Berbalagunen kezkak eta erronkak

prestaldizkaria 2017ko mar. 1a, 08:20

Berbalagun taldeetan bildu ohi dira euskara ikasleak mintzapraktika egiteko klasetik kanpo, lagunarteko giroan, patxadaz. Euskaraz bizitzeko bidean aurkitu dituzten zailtasunak eta laguntasunak konpartitu dituzte PREST!-eko lantaldearekin.

Josefinak sei bat urte daramatza Deustualdeko berbalagun talde batean astean behin mintzapraktika egiten. Asteazken arratsaldetako Bidarte udaltegiko hitzordua berarentzat “euskaraz hitz egiteko bide bat da, bide berezi bat”. Esther, Jaione eta Jabirekin batera taldekide beteranoen artean dagoen arren, gogorik ez du galdu. “Behin ere ez gara aspertu”, dio.

Aukera duen guztiarekin hitz egiten du euskaraz bere egunerokoan Josefinak. “Auzokideekin, dendariekin...”, baita ezezagunekin ere. Metroan, esaterako, gurasoak seme-alabekin hitz egiten entzuten dituenean, “zerbait” esaten die. Euskara batua beharrean beste euskalki bat erabiltzen dutenekin komunikatzea “zailagoa bada ere”, ez dio ardura. Edozeinekin ulertzeko prest dago.

Izan ere, berbalagunen berezitasuna da euskaraz hitz egiteko duten gogoa. Gogo bizia. Etxean, lagunartean edota lanean ez duten aukera ematen die Berbalagun egitasmoak. Deustualdean, Bilbon oraindik euskara “gutxi” erabiltzen delako eta “euskara gutxi entzuten delako”. Bai, geroz eta gehiago entzuten da, batik bat adin txikikoak tartean daudenean, baina gero eta gutxiago adinean gora egin ahala Josefina, Esther, Jaione eta Jabiren esanetan.

Horregatik beharrezkoak dira berbalagun taldeak, ikasle askorentzat “irlak” edota “mikromunduak” direlako. Deustualdean, urteak dira Berbaizu euskara elkarteak jendea harremanetan jarri, mintzapraktika egiteko taldeak sortu eta koordinatzen dituela.

Lorena da kide berrienetako bat asteazkeneko taldean. Euskaltegian “hizkuntza perfilak ateratzeko” ikasten ari da. Klasean ez dute denbora askorik mintzapraktika egiteko eta, hori dela eta, egin du bat taldearekin. Gainerako kideek euskara maila txikiagoa duten arren, gustura dago, ez du beste talde batera alde egin nahi.

Besteen aurrean hitz egiteko lotsa galdu du jada Lorenak. Lotsa “aspaldian” galdu zutela diote barre artean denek. Hori da lehen pausoa. Hitz egiteko jarioa, aldiz, “hori beste gauza bat da”. Horretan ari dira, hitz eta pitz, jario bila.

Adi-adi entzuten egoten da Patxi, taldeko bidelaguna. Bera da dinamizatzailea. Esperientzia polita eta beharrezkoa dela dio euskalduntzen ari direnei laguntzea. Irakaslea da Patxi lanbidez, eta askotan amorratzen da ikastetxean ikasleak gaztelaniaz entzuten dituenean. “Berbalagunengana natorrenean konturatzen naiz badirela euskaraz egiteko aukera gutxi duten pertsonak, oso anitzak direnak. Nahi dutelako egiten dute eta gogotsu egiten dute, gainera”.

Euskara ikasleek zer falta duten galdetuta, ez dute gauza asko aipatu hasieran. Jaione hasi da bere ilobekin duen harremana azaltzen. Berak euskaraz egiten die ilobei, eta ilobek ulertzen ez diotenean, “amama, habla en castellano”, esaten diote. Ez du gustuko hori. Ikasten eta ahalegintzen den pertsona batekin pazientzia behar baita. Pazientzia handia. Bere seme-alabek ere eten egiten dute hitz egiten duenean. “Hori txarto dago”, esaten diote. Jaionek hori ere ez du gustuko. “‘Txarto dago’ beharrean, zelan esaten den esan behar didate”.

Ez da atsegina berbalagunentzat hizketaldiak etengabe moztea, akatsen bat egiten duten aldiro. Horregatik Patxik taldekide bakoitzaren txanda errespetatzen ahalegintzen da eta, amaieran, akats handienak zuzentzen dizkie. “Baina hau ez da euskaltegia, eta horregatik zeharka azaltzen saiatzen naiz zein den modu zuzena”.

Josefina ere animatu da zerbait gaineratzen. “Euskaldun direnek ikasleoi euskaraz egin behar digute”, dio argiro. Dendari euskaldun bat erderaz hizketan hasi zitzaion Josefinari euskara ikaslea zela ohartu zenean. Ez du ahaztu oraindik. Ziur dago dendariaren jarrerak lagundu baino kalte egiten diela euskaraz bizi nahi dutenei.

Ostiraletan 20:00etan

Bada beste talde bat ostiral gauean elkartzen dena Okey tabernan. Edurne bidelagunaren taldea da. Orain arte Leire, Karlos, Maria Jesus eta Izaskunek osatzen zuten boskotera Nekane eta Olga batu dira berriki. Ordu eta erdi ematen dute hizketan “albisteei buruz edota norberaren bizitzari buruz”. Karlosen arabera, “arin” pasatzen da denbora, eta esperientzia “dibertigarria” da.

Taldeko hiru kidek ahozko euskara hobetzea dute helburu, “lanerako behar” dutelako. Nekane, esaterako, 2. hizkuntza eskakizuna eskuratzeko azterketa prestatzen ari da. Astean hiru aldiz joaten da euskaltegira eta astean behin berlagun taldearekin duen hitzordura. Gustuko du berbalagunaren metodoa. “Ona da mintzapraktika egiteko inguru informalean egiten delako”. Etxekoekin eta lagunekin ezin du hori egin ez baitakite euskaraz.

Karlosek lankideekin euskara erabiltzeko aukera izan badu. Baina ez da ausartzen. “Beldur” da. “Pentsatzen dut ez dakidala nahikoa eurekin hitz egiteko maila handiagoa dutelako. Asko kostatzen zait”. Konfiantza falta zaiola aitortzen du. Berbalagun taldean, berriz, denek antzeko maila dutenez, ez du arazorik.

Izaskunen lagunek jakin badakiten arren ez dute euskaraz hitz egiten kuadrillan. Ez dute ohiturarik. Hortaz, oso zaila da, ia ezinezkoa, Izaskunentzat hizkuntza aldatzea lagunekin duen harremanean. Horregatik parte hartzen du berbalagunean.

Izan ere, elementu komun asko dauzkaten arren, nork bere esperientzia du euskararen bidean. Hamaika lagun hamaika begirada.

Ikasten ari diren horiei bidea egiten laguntzeko aholkuak ematen ditu Edurnek, entzun nahi duenarentzat: “Utzi azaltzen lasaitasunez. Zuzenketak beharrezkoak baldin badira egin, baina amaieran. Ez moztu, utzi bukatzen hizketaldi jarraia izan dadin. Eta berbalaguna urduritzen bada laguntzen saiatzeko ez hizkuntza aldatu. Hori ez da benetako laguntza. Laguntzea pazientziaz entzutea da”.

 

Astelehenerokoak

Begoña, Kepa eta Ana astelehenero biltzen dira Madariaga kaleko taberna batean, Kristina, eta bidelaguna den Jonekin batera. Bazkalosteko kafea hartzen duten bitartean, aditzak deklinatzen eta euskarazko baldintzak erabiltzen ikasten dute, dena Jonen laguntzarekin.

Lan egiteari utzi zionetik, Begoñari esperientzia ezberdinak bizitzeko eta hizkuntza berriak ikasteko grina sortu zitzaion. Berak, Berbalagun dinamika irratiari esker ezagutu zuen, eta ezagutu bezain laster izena ematera animatu zen. Hiruzpalau urte pasa dira ordutik, eta ez da batere damutzen. Kepa berriz Francoren garaian hasi zen euskara ikasten. Zerbitzu militarra Huescan egin arren, egunean bi ordu ematen zituen euskarazko testuak irakurtzen beste kide batekin batera. Hori bai, den dena ezkutuan egin behar zuten, garai “latzak” baitziren. Berbalagun kidea izateaz gain, Kepak, euskara klaseak jasotzen ditu astean birritan, beste 12 klasekiderekin batera Bilbo zaharreko AEK-ko euskaltegian, eta ikasten duen guzti-guztia asteleheneko kideekin komentatzeko ohitura dauka, denek ikas dezaten. Anarena, Begoñaren antzeko egoera da, berak aspaldi ikasi zuen euskaraz, baina lanean euskara maila txikia eskatzen ziotenez inoiz ez dio gaur egungo garrantzia eman euskaraz komunikatzen jakiteari.

Asteleheneko zitaz gain, nork bere kasa, aukera gehiago bilatzen ditu ikasitako guztia patxadaz praktikatu ahal izateko. Anak, adibidez, etxean seme-alabekin euskaraz hitz egiteko aukera dauka, eta Deustuko anbulategira ordua eskatzera doanean euskaraz hitz egiten du. Begoñak berriz etxean euskaraz irrati eta telebista entzuten ditu. Eta Kepa berbalagun kideekin duen hitzorduaren ostean, Deustuko udaltegira hurbiltzen da Berbaizuko kantugintza taldearekin, euskaraz komunikatzen den bitartean “eztarria berotzera”.

Astelehenetako hitzorduak labur egin arren, pozik eta gustura daude taldean. Kepa ez bezala, Anak eta Begoñak ez dituzte euskarazko klaseak jaso nahi, batez ere Berbalagun dinamikak askatasun guztia bermatzen dielako nahi dutena eta nahi duten moduan ikasteko eta praktikatu ahal izateko, haien ustetan hori baita benetan balio duena, dakitena dakiten moduan praktikatu ahal izatea, inork behartu gabe.

Euskaraz bizitzeko apostu honetan, hirukoteak zailtasun handiak ikusten ditu Deustun eta Bilbon batez ere. Hitz egiten duen baino “askoz jende gehiagok” badaki euskaraz hitz egiten dio Anak. “Euskaraz hitz egiteko erraztasuna daukatenek hitz egiten ez badute, besteok zer”, galdetzen du. Gazteen artean euskara nagu- sitzen dela dio Kepak, Begoñak arrazoia eman eta umeak ikastolara eramaten dituzten gurasoak ere euskaraz mintzatzen direla gehitu du.

Dinamikari esker asko ikasten dutela baieztatu dute hirurek. Taldean asko izateak ere laguntzen die bata bestearengandik zeozer ikasi ahal izateko. Eta euskaraz bizitzeko ahalegin handiak txikiagoa dirudi denak elkarlanean aritzen direnean.

 

berbaizu@euskalnet.net

berbalaguna@aek.eus

 

Testua eta argazkiak: Nerea Cubillo - Lur Mallea