Deustuibarrako sarreran dauden hesiak aldatzeko konpromisoa hartu du Udalak

prestaldizkaria 2017ko mar. 22a, 12:21
Frank Gehry zubiaren inaugurazioa, 2015eko iraila

Bilboko Udalari esku hartzeko exijitu diote Deustuibarrako bizilagunek, batik bat, auzorako sarbide bakarraren inguruan segurtasuna areagotzeko. Gaur elkarretaratzea egingo dute IMQ klinikako zabalgunean, asteburuan auzokide batek jasandako eraso bortitzaren ondoren. 

Segurtasun faltari erantzuteko "Udaltzaingoaren presentzia handitzeko" eta "konflikto gunetzat" duten Deustuibarrako sarrerarako "konponbidea" eskatu diote auzotarrek Udalari. Horrela adierazi zioten Euskalduna Zubia auzo elkarteko zenbait ordezkarik Juan Mari Aburto Bilboko alkateari eta Asier Abaunza zinegotziari atzo izandako bileran.

Udalak konpromisoa hartu du Deustuibarrako sarreran dauden hesiak aldatzeko. Izan ere, bidearen bi aldeetara dauden hesiek eta bidearen bihurguneek ikuspena asko murrizten dute inguruan. Hortaz, Udalak beste mota bateko hesiak paratuko ditu, ikuspena ahalbidetzeko. 

Deustuibarran eta Zorrotzaurren pabiloi ugari eraisteari ekin diote, guztira, 30 bat botako dituzte aurten. 17 lehen sehilekoan eta 13 bigarrenean. Eraisketa-lanak hesitu egingo dituzte eta, Udalaren konpromisoa betetzen bada, ikuspena mugatzen ez duten hesiekin. 

 

Sarbide arriskutsua

Frank Gehry zubian erasotu zuten 55 urteko auzotarra joan den asteburuan hainbat lagunek, Deustuibarrako sarbide bakarrean. Makila batekin kolpatu zuten, ostikadak eman zizkioten eta telefono mugikorra eta kartera lapurtu zizkioten. 

Auzotarren arabera, Frank Gehry zubiaren eta Deustuko Arraun Taldeko egoitzaren arteko gunea "arriskutsua" da, "gune beltza", batik bat gauez. Alde batera eta bestera pabiloiak eraitsi dira, eta hesiz inguratuta dago egun bidea. Bideak, gainera, bihurguneak dituenez, ikuspena eskasa da. Gune "itsuak" sortzen dira.  

 

Elkarretaratzea

Gaur, asteazkena, 19:30ean elkarrateratzea egingo dute Deustuibarrako auzotarrek Euskalduna Zubia auzo elkarteak deituta IMQ klinikako zabalgunean.