uriola.eus

San Inazioko Auzo Etxearen ateak "beti zabalik"

  Jendartea  Deustualdea

Bigarren gaua igaro du auzotar talde batek Navarro Villosadako Eroski zaharreko lokalean. "Auzotar guztiontzat berreskuratutako espazioa" dela adierazi dute, eta "parte hartzeko eta laguntzeko" deia luzatu dute. Asmoa auzo eta herri mugimenduen jardunak antolatzeko eta herri sormenari bidea irekitzeko "kontrabotere gunea" eraikitzea da.

San Inazioko Auzo Etxearen ateak "beti zabalik"
San Inazioko Auzo Etxea. Arg: @saniberpiztuz | Ikusi handiago | Argazki originala

Apirilaren 1ean ireki zituen ateak San Inazioko Auzo Etxe berriak Navarro Villoslada kalean. Prozesu luze baten ondoren, auzotar talde batek urteetan itxita egon den gunea "berreskuratu" zuen, euren "beharrak eta interesak asetzeko baliabide falta" sumatuta.

Azaldu dutenaren arabera, asmoa "auzotar guztiontzako erreminta bat" izatea da, elkarren arteko "sare egonkor" bat eraikitzeko. Horregatik, ideiak, nahiak eta proposamenak "partekatzera hurbiltzeko" deia luzatu dute.

Unoeoro ateak irekita dituztela adierazi dute, "proiektua ezagutu eta lagundu nahi duen edonorentzako". Arratsaldero auzolanak deitu dituzte 16:00etatik aurrera, eta asanblada irekiak 19:30ean. Horretaz gain, informazio gunea jarri dute barruan, "edozein momentutan jendea hurbildu dadin".

Bestalde, sare sozialen bitartez harremanetan jartzeko aukera ere badago Saniko Auzo Etxea facebook orriaren bitartez, @saniberpiztuz Twitter kontuaren bidez edota sanikoau@hotmail.com emaila erabiliz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa