San Inazioko XL jaiak

prestaldizkaria 2017ko uzt. 24a, 09:32

Aurten San Inazioko Jai Batzordeak 40 urte beteko ditu, eta horregatik izango dira jaiak XL tamainakoak. Umeentzako eta nagusientzako programazioa indartu dute batzordekideek, eta jarduerak auzo osora zabalduko dituzte.

Ikasturte honetan erronka handia izan dute San Inazioko Jai Batzordeko lagunek: "Jaiak benetan parte-hartzaileak izatea, eta auzotar guztion artean antolatzea".

Hori dela eta, ekainaren 23an ospatu zuten Eki Egunean Elorrieta, Ibarrekolanda eta San Inazioko Jai Batzordeak elkarlanean, egun osoko egitarau oparoa prestatu zuten. Beste urte batzuetan ere saiatu dira indarrak batu eta jaia elkarrekin ospatzen, baina ez dute lortu "batzuon eta besteon auzoko jaiak data desberdinetan izaten baitira, eta denok ez baitugu lan karga bera izaten urte sasoi horretan". Aurten, hala ere, "denboraz ibili gara eta guztion artean antolatu ahal izan dugu jaia".

San Inazioko jaiei begira, prozesu parte-hartzaile bat jarri zuten martxan. Auzoko eragile, talde, eta komertzio desberdinengana hurbildu ziren, haien proposamenak entzun eta jaietan era batean edo bestean parte hartzeko gonbitea luzatuz. Ondorioz, aurten San Inazioko abesbatzaren ikuskizuna izango da Lebanten larunbatean, eta astean zehar umeentzako kantu tailerrak egingo dituzte.

 

Berrikuntza handiak

Jaietan berrikuntza handiak izango dira aurten. Lehenik eta behin txosnaguneko espazioaren banaketa. Jai Batzordearen 40 urteurrena ospatzeko aldaketa handien aldeko apustua egin dute. Horregatik, Lebante enparantzaren banaketa "zeharo desberdina da" aurten. Eszenatokia karparen barruan dago, eta txosnak inguruan, itxura guztiz desberdina emanez plazari.

Oro har, aurtengo programa "askoz auzotarragoa" da. Larunbatean, XL Eguna ospatuko dute, eta auzoko eta inguruko musika taldeen kontzertuak izango dira auzo osoan zehar. Gainera, erasoen aurrean "San Inaziorako espresuki sortutako protokolo feminista" ere jarriko da martxan, Errondoko Auzo Etxeko talde feministak osatutakoa. Astean zehar ere hainbat ekintza egingo dituzte plazan.

Bestalde, iaz bezala, sagardotegia egongo da Lebanteko beheko aldean. "Apustu handia izan zen sagardotegiarena eta auzotarrak nahiko pozik egon ziren planteamenduarekin. Izan ere, programazioari kaleko eskaintza gehitzeaz gain, sagardotegiari esker Lebanteko txosna gunea eta kale nagusiko barraka eta tabernen guneak lotzea lortu genuen", diote batzordekideek.

Programazio guztia "estu-estu sartu" behar izan dutela aitortzen dute "Jaiak beste urte batzuetan baino laburragoak izango dira, eta inoiz baino eskaintza zabalagoa daukagu". Programazioan egun aldaketa batzuk ere egin behar izan dituzte, "ekintza guztiak ondo ahokatze aldera". Hala ere, "gustu guztientzako aukera zabala egongo da egunero, eta jarduerak San Inazio osora zabalduko dira, ez soilik Lebante enparantzara". 

facebook.com/saniko.jaiba