Aritz Ipiña: “Dena ondo antolatuta eta ikertuta zegoen errepresio frankistatik inork ez ihes egiteko”

prestaldizkaria 2017ko uzt. 3a, 11:00

Argazkiak: Iñigo Azkona

Batere finantziazio gabe ikertu du Aritz Ipiñak (Deustu, 1984) betidanik jakin-min handia piztu dion gaia: Frankismoaren errepresioa eta garbiketa eremu hurbilean, Bilbon eta Bizkaian. Bere doktoretza-tesitik hiru argitalpen irtengo dira. Lehen biek ikusi dute jada argia. 

Zergatik erabaki zenuen Frankismoaren garbiketa eta errepresioa ikertzea?

Interesa eta jakin-mina izan dut Frankismoarengarbiketa eta errepresioa jasan zuten pertsonengan. Komunistek egindako garbiketa, Kanbodiakoa edota Espainiako gorrien garbiketaren berri entzun dugu, baina ez hemengoaren berri. Espainia mailan ikerketa asko egin dira erakunde publikoetako langileen fusilamenduak eta garbiketa ikertzeko, maistra nazionalen inguruko ikerketak ere egin dira, Correoseko langileenak… Joseba Agirreazkuenagak eman zidan ikerketarako gaia eta EHUko Biography & Parliament ikertaldean lan egiteko deitu zidatenean ezagutu nuen Eduardo Alonsok animatu ninduen. Orduan ekin nion. Aurretik bi beka eskuratzen ahalegindu nintzen, baina ez zizkidaten eman. 

Zure hasierako asmoa aldatu behar izan zenuen. Zergatik?

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundietako langileak ikertzea zen hasierako asmoa. Beka gabe, ez nuen dirurik Araba eta Gipuzkoara joateko, eta eremua murriztu behar izan nuen. Dirua behar baita artxiboz artxibo mugitu ahal izateko. Bizkaian abantaila daukagu espediente gehienak Foru Agiritegian daudelako. Egun berean kontsulta ditzakezu Zalla, Ondarroa edota Bilboko espedienteak. Orduan, Bizkaiko udalerrietako udal langile eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak ikertzen hasi nintzen. Funtzionarioen zerrendak eskatzea izan zen abiapuntua. 

Langileen zerrendak lortu zenituen?

Ez, ez daudelako, ez zeudelako. Udalerri txikiek baino ez zituzten langileen zerrendak, eta denak 1936 baino lehenagokoak dira. 1935koak dira azkenak. Bilbon ez zegoen udal langileen zerrendarik, Udaleko sail bakoitza zen bere langileetaz arduratzen zena. Udalak ez zekin zenbat langile zituen ezta Foru Aldundiak ere. 

Zelan lortu duzu udal langileen informazioa?

Aktetatik informazioa ateratzen eta datu baseetan sartzen. Funtzionarioak zirenez, garbiketa jasan zuten langileak aktetan agertzen ziren. 1936tik 1945era arteko Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bizkaiko 65 udalerritako akta guztiak aztertu genituen. Hortaz, bildu ditugu funtzionarioen izen-abizenak, jaiotza-data, ideologia politikoa, sindikatuko afiliazioa, salatzailearen identitatea, salaketaren arrazoia… langileko 100 datu inguru, kasurik onenean. 

1936-1976 bitartean Bilboko Udaleko langileek pairatu zuten garbiketa eta errepresio frankista aztertzea zelako lana izan da?

Biboko Udal Artxibategian garbiketa pasa zuten udal langileen artxiboak daude, hau da, diru zigorra jaso eta lanpostuari eutsi zioten langileena. Espediente horiek Udaletxean mantendu dira. Kaleratu zituzten langileen espedienteak Foru Agiritegira bidali zituzten, eta Ferroleko artxibategi militarrean daude epaiketa sumarisimoa izan zutenena. Prozesu sumarisimoa ezarri zieten politikariei, militarrei, funtzionarioei eta herritar xumeei. Ikerketa burutzeko arazo handia izan da. 'Non daude faltan dauden espedienteak' galdetzen nion nire buruari. 2012an Boisetik itzuli nintzenean aurkitu nituen.  

Zein izan da ikerketarako erabili duzun prozedura?

Aktak, espediente pertsonalak, espediente judizialak eta errekurtsoak aztertu ditugu. Ferrolen egon nintzen artxibategi militarrean pentsatuz aste bakarrean espediente guztiak arakatuko nituela. Baina ez. Horregatik eskatu nion laguntza Beatriz Collado nire lagun eta emazteai. Informazio asko aurkitu genuen, eta aurkitzeke dagoena. Esaterako, Bilbotik alde egin eta Santanderren harrapatu zituztenen espedienteak. 

Zure ikerketari esker jakin dugu 1937an Bilboko Udalak gutxienez 1.914 langile zituela.

Badakigu ez zirela 1.914 baino gutxiago, pentsatzen dugu gehiago zirela. Gehienak funtzionarioak ziren. Horiez gain bazeuden estatus berezia zuten Udal Musika Bandako langileak –burua funtzionarioa zen–, eta aldi baterako langileak. Aldi baterako 50 langile identifikatu ditugu, baina gehiago izango ziren. 

Garbiketa zenbatek jasan zuten?

Denek. Denak izan ziren ikertuak. Baita gerran hildako udal langileak ere, eskubide pasiboengatik. Ez da berdina naturalki hiltzea edota borrokan hiltzea. Borrokan hil izanez gero, 'gorria' edo abertzalea izategatik, familiak ez zituen jasotzen langileari zegozkion eskubide pasiboak, eta hortaz alarguna edota seme-alabak pentsio gabe uzten zituzten. 

Nortzuk zigortu zituzten gogorren?

Bederatzi funtzionario erailak izan ziren epaiketa sumarisimo fartsen ondorioz, inolako legezko euskarririk gabe. Denak gizonak izan ziren, gehienak gazteak, oso konprometituak politikoki, errepublikazale sozialistak eta abertzaleak. Udaltzainak, suhiltzaileak eta mediku bat hil zituzten. Zergatik? Gazteak zirelako, armak maneiatzen bazekitelako eta oso konprometituak zirelako. Udaltzainak eskuindarragoak izango zirela pentsatzen nuen. Baina, ez. Gehienak ezkertiarrak ziren, eta suhiltzaile gehienak berriz abertzaleak. Lau suhiltzaile epaiketa gabe erail zituzten. Ez dakigu zer gertatu zen beraiekin. Larrinagan espetxeratuak izan zirela jakitea lortu dugu, baita tiroz hil zituztela ere, baina ez dakigu kartzelan bertan edo Derioko kanposantuan. 

Harrigarria iruditu zaizu suhiltzaileen artean eginiko garbiketa. Zergatik?

Gainerako funtzionarioak salatu zituztenean, agirietan izen eta abizen agertzen dira. 'Urliak berendia salatu du', adibidez. Suhiltzaileen kasuan, konfidantza osoko txostenak dira, sinadura eta data gabeak, salaketarako balio dutenak. Horrek esan nahi du udaletxe barruko norbaitek salatu zituela, lankideren batek. Uste dugu salatzailea espetxera joan zela, eta bere lankideak ikustean, salatu zituela. Ez dugu frogarik teoria hori ziurtatzeko. Baina garbiketarako erabili zen mekanika ulertuta, ondorio horretara heldu gara. 

Zein mekanika da hori?

Oso mekanika erraza. Uztailaren 19an tropa frankistak hirian sartzean jausi zen Bilbo, 21ean Jose Maria de Areilza izendatu zuten alkate, eta berak Julio Serrano de la Mata bere lagun mina Udaleko ofizial nagusia. Biek militatu zuten Renovacion Españolan, Areilzak presidente moduan eta Serrano de la Matak presidenteorde. Kargua hartu zuten egun berean funtzionario guztiak kaleratu zituzten. Bi eguneko epea eman zieten itzultzea eskatzeko. Horrela langileen %25a garbitu zuten, automatikoki. Bizkor. 'Hemen ez bazaude errepublikazaleekin joan zarelako da, beraz etsaia zara eta mugimendu nazionalaren aurkaria'. Gainera, lanpostua uztea ere leporatu zieten. Prozedura guzti hori pentsatuta zekarten, eta 1937an gerraren ondorioz bitartekorik gabe ezarri zuten. 

Areilza eta Serrano de la Mata izan ziren garbiketaren buruak?

Bai. Bigarren pauso gisa Udalak galdetegia banatu zien itzultzea eskatu zuten langileei. Galdetegia bete beharra zuten langileek, eta horri esker langileen datu pertsonal asko eskuratu ditugu. Esaterako, lanpostua, antzinatasuna, talde politikoa, fedea, ekitaldi publikoak, eskainitako zerbitzuak… galdetegiak irakurtzerakoan ikusi genuen batzuk onartzen zutela EAJ edota PSOEko kide zirela. Zergatik ez zuten gezurrik esan? Konfidantzazko udal langile eskuindarrei deitzen zietelako txostenak eskatzeko eta datuak ziurtatzeko. Sail bereko langileen artean batzuen eta besteen politika joera jakina zen. Ezin zuten gezurrik esan hortaz. Horregatik 'EAJkoa naiz eta katolikoa naiz' ipintzen zuten edota 'sozialista eta espainola'. Baina berdin zen, ez baitzuen ezertarako balio. Eskubidea izan arren euren aurkako karguak erreklamatzeko alperrik zen, ekintza frogatua zelako konfidantzazko langileen esana. Dena ondo ikertuta eta antolatuta zegoen inork ez ihes egiteko. 

Bilbon erabili zuten mekanika erraz eta azkarra beste nonbaitetik ekarri zuten?

Malaga otsailean jausi zen, eta bertan ere langileen garbiketarako mekanika hori ezarri zuten, baina ez hain sistematikoki. Garbiketerako mekanika autonomoa zen herri gehienetan. Ezarri behar zen, baina bazeukaten aukera moldatzeko. Uste dugu Areilzak bazuela aurretik pentsatuta, dena muntatzeko denbora behar baita. 

Udal langile batzuk errekurtsoa aurkeztu zuten. Onartu zituzten?

Batzuk ez ziren ausartu beldurragatik edota beste nonbaiten lana lortu zutelako. Errekurtso eskaera gehienak baztertuak izan ziren, sistematikoki ezetza eman zieten. Goi karguren bat bai, berriz onartu zuten. Garbitzaileek eta udaltzainek ez zuten lortu; erraz ordezkatu zituzten. Edonork balio du kaleak garbitzeko, bai gerra mutilatu batek bai frankista batek. Baina mediku izateko edo kontularitzako teknikari izateko jakin egin behar da. 1937an ez zen erraza 20 urteko eskarmentua zuen zerga-biltzaile bat ordezkatzea, abertzalea zelako, eta frankista bat sartzea, litekeena baitzen idazten ez jakitea. Irakurtzen, idazten eta kontabilitatea menperatzea ez zen ohikoa orduan. Langile teknikoekin malguago jokatu zuten. Zentzu horretan, oso praktikoak izan ziren. Langile tekniko asko zigortu zituzten 15 eta sei hilabete artean soldatarik gabe Udalaren menpean eta kontrolpean lanean jarraitzeko. %16a, hain zuzen ere. Zigorra beti izan zuten presente espedientean. Damoclesen ezpata buru gainean izan zuten betirako. Zigor arruntena lau hilabetez soldata gabe uztea izan zen. Pentsa, gerra garaian, dirurik gabe, kexatu ezinik. Horrelakoetan familiaren babesa funtsezkoa zen edota Falangearen menpe zegoen Gizarte Laguntzarena. Hortaz, ondo portatu beharra zuten jan ahal izateko.  

Frankismoaren errepresioa jasan zuten udal langileen zenbait seniderekin egoteko aukera izan duzu. Zer diote?

Etxean ez zuten ezer kontatzen. Senide gehienek horixe esan didate. 'Franco kabroia' eta horrelakoak ez zituzten esaten seme-alabek horrelakorik ez zezaten eskolan zabaldu. Zigor multifuntzionala zen hortaz, denari eta denei eragiten zielako. 

Zaila izan al da senideekin harremanetan jartzea?

Asko kostatu zait senideengana iristea espedienteetan ez baita agertzen etxekoen kontakturik. Artxibategiko egungo langile batek bere amamaren berri eta beste kontaktu batzuk eman zizkidan. Beti zeharka ibili naiz. Horregatik Udaletxean liburua aurkeztu zenean nire e-posta eman nuen, senideek idatz ziezadaten. Harrezkero bost mezua jaso ditut. 

Liburua deserosoa izan daiteke zenbaitentzat?

Batzuentzat bai. Salaketa asko egon ziren. Izan ere, gerra garaian denek ez zuten berdin jokatu. Liburuak ez du inoren jokabidea epaitzen, baina badaude lankideak salatu eta Udalean bertan karrera egin zutenak, politikan sartu ziren beste batzuk... seme-alabadunak, ezer jakin nahi ez dutenak. 

Biktimen zerrenda huts bat baino gehiago da ekainaren 16an aurkeztu zenuen La depuración y represión franquista de las empleadas y empleados del Ayuntamiento de Bilbao liburua?

Erakundeek zerrendak nahi dituzte, ez dute sakondu nahi, horregatik biktimen zerrendekin konformatzen dira, biktimizazioarekin bakarrik. Gainera, prentsaren aurrean argazkia egiteko horrekin nahikoa da. Lan gogorragoa da zerrendetatik haratago biktimen historia pertsonala kontatzea. Adibideak ematen ahalegindu gara, sakontzen, horrek gure lana hobetzen duelako. Ikerketarako denbora gehiago ere eskatzen du. Detektibe lanetan aritu gara azalpenak eman ahal izateko. Ezin dira izen horiek utzi biktima huts bezala, euren esperientziak ezagutu behar dira. Zergatik egin zuten Eusko Jaurlaritzaren alde? Zer egin zuten gerran? Zergatik ez?  Zergatik egon ziren bederatzi hilabetez burua altxatu gabe? Beste batzuk lan erosoa utzi eta frontera joan ziren. Eta horrelako datuak jakin egin behar dira, 'Askatasunaren eta Demokraziaren alde hildakoak' esaldiaren atzeko arrazoiak ezagutu behar dira. 

Jose Luis Arenillas medikuaren kasua, esaterako?

Mediku prestigiotsua zen, udal medikua. 34 urtekoa, gizon ederra, jatorra, ezkondua, seme jaioberri baten aita. Dena utzi eta Otxandioko frontera joan zen laguntzera. Zergatik egin zuen hori? Konpromiso politikoagatik. Arenilllas bere konpromiso politikoagatik fusilatu zuten. Heriotzarekin eta erbestearekin ordaindu zuten askok konpromiso politikoa. 

Erbestea asko aipatzen duzu. Zergatik?

Gerra Zibila Euskal Herrian aipatu eta erbesteari erreferentzia ez egitea okerra da. Badakigu Euskal Herrian Andaluzian baino erailketa gutxiago egon zirela, bai, baina hemen 100.000 pertsonak baino gehiagok alde egin zuten erbestera. Gehienak ez zituzten harrapatu. Horregatik da oso, oso garrantzitsua erbestea Bizkaian, Gipuzkoan, Kantabrian, Asturiasen eta Galizian. 

Zure doktoretza-tesian oinarrituta beste liburu bi argitaratuko dituzu.

IVAP/HAEEk argitaratu du Bizkaiko udaletako langileen garbiketari buruzko lana. Getxo, Barakaldo, Sestao, Zeanuri… herri gehienetakoa. 700 orriko liburua da. Langileen zerrendez gain, herriz herriko garbiketaren bestelako datuak gaineratu ditugu. Bizkaiko Foru Aldundiko langileek jasandako garbiketa eta errepresioari buruzko lana ez du Foru Aldundiak argitaratuko, ez dakigu zergatik, Pamiela argitaletxeak egingo du uda ostean. 

Lan guzti hauek inolako finantziazio gabe egin dituzu?

Bai, finantziazio gabe egin dut lan osoa. Lanean jardun naiz goizetan eta arratsaldetan eta asteburutan ikertzen. Lagunen laguntza ere izan dut. 

Zergatik ez dute finantziaziorik zurea bezalako lanek?

Gizarte zientziek oro har oso finantziazio gutxi jasotzen dute. Politikoek ez dute ulertzen ikerketa bat burutzeko urteak behar direla. Biktimen zerrendak egiteko sei hilabeterekin nahikoa da, baina ikerketako hurrengo pausoa emateko urteak behar dira, horrek esan nahi du dirua behar dela garraiorako, materiala eskuratzeko... Gehienez, lau urteko epean baino ez dute pentsatzen. Ez dute sentiberatasunik eta ez dute lan hau ezagutzen. Asko mugitu behar duzu bi paragrafo idazteko. Ez da erraza. 

Zerk sortu dizu ilusio gehien?

Senideen aurpegiak. Askok ez zekitelako familiak jasandakoa. Eskerrak eman dizkidate lan hau egitegatik. Hori izan da aberatsena, euren poztasuna sentitzea. Zauri bat sendatzea da, erreparazio morala. Tesia egiten ari nintzela nire buruari galdetzen nion lan honek ezertarako balioko zuen. Eta bai, balio izan du senideengandik jaso dudan erantzunagatik. 

Garbiketa eta errepresio frankista jasan zuten udal langileen argazkia eskatu diezu senideei. Zergatik?

Biktimen zerrendetan agertzen diren pertsona horiei duintasuna aitortzeko modua da. Horregatik izenei argazkia lotu nahian ari naiz. Izen bat zerbait hotza delako. Ez du ezer adierazten, senideei salbu. Argazkiak aldiz indar handia du, aurpegia, gizatasuna eransten du. 30 bat argazki baino ez dauzkagu, langileen %86aren argazkia falta dugu. Argazkiaz gain, beste edozein informazio pertsonal ere baliagarria zaigu zerrendak osatu ahal izateko.