Gaur hasita maiatzaren 28ra arte ostiral, larunbat eta igandetan izango dira funtzioak. Gehienez jota, 20 minutuko iraupena duten funtzioak. Espazio txikian antzez daitezkeenak, gutxienez bi aktorerekin, eta tokian tokiko elementu eszenografikoekin, ez gehiagorekin. Baldintza horiek betetzen dituzte Antzerki Laburreko 5. jardunaldietan aurkeztuko diren 14 lanek.
Piezen artean "denetarik" dago Irene Bau Pabiloi 6ko kidearen esanetan: thillerrak, komediak, dramak... baina batik bat "kalitatezko testuak eta lantalde onak" daude, "konfidantza ematen dutenak". Lantalde batzuk ezagunak dira Antzerki Laburreko Jardunaldietan, eta beste batzuk lehen aldiz parte hartuko dute. Badago "jende berria" ere, eta hori seinale ona da.
Seinale ona den bezala euskararen presentzia geroz eta handiagoa. Lau lan euskaraz idatzi eta antzeztuak izango dira. "Ez da erraza, eta ez dakigu zergatik. Zorionez, animatuz doaz sortzaile euskaldunak, eta oso pozik gaude", dio Irenek.
Guztira, 168 lagun –12na taldeko– gaur iluntzean jardunaldiei "hasiera emateko prest" daude. Izan ere, dramaturgo, aktore, eszenografo, atrezzo arduradun... jende asko mugituko da hurrengo hilabetean Pabiloi 6ko txokoetan. Eszentoki nagusia apenas zapalduko dute, "ez bada publikoa taula gainean dela". Gune bereziagoak erabiliko dituzte pieza laburren antzezpenerako, esaterako, harmailak, anbigua edota biltegia. Nork bere tokian "bere giroa sortuko du".
Publikoak atsegin du era honetako antzerki arina. Horregatik aurreko lau jardunaldietan oso erantzun ona izan dute Pabiloi 6n. "Ez du hutsik egiten, kalitatezko piezak izaten direlako, maila handikoak", Ireneren arabera. "Jendeak ez daki zer ikusiko duen. Pieza bat ikusiz hasten da, eta azkenean hiru ikusten ditu. Berehala irensten dira".
Telmo Irureta gonbidatu
Toquecito minus lana eskainiko du gaur eta asteburuan Telmo Iruretak. Berea da 5. jardunaldi honetan "ikuskizun gonbidatua".
Egitaraua pabellon6.org