Kuadrilla eta taldeen jaitsiera koloretsu eta zaratatsuarekin eman zioten hasiera 2017ko Txapel jaiei arangoititarrek ekainaren 23an. Dantza, kanta, jolas, jan eta edan ibili dira egunotan Jai Batzordeak eta auzoko ostalariek antolatutako makina bat jardueretan.
Esaterako, igela txapelketa jokatu dute jada. Aurtengo txapeldun dira Juanfer, Oscar Ibañez eta Txomin Bravo.
Antolatu duten beste lehiaketako bat da argazki lehiaketa. Argazki zahar onena eta sormen argazki onena sarituko dituzte, "zaila den arren". Facebook sare sozialaren bitartez erabakiko dute zein duten gustukoen auzotarrek. Aurtengo sariak xumeak, "sinbolikoak", badira ere, hurrengo urterako sariak hobetzeko ahalegina egingo dutela iragarri du Jai Batzordeak.
Umeentzako jarduerak
Ekainaren 30ean bitsa botako dute eguerdian eskolako jolastokian (12:00-13:30) eta arratsaldean multiabentura egitura muntatuko dute (16:30-19:30) umeen gozamenerako.
Uztailaren 1ean Guacamayok magia ikuskizuna eskainiko du 12:30ean eskolan.
Uztailaren 2an Txapel Chef Txiki lehiaketan parte hartu ahalko dute 6 eta 13 urte arteko arangoititarrek. Bokata edo pintxoa eta fruta-brotxeta Nocillarekin prestatu beharko dituzte.
Informazio gehiago: facebook.com/txapel.jaiak