Filmateka programa martxan jarri dute Euskararen Etxean. Hilean behin dokumentalak eta filmak proiektatuko dituzte bertan. Euskarazko lanak izango dira eta doan.
Emanaldiak bi publiko motara zuzenduta izango dira:
- Hileko hirugarren astezkenean, arratsaldeko 19:00etan, helduentzako proiekzioa izango da. Zuzendari edota egileak bertan izango dira eta ikusleekin solasaldian ibiliko dira, euren egitasmoaren ingurukoak kontatzen eta bertaratutakoen galderei erantzunez. Twitterren bidez jasotako galderei ere erantzungo diete.
- Haur eta familientzako zuzendutako proiekzioak: hilean behin larunbat goizez izango dira. Euskararen Etxea zabaltzen den larunbatetan egingo da, goizeko 11:00etan. Doako sarrera izango da eta hile bakoitzean euskarazko film bat ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Arnasa txikituak dokumentala
Gaur, hilak 26, asteazkena, 19:00etan, Euskararen Etxean (Agoitz plaza 1) pantailaratuko dute Sara Mijangos, Nagore Olmos eta Igone Cerioren Arnasa txikituak dokumentala. Andeetan bi hizkuntzari eutsi guran dabiltzan herritarrak ditu protagonista ikus-entzunezko lan honek.