Urte oso bat daramate Mikel, Muji eta Simonek abestiak pentsatzen, idazten, doinuak eta baseak sortzen eta nahasten ekainaren 10ean, Deustuko Gazte Egunean, jendaurrean aurkezteko Gazte Lokalean. “Estreinaldia izango da”, baita Zoroen Kluba Kolektiboa izenarekin bataiatu duten taldeak emango duen lehen kontzertua ere. Bertan eskuratu ahalko du nahi duenak kolektiboaren maketa, lehenengoa, Los tigres que ronronean izenekoa.
Zoroak aipatutako hirurak dira. “Hirurak mutilak, zoritxarrez”. Deustuko Mikel (Auzoko) eta San Inazioko Muji (Muji) dira abestiak idatzi eta kantatzen dituztenak eta Gorlizeko Simon (Saim) erritmoen egilea. Grabatu eta nahastu Simonek etxean duen estudioan egin dute.
Rap musikak batu ditu hirurak, kolektiboa sortzeraino. Bururatzen zaienari kantatzen diotela diote, bizi eta ikusten dutenari. “Deustun bizi izan ditugun historiak dira” abestien hitzetan entzun daitezkeenak. Esaterako, “Udalak Deustuko ortuetatik zelan bota gintuen” aipatzen dute kantuetako batean eta beste batean Udalak gaztetxeekin duen “jarrera errepresiboa”. Guztira, 12 abesti dira. Abestietan bai euskara bai gaztelania erabiltzen dute, eta nahasteak “funtzionatzen du” hiru kideen arabera.
Los tigres que ronronean, baina, ez da hiruren lana soilik. Jende asko izan dute ondoan, “lagun ugari”, testuak idazten, argazkiak eta bideoak egiten (Mirene Gonzalez) marrazkiak egiten… denetik”.
Kolaborazioak ere izan dituzte, besteak beste, Dariorena (HDR), Mikelena (Patxadaz) gitarran, Asierrena baxuan (Patxadaz) eta Josebarena ahotsetan. Joseba Zupiria rapa egiten duen Uribarriko gaztea da, euren “antzera dabilena”.
Ekainaren 10etik aurrera Zoroen Kluba Kolektiboaren Youtube kanalean eta Sound Clouden entzun eta deskargatu ahalko dira maketako abesti guztiak. Doan. Musika “doakoa” izan behar dela pentsatzen baitute kolektiboko kideek. “Denontzat izan behar du, musikak ez baitu preziorik”, Mikelen esanetan. Jendearegana “errazago heltzeko modua” ere bada gainera. “Nahi duenak maketa eros dezala Izeki edo Herriko tabernan, eta bestela doan izango du”.