'25 urte eta haZSten' jarraitzeko jai handia antolatu du larunbatean Berbaizu elkarteak

prestaldizkaria 2017ko mar. 31a, 07:30

Berbaizu euskara elkarteko Jon Intxaurraga eta Nerea Cubillo

Deustuari Euskara Dariola egitasmoaren sorreraren mende laurdena ospatuko dute Deustuan apirilaren 1ean. 2000. urtean hartu zion egitasmo horri lekukoa Berbaizu euskara elkarteak. Egun osoko egitaraua prestatu dute belaunaldi guztietako berbaizukide, dariolakide eta euskaltzaleak biltzeko asmoz, 25 urte eta haZSten lelopean. 

Apirilaren 1eko ospakizunak Berbaizu elkartean izan diren eta diren kideak elkar ezagutzea, esperientziak trukatzea eta, batez ere, eginiko ibilbidea ospatzea helburu du. Horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte eguerditik aurrera Deustuan zehar.

Lehen hitzordua 12:00etan izango da Bidarte Udaltegian. Bertan, bazkide-batzarra egingo dute. Batzarrean elkartearen egoera orokorra eta proiektu berriak aurkeztuko dira eta, bukaeran, Janire Soldevillak eginiko dokumentala estreinakoz eskainiko dute. Dokumentalak Dariola eta Berbaizuren historia laburbiltzen du, lekukoek kontatua. Bazkide-batzarra bukatu ostean, "euskaltzaleon argazki erraldoia" egingo dute Bidarte aurrean, "orain dela bost urte egin genuen argazkia eguneratuz", diote Berbaizuko kideek. Hitzordura Deustualdeko "euskaltzale guztiok bertan agertzea nahi dugu". 

Done Petrira mugituko dira 13:30ean, umeentzako tailerretan parte hartzera. Txantxikuko begiraleak eta Asier Urkijo izango dira tailerren arduradun eta, besteak beste, kamisetak diseinatzen ikasteko aukera izango da.

Bien bitartean, herri-bazkaria muntatzen ibiliko dira sukaldariak 14:30ean dena prest egon dadin. Orduan bazkaltzen hasteko. Umeek doan bazkalduko dute, gazteek eta langabetuek 8€tan eta besteek 15€tan. Tiketak salgai daude dagoeneko Berbaizuko lokalean (Ramon y Cajal 42, behea).

Bazkalostea Elorriko bertsolarien bertsoek eta Kantagintza taldearen kantek girotuko dute. Eguraldi txarra iragarriko balute, Done Petriko jarduerak Ibarrekolandako institutuak daukan patiora eroango dituzte.

Arrastia musikaz beterik etorriko da. 18:30ean Laize MC eta El Aprendizen rapa izango da Mullerenean. Horren ostean, Orbelak rock taldeak joko du 19:30ean Berriz parkerako bidean eta, egunari amaiera emateko, parrandan joango dira Gazte Lokalera. Txoriak Negutegiak taldeak eta DJek girotuko dute gaua.  

Gaur, hilak 31, Giltxikaro konpainiak Adarretatik zintzilik antzeztuko du Mullerenean 20:30ean. 


[2017-03-29] Berbaizu: “Garai zailagoetan ere euskara elkarteak elkargune eta arnasgune izan dira” 

 

Berbaizu euskara elkartea

Ramon y Cajal 42, behea

94 447 10 42

berbaizu@euskalnet.net   

 

Duela bost urte egindako Berbaizu euskara elkarteko kideen argazkia

Apirilaren 1eko kartela eta egitaraua