Dispertsioaren aurkako sinadura-bilketari ekingo diote Deustun

prestaldizkaria 2017ko mar. 2a, 11:15

Sare herri dinamikako lantaldeak #SinatzenDut ekimena jarriko du abian epe laburrean Deustualdean. “Pertsona ezberdinak” elkartu nahi ditu helburu bateratu batekin: “dispertsioari amaiera ematea”. 

Horretarako Deustuko auzokideen sinadurak biltzeari ekingo dio Sareko lantaldeak. Hain zuzen ere, “presoen oinarrizko eskubideen urraketa eta hauen senide eta lagunei inposatzen zaien zigor erantsia” salatzen dutela adieraziko dute agiria sinatzen dutenek. Ideologia eta jatorri ezberdinetako herritarrak dira langintza honetara batu direnak. “Giza Eskubideetan, Konponbidean eta Bakean sustraitutako etorkizuna eraikitzea guztion artean” dute erronka. Horretarako, dispertsioarekin bukatzeari “presazkoa eta ezinbestekoa” deritzote.

Hori dela eta, argiro azaltzen dute sinatzeko agirian: “Nik ere eskatzen dut Deustuko Jon Mirena San Pedro eta Juan Carlos Iglesias presoen berehalako trasladoa Euskal Herriko espetxeetara. Biek dauzkate adin txikiko seme-alabak eta adineko senideak. Hauek ere ehunka eta milaka kilometro egitera derrigortuta daude hainbeste maite dituztenak ikusi ahal izateko. Dimentsio handiko bidaiak egiten dituzte, zailtasunez eta horrek dakarren guztiarekin: gastu ekonomiko itzela eta osasun fisikoa nahiz psikologikoa eta bizitza bera ere arriskuan jartzea”.

Larunbatean, hilak 4, sinatzeko mahaia paratuko dute 12:30etik aurrera Deustuko Merkatuan. 

@DeustuSare

sare.eus