Emakumeak protagonista dituen paseoa

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Olaziregi 2017ko mar. 30a, 09:40

Argazkiak: Nerea Olaziregi

Deustuko Erriberan zehar ibilbide gidatuak antolatu ditu Bilboko Udalak emakumeek egindako ekarpenari erreparatzeko.

Argazki kamera eta grabagailua eskuetan dugula, Artiach lantegian dugun hitzordura abiatu gara. Udalak antolatzen duen ibilbidea, Emakumeak Zorrotzaurren eta Olabeagan: iragana, oraina eta etorkizuna, puntu puntuan hasi da, eta gu heldu orduko mikrofonoa daraman neska gaileta lantegiari buruzko azalpenak ematen ari da. 13 pertsona gaude bere inguruan, emakumeak gehienak. Gure gidak Miren du izena. Koadernoan apunteak hartzen dituenari erreparatu diot eta elkartasunagatik edo, grabagailua itzali eta boligrafoa atera dut nik ere.  

Gaileta lantegiko plantilla deskribatzen ari da. 800 langile zituzten, %75 emakumeak. Beraiek produkzioaz arduratzen ziren bitartean, gizonezkoak bulegoetan eta garraioan aritzen ziren gehienbat. Emakumeen bikoitza kobratzen zuten. “Orain bezala”, dio nire ondoan dagoen neskak. Gailetagileek, lan baldintza kazkarrak zirela eta,  greba egitea erabaki zuten. Lehenengo aldiz 1917an, enpresa Urazurrutian zegoela. Orduan soldata igoera eta lan baldintza duinak aldarrikatu bazituzten ere, greba egitera bultzatutako arrazoia beste bat izan zen: langile batek emakume bati eraso egin zion.  

Taldeko emakume batzuk orduko pasarte batzuk gogora ekarri dituzte. Gailetagilerik dagoen galdetu dut badaezpadan, ez dago, baina ezagutu zituzten. Andra batek apurtutako gaileten poltsak erostera etortzen zela kontatu du, askoz ere prezio merkeagoan. 

Duquesa Maria lantegirantz abiatuko garela esan digu Mirenek eta bidean apunteak hartzen zituen neskari galdetu diot ea komunikabideren batetik zetorren. “Ez, niretzako hartzen ditut, bestela izenak eta datak ahaztu egiten ditut”, erantzun dit. Lau neska gazte batu zaizkigu taldera, beraiek ere koadernoak eta argazki kamerarekin. Lana Udalean aurkeztu nahi dute ondare kulturalaren inguruko lehiaketa batean. 

Yolanda Gonzalezen plazatxoan beste eten bat egin dugu. Bilbon 900 kale inguru dagoela aipatu du, eta kutsu erlijiosoa dituztenenak kenduta, hogeitaka batzuk baino ez dira emakumeenak. Yolandaren izena auzokideen lana eta ekimenari esker lortu zela azpimarratu du gure gidak. “Manifestazio batean hil zuten” esan du emakume batek. “Ez, -zuzendu dio hizlariak- Madrilen ikasten ari zela, bahitu egin zuten gero hiltzeko”. Ez du xehetasun gehiegirik eman eta Olabeagara begira jarri gaitu. Itsasadarraren beste aldean, aurrez aurre dugun paseoa Zirgarien kaia izendatu berri dute, eta emakume horiek egiten zuten lan gogorraz mintzatu da.  

Aurrera goaz Coromina Industrial lantegiraino. Bidean jendeak berriztutako etxebizitzei buruz hitz egiten du eta, nola ez, Plan Berria aurkeztu zutenetik askotan errepikatzen den esaldia entzuten dut: “Zein polita geratuko den auzoa, urte batzuk barru hemen bizitzea luxu bat izango da”.  

Manuel Maria Smithek diseinatutako Coromina lantegiaren aurrean gaudela -azken urteetan Vicinay Cadenas enpresaren bulegoa izan da-, eraikinaren eta auzoaren orainaz eta etorkizunaz ari zaigu Miren. Udalak erosi omen duela eta auskalo, zer egingo duen berarekin. Gaur egun auzoan dagoen bizitza eta auzokideen lana azpimarratu du, baina nire harridurarako ez du Ur Artea aisi aldi taldeaz, auzo elkarteaz, Bekoerriz edota Jai Batzordeaz hitz egin. Zawp, P6, Zirkozaurre eta “kulturaren  bitartez, auzoa bizirik mantendu nahi duten” ekimenez ari da. Ikustezin bihurtu gara.   

Nire etxe aurrean geratu gara. Gure gidak Albako dukesarena zela esango zuela pentsatu dut, baina ez, Olabeagara begira jarri gaitu berriro. Zamatzeko tokiak, bakailaoa, marinelak, portu giroa, eta Noruega aipatu dizkigu. Eta handik Frank Gehry zubira. Planoak atera ditu kanalaren eta itsasadarraren artean ondo kokatzeko. Erribera eta Zorrotzaurre ezberdintzen ditu, eta Zorrotza industrialeraino eraman gaitu Mirenek bere azalpenekin. 

Hurbila da eta etengabe erortzen zaizkion galdera-sortak pazientzia handiz erantzuten ditu. Egunero egoten da ibilbidea gida-tzen asteartetik larunbatera. Harrera ona izaten ari dela dio, orokorrean 30 bat lagun batzen ditu egunero. Euskarazkoetan gutxiago, hamar-hamabost artean. Gehienak Bilbo ingurukoak dira, emakumeak eta antzeko ekimenetan parte hartzera ohituta daudenak. Euskalduna zubiaren ondoan agurtu dugu taldea. San Mames aurrean dugula aprobetxatuz, Athleticeko nesken eta mutilen arteko aldeaz eta orokorrean emakumeek kirol munduan ere jasotzen dituzten zapalkuntzez hitz eginez. Merezi du ordu eta erdiko paseoak. Apirilaren 29ra arte aukera dago oraindik gure inguruko emakumeek garapen ekonomiko eta sozialari egindako ekarpena ezagutzeko.