Conchi Maoño, artisaua: “Etengabe birziklatzen ari naiz, egun guztiak desberdinak dira niretzat”

prestaldizkaria 2017ko abu. 14a, 08:00

Argazkiak: Humberto Bilbao

Bitxi bat zein zaldi bat egiteko gai da. Edozein materialekin. Denetarik erabiltzen du bere sormen-lanetarako. Besteak beste, erraldoien buruak egiteko. Deustuko erraldoienak eta beste askorenak Conchi Maoño eskulturgile eta artisauak sortuak dira. 

Zertan ari zara orain?

Bitxiak egiten, zilarrarekin eta portzelanarekin saiakuntzak egiten. Bihar egun ekoizteko eta saltzeko. Gustuko dut bitxigintza betidanik. 

Artisau gisa zein arlotan hasi zinen?

Zeramikarekin hasi nintzen. Urte asko eman nituen antzerki taldeentzat eszenografiako eta atrezzoko elementuak egiten. Erraldoiak ere egin ditut, asko. 

Kukubiltxorentzat lan asko egindakoa zara. Zer, adibidez?

Kale antzezlanetarako eta aretoko antzezlanetarako beharrezkoa zen guztia: panpinak, txotxongiloak, latexarekin egindako objektuak... 

Zein material landu duzu?

Denetarik, ia material guztiak erabili ditut bereizi gabe. Lehen igeltsuzko moldeekin lan asko egiten nuen, orain berriz molde gehienak silikonazkoak dira. Batez ere pieza asko egiteko erabiltzen dira silikonazko moldeak, hondatzen ez direlako. Igeltsuzko moldeak zurrunak izaki, apurtu beharra zegoen pieza ateratzeko. 

Kukubiltxoren garaitik zer duzu gogoan?
Oroitzapen asko gordetzen ditut. Aintzindaria izan zen Euskal Herrian antzerki eta arte eszenikoen arloan. Gainera, oso bizitza luzea izan zuen taldeak. Proiektu guztiak ezberdinak ziren, eta lan berriren batekin hasi arte ez zegoen asmatzerik zer lan egingo nuen. Dena zen erronka. 

Beste antzerki talde batzurekin ere ibili zara lanean.

Noizbehinka antzerki talderen batekin parte hartzen dut. Deabru Beltzak taldeko azken ikuskizunerako, esaterako, larruzko kasko batzuk sortu ditut. Antzerkian edozein material erabili behar duzu, ezin duzu mugatu poliesterrera soilik. Batzutan kaskoak eskatzen dizkizute eta larruzkoak edo gomaespumazkoak izan behar dira. 

Zein material duzu gustukoen?

Buztina, egia esan. Gauza asko egiteko aukera ematen du buztinak. Gauza handiak, adibidez, buruak gero modelatzeko, edo gauza txikiak, esaterako, bitxigintzan erabiltzeko. 

Erraldoi egilea ere bazara. Zer dela eta?

Usadio handia dagoelako Euskal Herrian, eta oraindik ere eusten zaiolako erraldoien ohiturari. Ez du zailtasun berezirik erraldoientzat buruak egiteak norbaiten antza izan behar duela eskatzen dizutenean salbu. Iaz Agirre lehendakariaren erraldoiaren burua egiteko eskatu zidaten. Erraldoi bat ez da karikatura bat, baina ez dago urruti. Erraldoiak karikatura baten itxura handiagoa izan ohi du benetako pertsonarena baino. Ez da erraza pertsona hori barregarri ez uztea. 

Agirre lehendakariaren erraldoiari buruz zer dio jendeak?

Jendeari gustatu zaiola uste dut. Nik burua egin nuen, baina ez dut bukatuta ikusi oraindik. 

Zure buruhandietako batekin aurrez aurre topo egiten duzunean, zer datorkizu burura?

Lanarekin pozik geratu banaiz sentipen goxoa izaten dut, gustura geratzen naiz begira. Baina beti ez dut pozik bukatzen. Batzutan nire buruari esaten diot ‘hori beste era batera egin behar nuen’. Presiopean lan egiten duzunean, bizkor edo ez baldintza onetan emaitza ia beti ez da gustukoa izaten. 

Erraldoi gehiagorik egingo duzu?

Entzun dudanez lehiaketa bat abian jarri dute Agirre lehendakariaren erraldoiari bikotea aurkitzeko. Erraldoiak kalejiran binaka ibiltzen baitira. Bikotea behar du hortaz, eta agian egin egin beharko dut. 

Zure sormen-lanak non saltzen dituzu?

Enkargupean saldu ohi ditut. Deustuko tailerrean batik bat. Italian ere bai. Egia esan, ez dut askorik saltzen ez baitut publizitate askorik egiten. 

Italian? Nolatan?

Italiarrek gustuko dute artisautza. Oro har italiarrak prest daude artisau lanengatik ordaintzeko. Kontaktuak ditut, eta euren bitartez saltzen dut han. 

Plazaz plaza ibiltzen zara?

Merkatu eta azoketatik urruti nabil aspaldian. Lehen ibiltzen nintzen. Oso dibertigarria zen. Gazteagoa ere banintzen, eta kanpora irteteko eta jendea ezagutzeko gogotsu nengoen. Horretarako energia izatea beharrezkoa da, baina. 

Krisitik burua altxatzen ari omen gara. Igarri duzu hobekuntzarik?

Lanean ari diren kideak ditut, ondo dabiltzanak, asko mugitzen direnak. Aurrera egiteko gakoa asko mugitzea da. Sare sozialak erabiltzeak, esaterako, egun ateak zabaltzeko balio du. Nire kasuan, etengabe birziklatzen ari naiz, egun guztiak desberdinak dira. Gauza oso desberdinak egiten ditut, eta ez dut neurgailurik. Bulegora zoazenean badakizu zer egin behar duzun, baina lanbide honetan ez dago jakiterik. Gaur ‘zaldi bat egizu’ esaten didate eta bihar gauza txikitxo bat egiteko. Kontrastez betetako mundua da hau. 

Azkenaldi honetan sirenak sortu dituzu zeramikarekin.

Lehenengoak biluzik zeuden eta gerokoak jantzi egin ditut. Kamiseta eta bakeroak ere irudikatu dizkiet, zerbait desberdina egiteko. Gustuko zerbait aurkitzen dudanean bide desberdinak urratzen ditut. Eta norbaitek ‘ze politak’ esanez gero gehiago egiten ditut. Gauza txikiak, detailedunak egitea gustuko dut. 

Eta zeramikazko antxoak.

Turistek bertoko zerbait tipikoa delakoan erosten dituzte Bilboko denda batean. Ez da tipikoa paparreko orratz bezala antxoa bat eramatea, baina jendeak gustuko du. 

Zer duzu egiteko?

Gustuko lanean dihardut orain, zilarrarekin lanean, pieza txikiekin. Izatez, zilargintzan hasiberria naiz. Konplexua da, baina eginez eta probatuz ikusiko dugu zer ateratzen den. 

Zein lanekin harrotzen zara?

Bilboko erraldoien artean, Pitxitxi eta Minarekin. Oso barregarri geratu ziren eta askatasunez lan egin nuen, antzik izango zuten ardurarik gabe. Presiopean lan egiten duzunean oro har emaitza ez da ona izaten. Denboraren presioarekin lan egiteko modua daukazu, baina bestelako presioekin ez naiz ondo konpontzen.