Toki ezberdinetakoak izanda, nola ezagutu zenuten elkar?
Izaskun: Ingurumen Hezkuntzako proiektu batean lanean ezagutu genuen elkar. Umeei zuzendutako unitate didaktikoak, tailerrak, baliabideak... egiten.
Eta nola sortu zen Txaramela proiektua?
I: Hasiera batean fronte asko irekita geneuzkan. Alde batetik, Ingurumen Hezkuntzako proiektu horretan lanean geundela, gure proiektu propioa osatu nahi genuen. Bururatu zitzaigun ur-erroten erabilera gaur egun ia-ia desagertu egin dela eta, hori berreskuratzea eta bertan tailerrak egitea. Horretarako lursail bat topatu behar genuen, zerealak erein, lehen egiten zen bezala, ur-errota martxan jarri eta bertan Ingurumen Hezkuntzako tailerrak, ogia, taloak, etab egin.
Beste alde batetik, Italian bizitzen egon zen lagun batek esan zigun hemen ez zela pasta ekoizten, eta pasta egitera animatu gintuen. Guk pastaren inguruan ez genuen ideiarik. Lemoizen bizi zen italiar batek erakutsi zigun zelan egiten zen pasta eskuz.
Gero ortu bat jarri genuen martxan, Zamudion. Lagun baten amak utzi zizkigun lur batzuk eta hasi ginen barazkiak ekoizten eta kontsumorako otzarak egiten.
Lehenengo udan Marseillara joan ginen, pasta zelan egiten zen ikastera; Nafarroara garia zelan hazten zen ikustera; eta Bizkaiko errotetatik joan ginen atez ate gure istorioa kontatzen, gure ideia zelako errota batean lan egitea. Baina ikusi genuen errota gehienek ez zutela funtzionatzen edo jendea oso nagusia zela, eta gure ideiaren berri ematen genienean apur bat harrituta geratzen ziren, errota kentzera gentozelakoan edo. Azkenean, nire familiak zeraman Galdameseko errotan hasi ginen garia ehotzen.
Zer esan nahi du Txaramela izenak?
I: Errotaren pieza bat da. Txaramelak neurtzen du zenbat gari kantitate erortzen den tolbatik ehotzeko harrietara.
Ainara: Lekuaren arabera ezberdin deitzen zaio pieza horri. Marurin esaten da txaramela, baina Durangaldean, adibidez, emaratile da. Izena liburu batean irakurri genuen, eta polita iruditu zitzaigun.
Zer ezberdintasun dago zuek egindako pasta eta ohiko pastaren artean?
A: Guztiz ezberdina da. Hasteko, guk erabilitako zereala modu ekologikoan ekoiztua da. Garia familia txiki batek ekoizten du. Ekonomia eredua txikia da.
Guk jasotzen dugu garaua eta ehotzen dugu. Ehotzerakoan erabiltzen dugun errota harrizkoa da, honela lortzen dugu irina integrala izatea, honek garau osoa txikitzen baitu. Gero guk eskuz bahetzen dugu, eta kentzen diogu zahi apur bat, osasuntsuago izateko. Industriak egiten duena da, garaua errotara sartu baino lehen, azala eta zati nutritiboak kendu. Almidoia bakarrik uzten du, orduan proteina asko jarraitzen du izaten, baina nutritiboenak galdu ditu. Eta gero irin integrala lortzeko zahi apur bat sartu eta dena nahasten dute. Ez da benetako irin integrala.
Jarraitzeko, guk ez dugu oso tenperatura altua erabiltzen, horrela ez dira galtzen garauaren propietateak. Oratzerakoan ere, erabiltzen ditugun osagaiak modu ekologikoan ekoiztuta daude, hemengo baserrietan erositakoak: barazkiak, frutak eta espeziak. Ez dugu botatzen gehigarririk, ez koloranterik. Berezko zaporea dauka pastak, ez zaio saltsarik erantsi behar.
Zein da zuen konpetentzia zuzena?
A: Supermerkatuan saltzen den pasta eta horren prezioa. Azken finean, guk prezioa ahal izan dugun guztia murriztu dugu, baina, hala ere, supermerkatuekin konparatuta garestiagoa da.
Nortzuk dira zuen erosle ohikoenak?
I: Osasunarekin kezkatuta dagoen jendea, bertako produktuak kontsumitzearen alde daudenak, eta jende gaztea orokorrean. Jende nagusia ez dago oso ohituta pasta jatera.
A: Ingurumenarekin ere kontzientzia daukatenak. Eta guraso gazteak ere, umeek jateko.
Non aurkitu dezakegu Txaramela pasta?
I: Astebururo mugitzen gara azokaren batera. Baditugu postu finkoak: Bilboko Areatzan hirugarren zapatuan, adibidez. Eta azoka handietara ere joaten gara, San Tomasera, esaterako. Beti hiri eta herrietako azoketan. Kontsumo taldeetan eta denda batzuetan ere banatzen ditugu paketeak.
Zer nolako harrera izan duzue?
I: Oso ona. Egia da hasi ginenean gure produkzioa askoz ere txikiagoa zela eta dena saltzen genuela, produktu berri bat zelako. Orain salmentak jaitsi dira, baina ez bakarrik pastan, azoketan orokorrean. Batzuetan jendea azokara jatera eta edatera bakarrik joaten da.
A: Herriaren arabera ezberdina da. Herri batzuetan jendea azokara joaten da produktuak ikustera edo elikagai tipikoak erostera, euskal pastela eta horrelakoak, eta beste herri batzuetan jendeak interes handia agertzen du, eta eramandako guztia saltzen dugu.
Beste proiekturik baduzue?
I: Ideia asko ditugu, baina momentuz ez daukagu indar nahikorik. Egiten ditugu pasta tailerrak eta Ingurumen Hezkuntzarekin lotutako tailerrak eskoletan, euskaltegietan eta batzuk hemen, baserrian.
A: Tailerretan lantzen dugu ingurumena, osasuna, elikadura, pastaren ekoizpena eta horrelako gauzak. Ez da sukaldatzeko tailerra.
Zelan ikusten duzue Txaramelaren etorkizuna?
A: Handitu behar dugu ekoizpena proiektu hau errentagarria izateko. Baina ez dugu nahi kanpora eroan pasta, gure zonaldean lan egin nahi dugu.
I: Momentuz ez digu ematen bizitzeko, soldata txiki bat soilik ateratzen dugu. Gure asmoa da biok soldata on bat edukitzea eta honetaz bizitzea. Baina ez dugu nahi gure proiektua fabrika batean bihurtzea edo supermerkatuetan saltzea. Nahi dugu gurea izatea, ekonomia eredu txikia mantentzea. Momentuz Facebook orria daukagu zabalpena egiteko eta urte amaierako espero dugu eginda izatea web orria, hortik ere eskaerak jasotzeko.
Merkatua zabaltzeko proposamenik jaso al duzue?
A: Azoka batean BM supermerkatu bateko arduraduna hurbildu zitzaigun, eta esan zigun ia nahi genuen gure pasta supermerkatuan saldu. Baina gure ekoizpena oso txikia da.
I: Horrez gain, horrekin dilema txiki bat daukagu, zeren azken finean hori ez da guk aurrera eraman nahi dugun eredua, ez gaude horren alde. Guk nahi duguna da bitartekariak gero eta gutxiago egotea, bestela gure pasta garestituko da, eta ez dugu produktu elitista bilakatzea nahi.
Hau al da zuen lana ala aisialdian egitea gustatzen zaizuena?
I: Gure lana da hau. Txaramelarekin hasi ginenean nik erabaki nuen nire lana uztea. Ainarak jarraitu zuen apur bat gehiago, azken finean dirua behar genuen eta. Baina gero berak ere utzi zuen, eta orain biak honetan aritzen gara.
A: Orain arte topera lanean ibili gara, udan, asteburuetan, orduak eta orduak sartzen. Apurka-apurka ari gara normaltasunera egokitzen.
Merezi du?
I: Bai. Batzuetan badaukagu horrelako bajoi momentua, baina merezi du. Atzera begiratzen duzu eta ikusten duzu zenbat ikasi duzun eta zer lortu duzun.
A: Denetarik pasatu dugu eta, bai, gogorra izan da. Batzuetan itota sentitu gara milaka gauza txarto atera direlako. Baina gu oso pozik gaude, eta beti pentsatzen dugu lortuko dugula. Gainera askatasun pilo bat dugu gure egunerokotasunean, ordutegiak guk finkatzen ditugulako.
Txaramelarekin hasi baino lehen, inoiz pentsatu duzue pasta ekoitziko zenutela?
I: Ez. Ez genuen gure burua ikusten lan horretan bizitza osorako.
A: Hau atera da ia-ia gu konturatu barik. Lanean oso gustura geunden eta batzuetan estresatuta geundenean motibatzen ginen pentsatzen nagusitan hartuko genuela ur-errota bat eta hara joango ginela. Baina apur bat txantxetan zen, etorkizunari begira. Azkenean hasi ginen, berotu ginen, eta dena oso azkar joan da.