Loraldia 2017

Pabilioi 6ko Gazte Konpainiak 'Lorca, Dalí, Buñuel. Aborigenak' antzezlana aurkeztu du

uriola.eus 2017ko mar. 6a, 15:40

'Lorca, Dalí, Buñuel. Aborigenak'

Ostiraletik igandera "surrealismoa azken mugaraino" eraman zuten artisten lan poetiko eta dramatikoaren collagea den antzezlana euskaraz ikusteko aukera izango da Pabilioi 6ko egoitzan, Loraldia jaialdiaren barruan.

Pabilioi 6n iaz sortutako Gazte Konpainiaren lana da Lorca, Dalí, Buñuel. Aborigenak eta euskarazko bertsioa Loraldiarekin elkarlanean plazaratuko dute. Antzezlanak Madrileko ikasle egoitza batean ezagutu ziren Lorca, Dali eta Buñuel gazteen bizitza azaltzen du, urte batzuk beranduago "munduko artearen irudikaria" sortu zutenak. Gazte Konpainiako kideen arabera, "surrealismoa azken mugaraino" eraman zuten artisten lan poetiko eta dramatikoaren collage bat da antzezlana.

Loraldia jaialdiko ordezkariek azaldu duenez, Gazte Konpainia Euskal Herrian proiektu "aintzindaria" da, arte eszenikoetan hezitako gazteei irteera profesionala eman nahi diena. Oholtzan, sei gaztek emango diete bizia pertsonaiei: Ainara Aristegui, Maria Cerezuela, Unai Elizalde, Eneritz Garcia, Kepa Garcia, Josh Ortiz de Zarate, Nahikari Rodriguez, Daniel Solaguren eta Yeray Vazquezek. Felipe Lozak zuzendu du Patxo Telleriak euskarara moldatutako lana. Musika zuzendaritza Iñaki Maururik egin du eta koreografiak Rafael Eizagirrek.

Gaur egin dute lanaren aurkezpena eta asteburuan estreinatuko dute Pabilioi 6ko egoitzan (Deustuko Erribera kalea 47). Ostiralean eta larunbatean, martxoak 10 eta 11, arratsaldeko 20:00etan hasiko dira saioak, eta igandean 19:00etan. Martxoaren 17tik aurrera areto berdinean gaztelaniazko bertsioa izango da ikusgai.