Nerea Cubillo Urkizu (Deustua, 1997) eta Jon Intxaurraga (Bilbo, 1989) Berbaizu euskara elkarteko kideak dira. Nerea Txantxiku aisialdi taldeko kide da eta Jon elkartearen koordinatzaile.
Mende laurdena, ez da gutxi euskara elkartze batentzat.
Jon: Berbaizu berez 2000. urtean sortu zen, baina 25 urte pasa dira Deustuari Euskara Dariola sortu zenetik, gure aurrekaria dena, eta biak ospatzen ari gara aldi berean, gure ustez bata bestearen segida delako.
Noiz sortu zen Deustuari Euskara Dariola, bada?
Nerea: 1990an hainbat esparru eta mugimendutatik (Gazte Mugimendua, Eliza ingurukoa, EHE eta abar…) zetorren jende-multzo batek sortu zuen. Hamar urte egon ziren, Berbaizuk lekukoa hartu arte. Lantaldeka aritzen ziren (Kulturgintza, Salaketa...) eta aipagarriak dira adibidez eta hau zergatik ez euskaraz? salaketa kanpaina, kirol ikastaro andana, lehen liberazioak edota HitzaHartu aldizkaria haren inguruan sortu izana, Prest!-en aurrekari dena. Nabarmena da ere Deustu Ikastolako DBH3 eta DBH4ko belaunaldi bat euskalgintzari lotu zitzaiola. Hasiberriak zirela kontuan hartu behar dugu.
Jon: Bai, kuriosoa da Dariolak bultzatu zituen proiektu asko errepikatu direla denboran zehar, Kulturgintza edo Auzogintza adibidez. Egiturari dagokionez, gaur ere (lan)taldeka funtzionatzen dugu eta, zelan ez, sentsibilizaziorako materiala eta salaketa kanpainak egiten jarraitzen dugu. Esan dezakegu Dariolak euskara elkarte baten oinarri finkoak jarri zituela Deustualdean, estetika eta mezu berri batzuekin, aurrerantzean Berbaizuk aprobetxatu eta eguneratu dituenak. Izan ere, Dariolako 40 lagunek ia ikasturteko gogoeta egin ostean Berbaizu izango zena sortzeko ibilbide-orria finkatu zuten, betiere euskara ardatz izanik. Bada, garai zailagoetan ere, Dariola eta Berbaizu euskaldunon elkargune eta arnasgune izan da, euskarak elkartzen gaitu lelo hura egia bihurtuz.
Eta ondo aprobetxatu ere.
Nerea: Lehenik eta behin, Ramon y Cajaleko lokala erosteko. Auzolan bati esker egin genuen, eta horri esker deustuar guztiek gaur badakite Berbaizu non dagoen, eta euskarak badauka erreferentzia deustuar bat. Era berean, gaur antolatzen ditugun zikloak (Bidaia Kontaketa, Gazte jardunaldiak…) eta txokoak (Kantagintza, Gometxa, Berbalagunak, Irakurleen Txokoa) ere erreferentzia bihurtu dira, ez bakarrik Deustuan; baizik eta Bilbon ere. Adibidez, erreferentziazko hamarna idazle pasa dira Irakurleen Txokotik eta apirilaren 5ean Kirmen Uriberen bisita izango dugu berriz.
Nerea: Literaturarekin lotuta, mikroipuin lehiaketa ere erreferentziazkoa da. Deustualdeko ikastetxeekin Euskararen Unibertsoaren barruan antolatzen dugun lehiaketetako bat, non ehunka ikasleek parte hartzen duten eta euren mikroipuinak bildu eta liburuxka ateratzen dugu.
Jon: Ez genuke aipatu barik utzi nahi egun 40 saltokik daukatela “hemen berbaizu hemen euskaraz” dioen pegata eskegita; Iparraldera egin ditugun bidaiak, Deustualdeko hainbat eragilerekin ditugun hitzarmenak eta elkarlanak (Ekuador Etxea), egindako mintegiak edo Berbaizuk ahalbidetu dituen Txantxiku, Elorri Bertso-Eskola edota aldizkari hau.
Aurrera begira zer proiektu duzue esku artean?
Nerea: Gure ohiko jarduerei eusteaz gain, jaio berri den OZEN gazte taldea, Bilboko Udalarekin daukagun Deustualdeko Ikastetxeak Arnasgune Bihurtuz proiektua; ikasleek euskara gehiago eta gehiagotan erabiltzea helburu duena, Mullerenea duindu eta proiektua egonkortu, Uriola agerkari digitalaren bazkidetza kanpaina, formazioa, aktibazioa eta kontzientziazioa ere landu nahi dugu eta Aguraingo, Egiako edota Hernaniko esperientzien ildotik 72 ordu euskaraz ekimena aurrera eroatea dira buruan ditugun proiektuak.
Apirilaren 1ean zuen urteurrena ospatzeko asmoa duzue. Zer antolatuko duzue?
Nerea: Egun osoko egitaraua prestatzen ari gara, adin guztiak kontuan hartuko dituena. Eguerdian bazkideen batzarra arin bat egingo dugu Bidarten non Janire Soldevillak eginiko dokumentala aurkeztuko dugu. Horren ostean, 12:45ean inguru, Berbaizu eta Dariola (izan) garenok bildu eta, orain dela bost urte bezala, argazki erraldoia egingo dugu Bidarte aurrean. Segidan Done Petrira hurreratu eta kamisetak egiteko tailerrarekin batera; zeina Aitor Urkijok emango duen, umeentzako jolasak antolatuko ditugu Txantxikukook 14:30ak arte, orduan bazkaria hasiko da eta bazkalostea bertsoz eta kantaz girotuko dute Elorriko bertsolariek eta Kantagintzako taldekideek. Arrastian bi kontzertu antolatuko ditugu: 18:30ean Laize MC eta El Aprendiz Mullerenean eta 19:30ean Crossover Izeki taberna parean. Bukatzeko, 21:00etan Gazte Lokalera joango gara parrandan, Txoriak Negutegianek eta DJ Txoteok girotua. Kristoren egun polita izango da!
Jon: Gure helburua da apirilaren 1ean Berbaizu eta Dariola (izan) garen guztiok biltzea (bazkideak, berbalagunak, txokokoak, txantxikuak eta txantxi-gurasoak, langileak eta langile-ohiak, Prest!-eko erredakziokoak, lantaldeetan ibilitakoak…), elkar ezagutzea, esperientziak trukatzea eta gure ibilbidea ospatzea. Jende pilo bat gara eta ondo legoke batzea eta elkarrekin ospatzea.
Jende asko zaretela diozue baina zuen oinarria zabaldu nahian zabiltzatebazkidetza kanpainarekin.
Nerea: 25 urte bete ditugula aprobetxatu nahi dugu berbaizukide berriak izateko, haZSten jarraitzeko eta bazkidetza kanpaina abiatu dugu. Gure helburua da bazkide bakoitzak bazkide berri bat egitea, gure inguruan jende asko dagoelako bazkide ez dena. Gauzak ondo badoaz, 500 bazkideren langa gaindituko dugu (barreak).
Jon: Egun 280 bazkide gara. Eurak dira gure babesleak, eurak barik ez zen Berbaizu egongo eta hori azpimarratzekoa da, izan ere, diru-laguntzak eta txosnan ateratako dirua gorabehera, bazkideak beti daude hor, gure oinarri dira, eta kanpainari esker sendotu nahi dugu oinarria, Berbaizuren proiektuak aurrera jarrai dezan, Deustualdea euskalduntzen jarrai dezagun.
Nerea: Gainera, Berbaizu gaztetzeko eta feminizatzeko aprobetxatu nahi dugu. Egia da gure lantaldeetan gazte eta neska-emakume pilo bat daudela, baina zuzendaritza batzordean, adibidez, hori ez da islatzen. Gure kalterako da, gainera, gizartearen zati bi kanpoan geratzen direlako eta erreleboa ez delako bermatzen.
Berbaizuren 25 urteak direla-eta, Jai Batzordeak pregoilari izendatu zaituzte jaietan.
Nerea: Jai Batzordearen proposamena izan zen, eta oso pozik gaude. Ardura handia da baina, Jai Batzordeko kideak izanda, harrotzekoa ere bai. Urte asko daroagu bertan lanean, eta benetan eskertzen da gurekin akordatu izana. Gure jaiak dira eta pregoia opari ederra da gure urteurrena ospatzeko, batez ere urte askotako lanaren aitorpena delako.
Jon: Nik flipatu nuen. Guraso eta lagunei kontatu nienean ez zuten sinisten. Egia da batzuek uste zutela Bilboko pregoia esango genuela, baina okerra zuzendu nienean ere, kostatu zitzaien sinestea. Niri ere kostatzen zait irudikatzea hor egon garela, baina hor egon gara eta pregoi ederra esan dugu, noski!
[2017-03-23] '25 urte eta haZSten' jarraitu nahi du Berbaizu elkarteak