Deustuko Herriko taberna duela 30 urte sortu zen. Hiru hamarkada betetzera iritsiko zela uste zenuten?
Aurelio: Martxan jarri genuenean Deustuko Herriko taberna, kristoren ilusioarekin, Euskal Herriak independentzia lortu arte zabalik eutsiko ziola pentsatzen genuen. Nolabait, hasieran ez genion iraungitze-datarik jarri. Behar zen beste tresna modura erabiltzeko jaio zen. Erdi aldera, berriz, ez zuela aurrera egingo pentsatzen genuen.
Guruzne: Euskal Herriko 101 taberna eta elkarte ixtea eurentzat ere kaltegarria da. Politikoki errentagarria izan arte ez dute Herriko tabernarik itxiko. Nik uste zaila daukatela.
Hiru hamarkada hauetan zein ekarpen egin dio Herriko tabernak Deusturi?
Aurelio: Erreferentzia izan da jende asko eta askorentzat. Ramon y Cajal kalean gu izan ginen taberna zaharretik berrira pasatzen lehenengoak. Engranaje lana egin genuen ondoren etorri zirenekin. Horrelako erreferentzia gunerik ez da egon Deustun. Tabernak bai, bazeuden, Luzarran esaterako, baina biltzeko lekurik ez. Hemen bildu dira Ramon y Cajaleko auzotarrak, Gazte Lokala martxan jarri zutenak, milaka gazte, Jai Batzordea… 30 urtetan belaunaldi asko hurbildu dira,
mila bilera eta mila erreferentzia izan dira. Beti egon da zabalik guztientzat.
Guruzne: Taberna bat baino gehiago topaleku bat da. Batez ere, konformista ez diren gazteentzat. Gaur egun ere, gazteen espazioa da, bai barra atzean bai aurrean, horrek dakartzan gauza on eta txarrekin.
Tartean ikasle asko ere pasa da bertatik.
Aurelio: Deustuko Unibertsitateko, Magisteritzako, Sarrikoko eta Leioako ikasleentzat, ikasle euskaldun askorentzat, elkartu, ikasi, lan egin eta ondo pasatzeko lekua izan da. Euskal Herrian zehar nabilenean Deustuko Herriko tabernatik pasatako pertsona piloa aurkitu ditut nonahi.
Zelakoak izan ziren hastapenak?
Asko ginen orduan. Ni nintzen gazteenetakoa. Tabernak bestelako itxura eta eskaintza zuen. Eguneko menua ematen zen, adibidez. Bi sukaldari izan ziren hemen garai batean lanean. Kalean ere beste giro bat zegoen, tailer piloa zeuden orduan Ramon y Cajalen.
Errealitatea asko aldatu da. Zelakoa da gaur eguna?
Guruzne: Magisteritza Eskola 2011n itxi zutenean gainbehera etorri zen gure zonaldea. Inguruko tabernek asko nabaritu genuen. Iaz hasi ginen gorakadan Izeki eta Logia tabernen aldaketarekin. Gazte Lokalean ere duela lauzpabost urte baino jende gehiago dabil azkenaldian. Guzti horrek jende gehiago erakarri du kalera. Ikasleak ere badabiltza oraindik. Saiatzen gara, ahal dugun neurrian, kultur jarduerak antolatzen: emankizunak, antzezlanak, liburu aurkezpenak, bertso saioak, bazkariak…
Une txarrak pasatakoa da Deustuko Herriko taberna. Zeintzuk dituzue gogoan?
Aurelio: 'Garzonada' hasi zen eguna, duela 15 urte. Dena batu eta atera behar genuelakoan nengoen. 'Badatoz, hau bukatu da', pentsatu nuen. 'Hau da azken txanda'. Orduan erabaki nuen Herriko tabernan nire zikloa bukatu behar zela. Beste une txar batzuk ere egon dira. Kabiren heriotza, Mikel Jauregiren atxiloketa, argazkien kentzea, diru falta… hamabi urtetako eta aurretik emandako urtetako bizipen asko ditut. Orain garai lasaigo bat bizi du Herriko tabernak. Trantsizio unea da ez dakigulako leku honetan noiz arte egongo den Herriko.
Guruzne: Aurreko hamarkadekin alderatuta egoera erosoagoan gaude, eta era berean ez da egoera erosoa ez dakigulako zenbat denbora gehiago emango dugun egungo espazioan, langileekin zer gertatuko den, B plan bat behar dugun edo ez… Egoerak hainbat zalantza eta muga sortzen dizkigu konponketak egiterako orduan adibidez. Merezi du tabernako lurra aldatzeak?
Sarekadak, miaketak, identifikazioak, atxiloketak… zelan gogoratzen dituzue?
Aurelio: Kalean gazteek borroka egin dute urte luzez, eta borroka horrek indar polizialen kontraborroka ekarri zuen. Erraza zen, Ertzaintzaren komisaldegia ondoan izanik. Behin eta berriro pasatzen ziren ertzainak Herrikotik, astebururo garai batean. Gero, etorri zen presoen argazkien gerra. Epailearen aurrean deklaratzera ere joan behar izan dut horregatik. Bagenekien ezker abertzaleko militanteen arriskua zela Herrikon edo kalean identifikatzea eta deklaratzera deitzea.
Txarretik atera duzue gauza onik ere?
Guruzne: Bai, sinergia baikorrak ere sortu dira, 'hau denona da, hau defendatu behar dugu' mezua zabaldu delako Libre dinamikaren bidez. Deustuarrok Herriko taberna libre eta zabalik nahi dugula, alegia. Auzitegi Nazionaleko ebazpenak gauza baikorrak ere ekarri ditu hortaz, eta gainbeheran zegoen Herriko tabernari bultzada eman dio. Ekimen asko eta politak antolatu dira. Done Petri plazan Herriko tabernan egiten diren jarduerak irudikatu genituenean, esaterako, jendetza bildu zen. Herritar asko egon da lanean eta parte hartzen Libre dinamikan. Baina denboran asko luzatu denez igoera eta jaitsierak izan dira bidean.
Zer eman dizue Herriko tabernak?
Aurelio: Nahiz eta bizipen txarrek oroitzapenak baldintzatzen dituzten, gauza on asko egon dira, eta gertaera zehatz batekin beharrean eguneroko lanarekin geratzen naiz. Hau lanerako eta militantziarako lekua izan da aldi berean.
Guruzne: Niretzat militatzen hasteko espazioa izan da, baita beste askorentzat ere. Bereizgarri hori du leku honek, eta ziurrenik horrek asko izorratuko ditu. Guretzat ona dena, eurentzat kaltea.
Aurrera begira, zer gerta daiteke? Itxieraren beldur zarete?
Aurelio: Deustuko Herriko taberna ez dago beste batzuen egoera berean. Okupatzen duen lokalean alokairuan dago, ez du jabetzan espazioa. Konfiskatzea ez da posible jabetza beste norbaitena delako. Zer egingo duten? Itxi? Taberna lizentzia kendu? Aulkiak, mahaiak eta kafe makina kentzea lokalaren barruan dagoelako? Guk ez dakigu. Abokatuen arabera, hau ezin digute kendu gurea ez delako.
Egun Herrikon zaudeten lagunek erabaki behar duzue zer egin. Proiektuarekin zer egingo duzue?
Guruzne: Ez dugu erabakirik hartu oraindik. Itxiera baten aurrean gure aukera beste leku batera mugitzea izango dela suposatzen dut. Zailtasun asko izango ditugu tabernak zabaltzeko lizentzia berriak ematen ez direlako eta beheko zein goiko kaleetan ia denak hartuta daudelako.
Baduzue mezurik deustuarrentzat?
Aurelio: Aurrera begira hartu beharreko erabakiak hartzerakoan gazteei esango nieke kontutan izateko Herrikotik pasa diren pertsona guztiak. Hau ez da pertsona bakar batentzat ez bakar batzuentzat, bizipen desberdinen gehiketa da. Transmisioa bermatzea oso garrantzitsua da.
Guruzne: Gauzak eginda heldu zaizkigu guri, gogotsu gaude, eta gure aurrekoek moduan asmatzeko eta erratzeko aukera berdinak dauzkagu. Jendeari Herriko tabernara hurbiltzeko esango nioke, hemendik badagoela zer atera historia egiten jarraitzeko.
Zer galduko da Ramon y Cajaleko Herriko tabernaren itxierarekin?
Aurelio: Deustuko erreferentziazko topagune polit bat.
30. urteurreneko ospakizun ugari izan dira.
Guruzne: 2016an hasi ginen eta 2017an ere askotan ospatu dugu. Orain arteko urteurrenik luzeena izan da hau.
Zein ekimen antolatu duzue?
Bertso saioa, hitzaldia, mahai ingurua, monologoa, mus txapelketa, umeentzako ikuskizuna, kontzertuak, tartean Garirena, eta bazkari handi bat antolatu ditugu 30.a ez da lehena lelopean.
Zein helburu izan duzue?
Herriko tabernak Deustuko herriaren arnasgune izaten jarraitzen duela erakutsi nahi izan dugu, herri honek borrokan jarraitzen duela sinisten dugun guztion arnasgunea. Zailtasunak eta poztasunak tarteko, 30 urte luze hauetan zutik eta duin eutsi diola argi utzi dugu.