Deusto Barria igogailuaren eraikuntza dela-eta, Udalak Arangoitira igotzen den A-6 bus linearen prezioaren igoera iragarri du 2018rako. Horren aurrean, Bihotzaran Arangoitiko auzo-elkartetik salatu dute gaur egungo igogailuaren proiektuak ez duela bizilagunen parte-hartzea izan, eta Arangoitiko eremu garaienean bizi direnen bizilagunentzako eta irisgarritasun arazoak ez dutenentzako lagunei besterik ez diela mesederik egiten, "ez da inola ere behar genuen igogailua". Hortaz, bost minutuko ibilbidearengatik bidaiaren prezioa "estandarrera" aldatzea kritikatu dute, igogailua ez delako auzokide guztientzako alternatiba. Beste bus linen preziora parekatuko litzateke Arangoitikoa: 0,64 euro Barik txartelarekin eta 1,25 euro eskudirutan, hain justu.
Auzoaren komunikazioa "arazo historikoa" dela azaldu du plataformak, eta urteetako "borroka nekaezinaren ostean", 2009an A-6 busaren prezioa "arrazoizkoa" izatea lortu zutela adierazi dute. Harrezkero, "auzokideen mugikortasuna asko hobetu" dela azaldu dute. Auzoaren beharrak asetzen duen garraio publikoa eskatzeko sinadura bilketa hasi zuten aurreko astean, eta jada 1.500 sinadura bildu dituzte.
EH Bildu alde
EH Bildu auzokideen alde agertu da eta auzo osoari zerbitzua emango dion beste igogailua eraiki bitartean prezio igoera baztertzea eskatu du aurkeztu duen zuzenketaren bidez. Bidaia 0,32 eurotan kobratzea eskatu du koalizioak. Halaber, ohikoak diren igogailuaren matxurak kritikatu ditu.