.