Ekainaren 10 larunbatean goizean goizetik batu ziren Gure Esku Dago lantaldeetako kideak. Pertsona asko elkartu ziren Arte Ederretako Museoaren inguruan, 300 lagun baino gehiago, koral koloreko kamisetak soinean, nor bere lana egiteko, arratsaldeko ekitaldi nazionala prestatzea xede. Ibarrekolanda, San Inazio eta Elorrietatik 15 lagun gerturatu ziren. Antonek ez zituen hainbeste espero. Deustutik bederatzi. Bilbotarrek esperotako lagun kopurua bikoiztu zuten. Jendearen erantzun zabalak lanerako “indarra” eta “baikotarsuna” eman zien. Eguerdirako Bilbo kartel, pankarta eta hizki erraldoiekin apaindu zuten. Gero, ekipo teknologikoen zaintza lana egin zuten batzuk eta beste batzuk materiala saltzeko mahaiak muntatu zituzten edota kanpotik Bilbora autobusean etorri zirenei oharrak eman zizkieten.
Arratsaldean, ekitaldia hasi aurreko uneak urduri eman zituen Antonek. Euskadi plazatik Eliptika plazara arteko gunea jendez betetzea zuen erronka Gure Esku Dago ekimenak galdera ikur erraldoi bat osatuz. Hamar minuturen faltan Antonek “Elkano kalea ezingo genuela bete” pentsatzen zuen. Erronka “handiegia” zela. “Hutsuneak” ikusten zituen. Baina bete ziren. Izan ere, jendea –autobus asko– berandu samar gerturatu zen 17:30etako hitzordura, eta Eliptika eta Euskadi plazan pilatu zen, Elkano kalean hutsuneak nabarmenduz. Mikrofonoetatik emandako oharrei esker bete zen Elkano kalea jendez. Hortik aurrera “gozatu” egin zuten Ibarrekolanda, San Inazio, Elorrieta, Deustu, Erribera eta Arangoitiko Gure Esku Dagoko Anton, Jon, Alex eta Nereak.
Lehenengotan 25.000 pertsona batzea espero bazuten ere, azkenean gutxiago izan ziren, 10.000-15.000 inguru. Zenbakietatik haratago, giroa “oso polita eta alaia” izan zen. Erabakitzeko prest leloa zuen ekimenean jendea “parte hartzeko guztiz prest” agertu zen, megafoniatik emandako aginduak zintzo betez: “Alde batera egiteko, makurtzeko, altxatzeko, globoa astintzeko...”. Batez ere, ume eta gazte askoren parte-hartzea azpimarratu dute lantaldeko kideek. “Beti galdetzen dugu gazteak non dauden, bada, hor zeuden gazteak”, dio Jonek. Oro har Gure Esku Dagoko lantaldeetan jende gaztea falta dutelako nabarmentzen du aparteko gisa. Deustualdean eta Bilbon gertatzen da hori. “Ez hainbeste” beste eremu batzutan. Nerearen esanetan, erabakitzeko eskubidearen jira-biran herritarrak aktibatzeko lana “oso motela da”, eta “agian, gazteentzat ez da erraza horrela aritzea. Eurek ekintza eta erantzuna behar dutelako, zehaztasuna eta bizkortasuna”. Gainera, “ulertu behar da jende gazteak bere lana daukala, ikasketak, seme-alabak… borroka propioak. Eta lantaldeetan ez badaude ere, ekimen zehatzetan parte hartzeko prest egon badaude, eta azken unean beti agertu ohi dira gazteak”. Esaterako, deustuarrak, herrian Gazte Eguna ospatzen ari baziren ere, 17:30ean Bilbo erdigunera hurreratu ziren.
Tabua apurtzen
2014tik burutu duten lanean, besteak beste, “erabakitzeko eskubidearen tabua” neurri batean apurtzea lortu dute, “ezberdinen arteko kohesioaren” mesedetan. Nereak argiro dio, “duela hiruzpalau urte pertsona batengana jo eta erabakitzeko eskubidearen alde lanean ari ginela esanez gero zuzenean etiketa politikoa jartzen zizuten, eta zure ingurutik kanpoko inork ez zuen zurekin bat egiten, Deustualdean behintzat”. Tabu hori badoa “pixkanaka” apurtzen. Oraindik kostatzen da “betiko etiketa eta aurreiritziek egon badaudelako”, baina orain “askoz lasaiago eta garbiago ari gara”. Jonen iritziz, “gutxienez entzun egiten da, eta jendeak badaki zer den Gure Esku Dago eta erabakitzeko eskubidea”.
Ibarrekolandan, San Inazion eta Elorrietan batez ere ezker abertzaleko jendea aritu da lanean EAJko eta EAko kide batzurekin batera. Ezin izan dute Podemos-Ahal Duguko eta PSEko jendea erakarri, “nahiz saiatu garen”, dio Antonek. “Eurak ez dira gehiegi hurbildu eta agian guk ez dugu jakin ondo hurbiltzen”. Kontuak kontu, mugekin “berehala” egin dute topo. Auzotar batzuk izan ziren “ni ados nago, baina nire alderdia ez” erantzun zietenak. Azaldu zieten ez zutela pausorik emango “goitik agindua etorri ezean”. Zaila egin zaie erakunde edo taldekako antolaketa sistema gainditzea. Gure Eskuko dinamikak ez du bilatzen taldeen atxikimendurik, norbanakoena baizik, eta hala ere sarritan aurkitu dute “herri honetako antolaketa finko eta gogorra”. Aitortzen dute taldeetara jo dutela, esaterako, auzoetako kolektibo garrantzitsuetara, eta horrelakoetan informazioa ematerakoan, batzuk eta besteek “konfundituta” bukatu dutela.
“Hori politika da, eta gu ez gara politikan sartzen”, erantzuna behin baino gehiagotan jaso dute. Batik bat taldeak eta erakundeak ekitaldietan parte hartzeko inplikatu nahi izan dituztenean. Erantzunak, Nerearen ustez, adierazten du “gizartea ez dagoela prest horrelako gauza baterako”. Izan ere, “jakintzat eman dugu talde batean egotearen ondorioz ezin dugula beste talde batean dagoenaren ideia batzuk edota dinamika batzuk konpartitu, eta horregatik talde biak ez direla bateragarriak inondik inora. ‘Ez dugu politikarik nahi hemen, ez dugu arazorik nahi hemen’ diotenean, ez dira aurrepausoak ematera ausartzen. Eta hori askotan gertatu zaigu”. Adibidez, “askotan” gertatu zaie lekuren bat erabiltzeko baimena lortzeko zailtasunak izatea. Hemen, Bilbon, beste leku batzutan baino “traba gehiago” izan dituzte, besteak beste, areto publiko bat erabiltzeko edota argazki batzuk egiteko.
Une garrantzitsuak
Gure Esku Dagoren lau urteko ibilbidean herritarrei oroimenean txertatuta geratu zaie 2014an Durango eta Iruñea lotu zituen giza katea. Kate horretara heltzeko aurretiaz egin ziren batzar, agerraldi eta azalpenak are garrantzitsuagoak dira Alexen aburuz. Lehenengo urte hartako lana, alegia. “Lehen kolpean, hesi asko apurtu zirelako eta zubi asko eraiki zirelako”, eta horrek bere hitzetan “meritua du”.
Antonen arabera, bigarren urteko ehuntze eta joste-lana oso baliagarria izan zen Ibarrekolandan, San Inazion eta Elorrietan auzotarrak aktibatzeko. Celestino Maria del Arenal eta Levante plazan antolatu zituzten ekintzetan 100 lagun baino gehiago batzea lortu zuten. Espazio publikoa erabiliz asko izan ziren hurbildu zitzaizkien auzotarrak oihalen eta koloreen “sinbolismo handiak” erakarrita. “Jendea berotu zen eta lanean ibili zen”, gogoan du Antonek. “Estadioak betetzea lortu ez genuen arren”. Ez zuten asmatu apustuarekin. Erronka “handiegia” zela aitortzen dute denek.
Izan ere, lehen urtetik bigarren urtera, publiko kopuruari dagokionez, “argazkia ahulagoa” bada ere kanpotik begiratuta, Gure Esku Dagoren barruko lana herritarrekin “mamitsuagoa” izan da, eta harremanak “sakonagoak”. Nerearen iritzi, “giza katea jai egun gisa hartu zuten askok benetako konpromisoa kontutan hartu gabe. Ez ziren jabetu ondorengo lana zein zen, nora gindoazen, zein asmo genuen”. Oihalekin, aldiz, jendeari eskatu zioten beste lagun batzuk lotzeko, eta eskatutako konpromiso maila igo zen unean erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak “jaitsiera puntua” izan zuen 2015ean, “atzeko lanean” ari zirela, “harremanak errotzen”. Une zailenetako bat izan zen. Motelenetakoa. Norbanakoen konpromisoak biltzeko fasea. Babesaren zabaltzea “esponentzialki hazi ez bazen ere”, zenbakietatik haratago, “harremanak sendotzeko helburua” bete zuten.
Irakurketa
Galdeketak egin dituzten herrietan izan diren parte-hartze kopuruak ere eragin ditu eztabaida ugari. Baita Gure Esku Dagoren baitan ere. “Batzuentzat parte-hartzea txikia da %54koa ere”, Alexen esanetan. Irakurketa ezkorraren lekuan baikorra egitearen aldekoa da bera, “autozigortzera” egiten dugulako. “Harriak botatzen dizkiogu gure teilatuari”. Irakurketa biak egitea garrantzitsua da, baina batik bat kontsultak egin diren tokian tokiko baldintzak ezagutzen dituzten herritarren balorazioa eta probintzia mailako batzordearena kontutan hartzea. Kanpotik egindako irakurketa pertsonalen gainetik, barrutik egindakoa eta orokorra hobesten dute: “Gure iritzi pertsonala ematen bukatzen dugu, eta ez da komenigarria kalean islatzen dena irakurketa ezkorra delako”.
“Badirudi gutxi garela”, dio Jonek zenbakiei buruz, “baina katalanek zioten eurak hasi zirenean duela 10 urte gu baino askoz gutxiago zirela. Apurka-apurka egin dute aurrera, kontua da une batean beste faktore batzuk puztu zutela procés-a, etakristoren olatua etorri zitzaiela”. Bartzelonan, adibidez, parte-hartzea ez zen %3ra heldu. “Zenbakiak hotzak eta maneiagarriak dira. Guk denbora gutxiago daramagu lanean, eta lau urte hauetan lortu dugu eragitea”.
Antonek ez du arazorik galdeketetan parte-hartze handiagoa espero zuela esateko. “Askoz gehiago” espero zuen, eta datuak ikusita “errealitate gordinarekin” tope egin du. “Galdeketa antolatzeko gaitasuna badaukagula erakutsi dugu, baina ez gara gai izan neurri berean jendea botoa ematera eramateko”. Horretagatik du pena.
Nereak ez du komunikabidetan entzun edo irakuri Gure Esku Dagoko zuzendaritzak edota herrialde bakoitzeko asanbladetan egin den irakurketa. Aipatzen duenez, “ez da hedabideetara irten hedabideek bestelako interesak dituztelako”.
Zein da irakurketa hori? “Inolako bitarteko gabe, inolako laguntza ofizialik gabe, herritar taldeek beren udalerrietan, beren borondatez batuta, urratsak eman dituztela legezkoak diren galdeketa herritarrak antolatzeko. Ez dena makala”. Inolaz ere. Horretarako beharrezko sinadurak lortu dituzte, propaganda egin dute, sare informatiboa sortu dute datu basea kontrolatzeko... “Etxea osorik muntatu dugu. Kartoizko hautetsontziak ere egin ditugu”.
Komunibide guztiak ez dira berdinak. Txikiek eta tokikoek Gure Esku Dagoren “prozesu osoari” tartea eskaini dioten bitartean, komunikabide handiak eta indartsuak “zertzela batzuk” ematera mugatu dira, eta horrek “eragina dauka”. Taldekideek badakite hedabide handien edukietan egun lekua egitea zaila bada, “mundua dagoen moduan egonik”, duela urte “ezinezkoa” zela: “Erabat zikinduta zegoen Gure Esku Dagoren izena orduan. Gaur, aldiz, 25 herritan egin behar da galdeketa telebistan minutu eta erdi agertzeko”. Bestela, 20 segundorekin edo 10. orrian abiste txiki batean agertzearekin konformatu behar dute. Minez hitz egiten dute, “sekulako lanaren ondorioa” komunikabideetan ez agertzeak min egiten dielako. Komunikabide handien babesa izateak “asko” lagundu diela ondotxo dakite. Baina “gure erraliatea onartu behar dugu, eta hori aldatzen egin behar dugu lan”.
Zailtasun gehiago
Boluntarioek “leher eginda bukatu dute” galdeketak burutu diren herri askotan. Azken hilebetetan lantaldeetako kideek “ez dute beste ezer izan buruan”. Bilbon ere, “arratsalde bateko ‘tontokeria’ egiteko denbora piloa” eman dute prestaketan. Horregatik da hain garrantzitsua jendearen babesa, ez soilik lanak banatzeko, baita “prozesuan urratsak emateko eta prozesuari zilagitasuna emateko ere”.
Ibarrekonladan, San Inazion eta Elorrietan pozik daude 2014an 15 kiderekin sortu zen auzotarren taldeari “eustea” lortu baitute. Deustun, berriz, hasieran hurbildu ziren herritarrei gehiago kostatu zaie taldean jarraitzea. “Laguntzeko prest dago jendea”, Alexen hitzetan, “baina ezin du bileretara etorri. Dena den, erraz nekatzen da jendea. Erraz nekatzen gara denok”.
Bada aurrerapenik ere. Bilbon zazpi-zortzi auzotan dauden Gure Esku Dagoko lantaldeak, “oso desberdinak”, ikasturte honetan koordinatu dira modu sistematikoan. Une honetan Euska Herrian dagoen egitura herritar handienetakoa da Gure Esku Dago. Hedatuenetakoa. Hainbeste herritan dago taldetxoa martxan. Oso zabalduta egon arren, ez du “egitura indartsurik”. Horregatik “inprobisatzen ibili behar dugu”. 2018-2019ko barne-orria etengabe berregiten ari dira.
Zailtasunengatik galdetuta, “eguneroko lana” aipatzen du Antonek eta “gehiengoaren pasibotasuna” Nereak. Biak osagarriak dira. Eguneroko informazio eta aktibazio-lanean sumatu duten herritar askoren pasibotasuna dute aurkari nagusi: “Erabakitzeko eskubidearen aurka dagoela dioen pertsona batekin arrazoiak emanez eztabaida izan dezakegu, baina berdin dion pertsona bat aktibatzea da zailena, bost axola dio; eta hori da pertsona askoren kasua”.
Herritarron ituna
Erabakitzeko eskubidearen inguruan lau urteko ibilbidean jasotako ideia, proposamen eta ekarpenak biltzen dituen txostena, Herritarron Ituna izenekoa, aurkeztu zuen Bilbon ekainaren 10ean Gure Esku Dagok. Aurrera begirako “lan tresna”. Itunaren bidez erakundeekin, alderdiekin… oro har “talde finkatuekin lan egin ahal izatea” du helburutzat. Orain arteko zailtasunak gainditzeko. “Talde batzuk busti behar dute bai edo bai hiritarrak aktibatzea nahi badugu”. Eta itunak lan hori egiteko balio izatea espero du Nereak.
Talde guztietara heltzeko, taldekideei ituna aurkezteko eta taldekideekin eztabaidatzeko “gai bagara” dio Antonek, “baina ez dakit indar nahikoa izango dugun. Ahalegin izugarria egin beharko dugu”. Hurrengo pausoak oso zailtzat ditu. “Baina atzerantz ez goaz”. “Pauso txikiekin”, orain arte bezala egingo dute aurrera. Egia da, “nahiko genukeena baino astiroago” egin dutela aurrera, baina Alexen arabera, azken bost urtetan “nabarmen gehiago” egiten da berba erabakitzeko eskubidearen kontura. “Noraino bai noraino ez, zelan bai zelan ez. Hori lehen ez zen horrela”. Gure Esku dagoko lantaldeak “bagara horren eragile”, eta “horretan jarraitu behar dugu”.
Abiadura bizkortzeko “herritarrak ahalduntzea” funtsezkotzat jotzen du Alexek. Gizartea “boteretu” ezean erakunde eta alderdiak ez direla mugituko pentsatzen du. Boteretzean “mugiaraziko ditugu talde estankoak, nor berera begira dauden taldeak”. Zorionez, Jonen iritziz, ahalduntzea martxan dago. “Jendeak lotsa apur bat galdu du. Herritarrak berotu dira, eta hurrengo ekimenetara gehiago hurbilduko dira propaganda ondo egiten badugu eta komunikabideek zertxobait laguntzen badigute”.
Hurrengo erronkarako prest daude hortaz. Kalean egoteko eta bulego batera eta bestera joateko “irribartsu, zoriontsu eta proposamenekin”. Orain arte bezala. Hori da Gure Esku Dagoren “gakoa” ahalik eta jende gehien biltzeko “herri bezala dugun eskubidearen alde”.