Deustuarrak protagonista dituen bideoklipa aurkeztu du auzoko Herriko Tabernak

uriola.eus 2017ko mar. 20a, 11:46

Auzoko jaiekin batera, Deustuko Herriko Tabernak bere 30. urteurreneko abestiaren bideoklipa aurkeztu du. Horretan, deustuarrak ikus daitezke kantuan eta dantzan, azken 30 urtetan Herriko Tabernak emandako momentu on guztiak gogoan dituztela. 

Ieltxu Gimenez, Ibon Urrutia, Ane Martinez, Mikel Alvarez, Asier Cobos, Markel Baroja eta Mikel del Barrio deustuar gazteek jarri diote letra eta soinua urteurreneko abestiari eta Markel eta Jose izan dira bideoklipa zuzendu, grabatu eta editatu dutenak. Denei eskerrak eman dizkiete Herriko Tabernaren sare sozialetatik.

Maiatzaren 2tik 6ra ospatuko dute urteurrena eta bost egunez egitarau zabala eskainiko dute: umeentzako ekintzak, kontzertu akustikoa, hitzaldia, bazkaria… baina hau ez da dena, data borobila izanik, kurtso osoan zehar hainbat izan baitira antolatu dituzten ekintzak: mahai inguruak, hitzaldiak, bertso saioak…

Ospakizunak aurrera darrai eta dagoeneko badute giroa alaituko duen abestia.