Mikroipuinen uzta

prestaldizkaria 2017ko eka. 1a, 08:45

Irudiaren diseinua: Laura Freijo

Guztira, Euskararen Unibertsoa egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek 63 mikroipuin aurkeztu dituzte lehiaketara. Iaz baino parte-hartze txikiagoa izan da aurten. Ipuinen mailak, aldiz, ez du behera egin epaimahaiaren esanetan. 

Maila “ona” egon dela azpimarratu dute epaimahaikideek. Aitortu dutenez, “zaila” izan zaie onenak aukeratzea. Aurten, gainera, ipuin “askoz txukunagoak” aurkeztu dira, “idazketa zainduagoarekin”.

Bestalde, Botikazarrekoek erronka jarri zioten euren buruari. “Tinko-tinko begira geratu nintzaion” esaldia txertatu dute mikroipuinetan, nahi izan duten unean; eta ez zaie gaizki atera erronka, Ane Rodriguez ikasleak Batxilergo mailako saria irabazi baitu. 

Mikroipuinen lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia maiatzaren 5ean izan zuten Euskararen Unibertsoko kideek Ibarrekolandako kontserbatorioan. Ohi bezala, Bertsolaritzako ikasleak hainbat eratan bertsotan aritu ziren: agurrak taldeka abestuz edota Peter Pan eta Lehoi erregea bertso-antzerkiak antzeztuz.

Berrikuntza gisa, Deustuko Ikastolako ikasleek Loraldian jokatutako Pastoralaren zati bat eskaini zuten. Aurkezle lanean ibili ziren Iñaki Iturriotz eta Jone Larrinaga bertsolari-irakasleak. 

 

Hiriko bonba

Gaur eguna da. Bonba jartzeko momentua. Hiriaren erdigunean jarri behar dut, baina ez nau inork ikusi behar. Pentsatu dut oso ideia ona dela zakarrontzian sartzea. Baina une zehatz batean jarri behar dut, inork ikus ez dezan.

Dena planeatuta nuen moduan irten da, bonba zakarrontzian dago. Joan naiz nire apartamentura, bonbatik 200 metrotara, dena oso ondo ikusteko. Soilik kabalgata pasatu arte itxaron behar dut, dena jendez bete arte. Momentua heldu da eta botoia sakatu dut. Bonba pizteko 3 segundo geratzen dira…..3…...2…...1…. Bideojokoa pasa dut!

Yerai Garcia, Ibarrekolanda BHI

 

Luminaren abentura

Bazen behin 14 urteko neskato bat Lumina deitzen zena. Lumina asmatzailea eta zientziazalea zen eskolan eta irakasleak gauza berritzaile bat asmatzeko eskatu zion.

Neskak egun osoa eman zuen zerbait asmatzen eta azkenean, lortu egin zuen; ponpak egiteko likido berezi bat asmatu zuen: ponpak egiteko likido bat. Baina onena zen ez zirela inoiz apurtzen. Orduan, ponpa bat egitea bururatu zitzaion, likidoa ondo funtzionatzen zuen ikusteko. Eta bai, ponpa txikitxoa atera zitzaion eta egiaztatu zuen ez zela apurtzen.

Gorde egingo zuenean, haize bolada batek ponparen barruan aire gehiago sartu zuen eta Lumina baino handiagoa egin zen. Haizeak ponpa eraman zuen eta Luminak haren atzetik jarraitu zuen. Bat-batean, estropezu egin zuen eta borobila barruan sartu zen. Zerurantz igotzen hasi zen eta Lumina bideratzeko modua frogatzen hasi zen: putz egiteak ez zuen ezertarako balio, ponpari bultza egiteak ere ez… Azkenean korrika egitean, ponpa mugitzen zela ikusi zuen.

Korrika eta korrika beste herrialde batera heldu zen, Latxo deitzen zena, eta hango umeak eta familiak txundituta geratu ziren Lumina ponpa barruan ikustean. Barrutik ateratzen lagundu zioten eta zer geratu zitzaion kontatzea eskatu zioten.

Luminak dena azaldu eta etxera bueltatu nahi zuela esan zien, baina lehenago umeei ponpak egiten erakutsi zien. Haiek oso ondo pasatu zuten, baina neskari etxera bueltatzeko ordua heldu zitzaion. Ponpa barruan sartu eta etxerako bidea hartu zuen. Etxean, beste bat egin eta klasera eraman zuen pote baten barruan.

Jone Yan Urrestarazu, Intxixu Ikastola

 

Hutsunea sentitu

Hamar urte generaman bere arrastorik gabe. Gerra amaituta ezkutatu egin zen, gu arriskuan ez jartzearren. Hamarkada bakarti horren ostean tabernan ikusi nuenean tinko-tinko begira geratu nintzaion. Zoriak ekarri zuen berriz nire bizitzara. Denborak ez zuen gupidarik izan mutil izandako gizon harekin. Eskuineko hankaren zati bat falta zuen eta herrenka zebilen. Begietan ez zen damurik nabari, baina bai bihotzak erdibitzeko adina etsipen. Bere aurpegiak izugarrizko mina islatzen zuen, hainbat lagunen galerak eraginda ziurrenez. Ez zen inoiz gehiago nik ezagututako mutil eztia izango, duela hamarkada bat baino gehiago hila zen hura. Oroitzapena besarkatu nuen azkeneko aldiz.

Ane Rodriguez, Botikazar BHI

 

Atrapaturik

Dena ilun zegoen, beldur nintzen. Kaxa batean nengoen, ez nekien nola, nondik, ezta noiz heldu nintzen, baina hor nengoen. Metro karratuko kaxa bat zen, oso txikia niretzat; klaustrofobia duen neska batentzat, gainera. Urduri nengoen leku hartatik atera nahian eta bat- batean argitasun puntu bat ikusi nuen, asko kostatu zitzaidan begia zulo horretara hurbiltzea, kaxa oso txikia zelako, baina, lortu nuenean, ikusgarria izan zen nire begiek ikusi zutena... Mundu oso bat zegoen kaxa ilun eta ziztrinetikkanpo, mundu koloretsu bat. Ostikadak ematen hasi nintzen eta azkenean kaxa apurtzea lortu nuen. Zutik jarri eta korrika hasi nintzen, haizeak aurpegian jotzen ninduen eta libre sentitu nintzen.

 

Aiala Gines, Deustuko Ikastola