Hiru jai egun bete aurretik

uriola.eus 2017ko mar. 24a, 09:21

Atzoko bertso saioa Done Petri parkean - Arg: Deustuko Jai Batzordea

Bertsozalez eta bertsolariz bete zen atzokoan Done Petri parkea, Deustuko jai gune berria. Oholtzara igo ziren Deustuko bertsolariak eta Euskal Herri osoko punta-puntakoak. Ale bikainak utzi zituzten ehunka entzuleren gozamenerako. Gaurtik igandera gozamenerako beste hamaikatxo aukera izango da Deustuko jai herrikoetan. 

Deustuko Kantugintza taldearen Kantujira eta Ttek! elektrotxarangak alaituko dituzte kaleak gaur, ostirala. 'Sonbrérü gaua' dela eta, kapelak eta txanoak izango dira nagusi kontzertuz jositako gauean. Deustu Bizirik merkatarien elkarteak hainbat kontzertu antolatu ditu taberna desberdinetan, Berbaizu elkarteak Mikel Uraken bakarlariaren emanaldia Mullerenean, eta txosnagunean ere kontzertuak egongo dira 22:00etatik aurrera: Moises no duerme y los nctmbls, Iseo & Dodosound eta DJ Reimy.

Berrikuntzen artean, ostiraletik igandera arte Botikazarrean egongo diren food truckak ditugu, "janari goxoa eta aukera zabala" eskainiko duten hamar bat janari kamioi, hain zuzen ere.

Larunbata oraindik ere indartsuagoa izango da Deustun. Goizean gaiteroak, artisautza azoka, merkatu solidarioa, erraldoien topaketa eta haurrentzako jolasak izango dira Done Petri enparantzan. Eguerdirako euskal dantzak, Aitzol Atutxa aizkolariaren erakusketa eta Tomate Nagusia txapelketa gastronomikoa antolatu dituzte. Goizez eta arratsaldez, Deusto Bizirik merkatarien elkarteak Ligoteo osasuntsu baten alde informazio gunea jarriko du.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat Zona Especial Norte (ZEN) musika jaialdiaren berpizkundea da. 16:00etatik 22:00etara bitartean zortzi musika talde pasatuko dira Done Petri parkeko oholtzatik. 18:00etatik aurrera umeentzako futbito txapelketa eta playbacka, Deustuko Fanfarrea eta 20:30ean Gazte Lokalean Los Cosmeticos eta Diana Lagarto musika taldeak izango dira. 20:00etan Botikazar parkean suzko zezena aterako da berriz ere.

Larunbateko gauari amaiera emateko 21:30ean kuadrillen eta konpartsen playback lehiaketa egingo dute txosnagunean, eta amaitzean DJ Pintxe Pendejak alaituko du giroa bere musikaz.

Hurrengo goizean ume korrikalari eta txirrindulariek beteko dute Botikazarreko parkea. Ciclos Deustoren eskutik Duatloi Txikia egingo dute 10:00etan. Jarraian Done Petrin gaiteroak, artisautza azoka eta haurrentzako jolasak berriz ere, eta 12:30ean DJ Xaiborrek umeentzako diskofesta egingo du.

Eguerdian ibilgailu klasikoen V. kontzentrazioa eta tortilla txapelketa egongo dira, eta jaiei amaiera emateko Aldats taldearen kontzertua, tomatearen erreketa eta kuadrilla eta konpartsen arteko txapelketaren sari banaketak prestatu dituzte Jai Batzordeko kideek.

 

Eskuratu hemen egitaraua osotasunean.

 

[2017-02-28] ZENetik Front Offera

[2017-03-07] Done Petri parkean ere jai gunea izango da aurten

[2017-03-17] Gaur hasi eta bi astez Deustu jai giroan murgilduko da