San Inazio auzoko "poteo gunetik kanpo" kokatuta dago Kabia elkartea, Orixe kaleko 48. zenbakian. Asteburutan, gainera, giroa are gehiago apaltzen da. Zer esanik ez, uda garaian. Egoera horri buelta eman nahian, "larunbatetateko giroa indartzeko" xedez, Bermouth Sesioak antolatzeari ekin diote Kabian.
Zumai eta Nerea tabernariek etxean prestatutako bermouth gozoak eskaintzen dituzte, "sekretupean", gordetako errezetarekin. Baita ortuko eta itsasoko txibierroak eta artisau garagardoak ere. Eta hori gutxi balitz, DJak ere izango dira. Bilboaldeko DJak ez ezik Londres eta Bruselasetik etorritako DJak hurbilduko dira Orixe kalera bermouth ordua animatzera ekaineko eta uztaileko larunbatetan 13:00-16:00 bitartean.
Zerbait "berria eta desberdina" eskaintzeko modua da bai ohiko bezeroei bai Kabia ezagutzen ez dutenei.