Errefuxiatuen drama, herritarron konpromisoa

Erabiltzailearen aurpegia Nuria Arroyo 2017ko mar. 30a, 10:02

Argazkiak: Amaia Mintegi - Ecuador Etxea - Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia

Azken urtean errefuxiatuen aldeko hainbat ekintza antolatu ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak. Ildo horretan Deustualdean sortu berri den Bost Auzo taldea ere indarra hartzen hasia da herritarrak sentsibilizatzeko asmoz. Apirilean beste hainbat talderekin elkartuko dira Gernikan munduak beren salaketa ozenago entzun dezan. 

Azkenaldian, askotan entzun ditugu komunikabideetan ‘errefuxiatu’ hitza eta errefuxiatuen inguruko berriak. Oso gutxitan aldiz, errefuxiatuen egoera salatzeko hainbat taldek egindako lanaren ingurukoak. Talde horietako bat da Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataforma. Talde guztietan gertatu ohi den bezala, jende kopuru gutxirekin hasi zen, sindikatuak eta elkarte ezberdinak izan ziren deialdia egin zutenak, mugitzen hasi zirenak, Europatik etorri zen manifestaziorako deia zela medio. Asanblada bat antolau zuten iazko otsailerako eta lortutako parte-hartzaileen kopurua ikusita animatu ziren bai manifestazioa konbokatzen, bai manifestaldia eta gero plataforma bat osatzen ere.  

Plataforman parte hartzen zuten pertsonak, auzoetara hurbiltzeko beharra ikusita, Bost Auzo lantaldea eratu zuten Deustu, San Inazio, Arangoiti, Elorrieta eta Ibarrekolandako boluntarioekin. Badaramate sei hilabete eta jada hiruzpalau hitzaldi, giza-kate bat eta zenbait pintxo-pote antolatu dituzte. Aurrera begira, Deustualdean bide luzea daukate egiteko; izan ere, badaude oraindik taldearen existentziaz ez dakitenak, eta horrek zabaltzeko prozesuan arreta handiagoa jartzera behartzen ditu.  

Taldean denak dira boluntarioak. Areago, orain arte antolatutako ekintzak beraien poltsikotik ordaindu dituzte. Ez dago hierarkiarik, denak maila berean daude. Bakoitzak ahal duen neurrian parte hartzen du, guztiek ez dutelako denbora berdina. “Zorionez jubilatu asko daude plataforman eta denbora gehiago daukate guk baino”, aitortzen du plataformako bozeramaileetako bat den Nati Ovelleirok. Baina gero eta jende gazte gehiago hurbiltzen ari da, bai ekintzetara, bai asanbladetara ere.  

Egiten duten lana ez da lan humanitarioa, egunero telebistako iragarkietan ikusten diren Gobernuz Kanpoko Erakundeena bezalakoa. Beraien lana ez da beste elkarteen lana ordezkatzea, baizik eta hiritarren artean mezu bat zabaltzea: “Gerrarik ez”. Horretarako informazioa herritarrei helarazi, sentsibilizatu, zurrumurruen kontra jo, eta hemendik gertu gertatzen diren ekintzetan laguntzen dute.  

Euskal Herriko eta Espainiako hainbat talderekin harremanetan ere badago Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma. Iazko uztailean haiekin ados jarri eta Greziarako karabana-bidaia antolatu zuten plataformako kideek, beraien salaketa bide osoan zehar igorriz eta Grezian bertan hainbat ekintzen bitartez zabalduz. Karabana horretan parte hartu zuen Amaia Mintegi gazte deustuarrak kazetari lana egiten. Bere lehenengo kontaktua plataformarekin iaz gertatu zen, Uriola-n praktiketan zegoela karabanaren inguruko bideo bat egiteko asmoz bertako kide batekin elkarrizketatu zenean.  

Aurretiaz Amaiak bazeukan gaiaren inguruko informazioa, baina eskasa, komunikabideetan entzundakoa edo ingurukoek kontatutakoa. Pertsona horrekin hitz egin ostean errefuxiatuen inguruan interesa areagotu zitzaion, eta karabanan erreportaje eta bideogile gisa joateko proposatu ziotenean, ez zuen zalantzarik izan. Esperientzia horretatik Greziarako karabana dokumentala eta argazki erreportajea irten ziren –argazkiak Espainian zehar hainbat lekutan erakutsi ondoren, Bilbon aurki egongo dira ikusgai Adaxkan–. Ordutik, plataforman jarraitzea erabaki zuen, eta ikus-entzunezko proiektuetaz arduratzen da gehienbat.  

Baina hori ez da Mintegik egin duen bisita bakarra ekialdeko herrialdera. Zaporeak proiektuarekin bueltatu zen Greziara, Chios irlara, Souda kanpamentuan zeuden errefuxiatuei janaria sukaldatu eta banatzeko, erabat boluntario. “Oso gogorra da jendea ikustea esperantzarik gabeko leku batean non sei hilabete edo denbora gehiago dauden euren familiarekin. Ikusten duzu tristura, nekea”, azaldu du Amaiak, “eta ezin diozu itxaropenik eman, zu ez zarelako hor egongo beti”.   

Nati ere birritan egon da Grezian: lehenengoan boluntario moduan Idomenin eta bigarrenean plataformak antolaturiko karabanan. Lana oso ezberdina dela dio, ez da boluntariotza egitera joatea bezala. Karabanarekin helburua egoera salatzea zen, “beraiek ezin badira etorri gu joango gara bila” lemapean.  Argi dago ez zutela inor ekarri, baina elkartasuna adieraztea han geldi zegoen eta oraindik dagoen jendearekin nahikoa izan zen. 

Tesalonikako No Border Camp kanpamentura iritsi eta inguruan lanean ibili ziren. Besteak beste, pare bat manifestazio egin zituzten, oso garrantzitsuak izan zirenak, plataformako kidearen hitzetan. “Nahiz eta gu 300 izan, eta 300 ez izan asko, manifestazio baterako badauka bere pisua, 6.000 kilometro egin genituelako manifestazio horretan parte hartzeko”.  

Askotan pentsatzen da errefuxiatuak laguntzea janaria eramatea edo mantak oparitzea dela. Baina bertan dagoen jendeak ez du hori bakarrik nahi. Ovelleirok ondo gogoratzen du Idomenin egondako errefuxiatu batek behin esan ziona: “Lagundu nahi bagaituzue benetan, zabaldu eta salatu hau, gertatzen ari dena. Guk ez ditugu zuen soberakinak nahi, guk gure herrira itzuli nahi dugu, gerrarik gabe”. 

Banderarena, adibidez, oso ekintza erraza dela dio Natik; edonork dauka bost euro bandera bat erosteko eta leihoan jartzeko. Agian pentsatu daiteke hori ez dela ezer, baina horrek nolabait esaten du “hemen gaude eta ez gaude ados”. Beharrezkoa da laguntza humanitarioa, bai, baina hori ez da bide bakarra, ezin da bakarra izan. “Jar ditzakegu tiritak, baina ez badugu konpontzen sustraian gertatzen dena arazoak hor jarraituko du. Ez bada salatzen eta ez bazaie gobernuei hau konpontzeko eskatzen, ez da konponduko”.  

Komunikabideek, hedabidearen arabera, askotan ematen duten irudia da errefuxiatuek Europan sartu nahi dutela, eta Greziaren inguruan sarri hitz egiten dute. Horren harira, telebistan informazio hutsune handia dagoela dio Mintegik. Zoritxarrez, migrazioen drama ikusteko ez dugu horren urrun joan behar, Elorrion orain dela gutxi gertatutakoa –bi familia kurdu agertu ziren kamioi batean– edota gure herrietan dagoen paperik gabeko jendea dira horren adibidez. “Ematen du Grezian dagoela arazo bakarra, baina estatuko hegoaldeko muga hurbilago dago eta erabat ahaztuta daukagu”, salatu du Ovelleirok. Eta, izan ere, hara joango dira hurrengo udako karabanan, Melillara. 

Gernikako Topaketetarako gonbidapena

Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena aprobetxatuz, 1937an Gernikan eta oro har Euskal Herrian bizi izandako egoera egun bizi duten herrialdeei ahotsa jarri nahi diete eta egoera hori bera salatu. Horretarako, Ongi Etorri Gernika 2017 nazioarteko topaketak antolatu dituzte plataformako lagunek apirilaren 28tik 30era, “gerrarik ez” mezua aldarrikatzeko eta babesa agertzeko migratzaile zein errefuxiatuei.  

Bost Auzoko kideak, bat egin nahi duten pertsona guztiekin batera, Deustutik abiatuta Gernikarako bidean jarriko dira oinez, apirilaren 28an, arratsaldean. Bilboko beste taldeekin bilduko dira eta Artxandatik Larrabetzurako ibilaldia egingo dute, hurrengo goizean jarraitzeko, Larrabetzutik hasita helmugaraino, Gernikaraino.  

Bertan, apirilaren 29ko arratsaldean, hasiko dira ekintzak, “gerrarik ez” leloa oinarritzat hartuta errefuxiatuen aldeko martxak eginez. Hori izango da topaketen lehenengo zatia. Bigarren zatia, apirilaren 30ean aurrera emango dena, tailerren eta foroen bidez garatuko da. Bertan jorratuko diren gaiak, besteak beste, errefuxiatuen eta migratzaileen zergatia, kapitalismoaren eragina errefuxiatuengan edota arazo ekologikoen eta gerraren ondorioak izango dira. Emakume eta errefuxiatuen inguruko foroa ere antolatu dute, eta bestelako esperientziak ezagutzeko foroak: harrera esperientziak, desobedientzia esperientziak eta gure hegoaldeko mugarekin lotuta dauden esperientziak kontatzeko tartea. Bigarren zati honetan badago apuntatzerik Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformaren web orriaren bitartez.  

bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info/eu