Leire Aparicio: “Musikarekin datorrena datorrela, hartu eta aprobetxatuko dut"

uriola.eus 2017ko uzt. 13a, 10:32

Argazkiak: Leire Aparicio

Facebook kontua zabaltzean Leire Apariciok ez zuen bere izena bertan agertzea nahi eta Lorelei Green asmatu zuen. Musikan urratsak egin ahala, ezizena izen artistikoa bihurtu da. Gaur egun bertatik bertara dabil Leire, 'Aviones de papel' (Audio Effect, 2017) disko berria zein kanta berriak aurkezten. Joan den ostiralean, adibidez, FNACen egon zen. 

Escribo, canto y cuento canciones”. Nor da, nortzuk zarete Lorelei Green?

Berez Lorelei Green bakarka hasi nuen, besterik gabe, baina zorte handia izan dut bidean eta topatu izan ditudan pertsonak ere horren parte izan dira. Nigatik behintzat Lorelei Green beti izaten dira taldean nirekin jotzen dutenak, eta beraiek ere hala uste dute. Nor den Lorelei Green? Momentuan proiektu honetan sartu diren pertsonak, Adrián Santamaría (perkusioa), Alex de Antonio (kontrabaxua) eta Iratxe Gaztañaga (bigarren ahotsa), nire talde direnak.

Aurten 'Aviones de papel' (Audio Effect, 2017) atera duzue eta laster '500 detalles más' labetik aterako da.

Egia esan, hori errakuntza bat izan da. Diskoa duela gutxi atera genuen eta bestea prestatzen ari gara. Hamar abesti berri daude, eta hurrengo diskoa grabatzeko irrikaz gaude guztiok, baina lehen diskoa ondo saldu arte itxaron behar dugu, kanta zaharrak ere erakusteko. Kanta berriei, gainera, buelta gehiago eman behar dizkiot, grabatzean kantak itxita eramatea gustatzen zaidalako, grabazioan ziur egotea gustuko dudalako.

Hala eta guztiz ere, uzta oparoa 2017koa. Nondik datorkizu inspirazioa?

Bizitzatik, egunerokotik, gertatzen zaizkidan gauzetatik, eta besteei gertatzen zaizkienek ere ukitzen naute. Abesti asko dira baina, adibidez, 'Aviones de Papel'-en daudenak duela hiruzpalau urte hasi nintzen konposatzen, hiruzpalau urte ibili naiz abesti horiek tabernetan, aretoetan, leku guztietan jotzen, eta berez, hura grabatu nuenean besteak eginda neuzkan, orduan erabaki nuen bi faseetan antolatzea: lehenengo diskoan lehengo fasean egin nuena sartzea eta kanta berriagoak grabatzeko itxarotea.  

Letrei erreparatuz esan daiteke biluzik ateratzen zaretela jendaurrean.

Nahiko biluzik, bai, eta batzuetan abestean sentitzen duzu biluzik zaudela baina besteetan ez, konektatzeko eragatik ere bai. Entzule batzuk musika entzutera joaten dira eta beste batzuei igartzen zaie musika eta letra entzuten ari direla eta segun eta hori nola gertatzen den biluzik sentitzen zara ala ez, segun eta nola begiratzen dizuten. Adibidez, batzuk zuri begira daude erritmoa eramaten eta ez zara hain biluzik sentitzen, baina beste batzuetan entzuleek 'baietz' egiten dute buruarekin-edo eta konektatzeko era ezberdina da, batzuetan oso kontziente gara biluzik gaudela. 

El humor nos va a salvar, zer diozu?

Baietz!

Zergatik?

Egia esan kanta hori aro arrarotxo batean egin nuen. Nik benetan sentitzen nuen egunerokoan lagunekin egiten nituen barreek eta halakoek salbatzen nindutela, egunak bukatu eta horrekin geratzen nintzen beti. Asko gustatzen zait kanta baina, ez dakit, ez dut gehiegi jo. Kontatu behar nuen, baina eszenatokian ez dut askotan abestu, ez dut abesteko gogorik izan. 

Beste bat, La perfección nunca fue mi afán. Asmo aitorpena al da? 

Nahiko definitzen nauen esaldia da hori. Badago jendea perfekzioaren bila dabilena eta nik nire inperfekziotxoak oso presente izan ditut beti. Gaur, adibidez, berandu heldu naiz elkarrizketara (barreak). Abesti hori hain zuzen, Aviones de Papel; diskoari izena ematen diona, esalditxoez eginda dago eta esaldi horretan batez ere ikusten dut nire burua islatuta. 

Bertatik bertara zabiltzate kontzertuak ematen, diskoak harrera ona izan duen seinale. Urte askotako lanaren ondorioa da?

Bada ondorioa, bai, baina egia esan musikarekin ez dut inoiz itxaropen handirik izan, beti pentsatu dut ahal dudan beste lan eskainiko diodala, pasioa eta denbora jarriko ditudala, eta datorrena datorrela, hartu eta aprobetxatuko dudala. Oso pozik nago harrerarekin eta uste dut nire ibilbidean zorte handia izan dudala, lan handia egon da, baina zorte handia ere bai. Nire ingurukoek lagundu didate, leku askotan jotzeko deitzen naute, adibidez, Bilbon oso arraroa izan da nik kontzertu bat bilatzea, deitu izan didate, eta kanpoan jo dudanean lagun musikariek deitu naute. Lan handia egon da atzetik, eta beti pozten nau ez dakit non jotzeko dei bat jasotzeak. Nahasketa da. 

Ekainean Deustuko Gazte Egunean jo zenuten. Etxean bezala inon ez? 

Etxean bezala inon ez! Oso goiz jo genuen, 'gosari akustikoa' izan zen, kontzeptua asko gustatu zitzaidan. Gu han agertu ginen, ez genekien zer giro egongo zen, eta giro aparta topatu genuen. Jendea adi egon zen, musika entzuten, oso polita izan zen. Bertan esan nuen gure auzoan jotzen ari ginela, entzuleen artean egunero gurutzatzen dugun jendea zegoela, izan ere, pasa den egunean Burgosen jo genuen eta itzela izan zen, baina etxean jotzeak badu bere xarma. 

Eta hemendik aurrera zer asmo daukazue buruan? 

Urtarriletik aurrera bideo on bat atera nahi dugu. Gaur egun euskarri digitala beharrezkoa da jendeak kanta patxadaz ikusi eta entzun dezan. Gure asmoa da laukote batekin grabatzea, kalean edo leku polit batean egin nahiko genuke. Ideia ez dugu guztiz garatu baina buruari bueltaka gabiltza. Duela oso gutxi hasi ginen kontrabaxu-jole batekin jotzen eta berarekin ari gara ikusten zelan egin horrelako bideoren bat grabatzeko.

TwoBaskosen bideoen modukoa litzateke?  

TwoBaskoseko batekin topo egin nuen duela gutxi eta komentatu zidan bideo berriak egiteko aukera. Proposamena hor dago eta gure asmoa da bideoren bat egitea baina aldi berean leku guztietatik gure musikarekin jo eta su jarraitzea, disko berria atera baino lehen nahiko genukeelako gure abesti berriak formatu erakargarrian zabaldu.