Errondoko Auzo Etxea

Errondoko Auzo Etxeko lagunak 2017ko abu. 14a, 07:00

Argazkiak: Errondoko Auzo Etxea

Apirilarekin batera, ez zen hilabete bat soilik hasi. San Inazio eta Ibarrekolanda auzoen artean, hainbat amets piztu ziren.

Apirilaren lehenean, San Inazio eta Ibarrekolandako hainbat auzotarrok urteetan hutsik egondako lokal baten ateak ireki genituen. Baina ezin esan daiteke egun horretako lorpenik handiena espazio baten berreskurapena izan zenik; apirilaren batean San Inazio eta Ibarrekolandan auzotarrontzako antolakuntza, elkargune eta kontrabotererako erreminta bat sortu genuen.

Denbora generaman auzoa itzaltzen ari zelako kezkatuta, auzoko komertzio txikien desagerpenak eta aisiarako aukera faltak jendearen pasibotasun eta indibidualtasunean eragin duelako.

Inposatutako errealitate gordin horren aurrean gure errealitate kontrajarri eta autonomoa amestu genuen. Gure interesak asetze aldera espazio bat askatzeko beharraz jabetzen hasi ginen, ideia multzo hauek praktikara eramateko.

Esan daiteke San Inazion okupazio mugimendua beti egon dela presente. San Inazioko Kultur Etxea (SIKE) desagertu ostean ere, bere tokia izaten jarraitu zuen auzoan, hainbat gorabehera tartean. Espazio bat gureganatzeko ahalegina behin eta berriro zapuztua izan zen. Horren ondorioz, mugimendua pixkanaka ahultzen joan zen, 2017. urte hau indarrez hartu dugun arte.

Auzoa berpizteko konpromisoa hartuta, apirilaren lehenean Navarro Villoslada kaleko Eroski zaharreko ateak auzotar guztiontzako ireki genituen. Hogei urte inguru hutsik egondako lokal ahaztua orain bizitzaz bete da. Zinema, antzokia, eszenatokia, bilera gela, liburutegia, jolastokia, jangela, hausnarketa txokoa, eztabaida gunea, gimnasioa edota tailerra bihurtu da, unearen arabera.

Ideologia desberdinetako pertsonak elkartu gara Errondokon. Askok ez genuen elkar ezagutzen, baina auzolanean amets bera lortzearen alde ari gara borrokan: kontzientziak piztuz auzo bizi eta aktibo bat lortzea.

Hasiera oso bizigarria eta indargarria izan zen guztiontzat. Lehenengo asteak gau eta egun eman genituen lanean: egunero asanbladak, garbiketa, zaintzak, paretak konpontzea eta margotzea, altzariak bilatzea, gunea txukuntzea eta atontzea… Lan egunak elkarren artean kateatzen ziren.

Auzoko eta inguruko jendea hurbildu zitzaigun laguntza eskaintzera. Bilboko gaztetxe eta gune okupatuetako jendea, inguruko herrietako lagunak… kanpotik jasotako elkartasuna eta laguntza berebizikoa izan da guretzat hastapenetan. Mahai inguru bat ere burutu genuen non Bilbo inguruko lokal okupatu eta autogestionatuetako kideek haien okupazio esperientziak azaldu zizkiguten.

Hilabete gelditu barik lanean igaro ostean, geldiune bat egin eta guztion artean patxadaz hausnartzeko beta hartu genuen, maiatzaren 7an lehen asanblada orokorra burutuz. Ordura arte egunero egiten genituen asanbladak, gauza asko baikenituen eztabaidatzeko, gehienak logistikarekin lotutakoak.

Maiatzaren 7an, baina, Auzo Etxearen alderdi teoriko eta politikoak landu genituen. Lehenengo aldia izan zen auzo etxean parte hartzen genuen pertsona guztiak elkartu eta hainbat gai eztabaidatzen genituela: internazionalismoa, feminismoa, antikapitalismoa… Mugimenduaren oinarriak, helburuak eta lan egiteko modua eztabaidatu genituen, espazioaren ildo politikoa zehazte aldera.

Zergatik Errondoko?

Lehen asanblada orokor horretan hartutako erabakietako bat espazioaren izena eta logo berriaren aukeraketa izan zen. Hasieratik 'auzo etxe' izenez definitu genuen gure burua, auzotar guztiontzako tresna izatea nahi baikenuen.

Askotan galdetu izan zaigu 'zergatik ez gaztetxe bat?', eta gure erantzuna berdina izan da beti: espazio honek auzoa aktibatzeko tresna izan behar badu, auzotar guztion elkarlanez behar du eraikia izan, eta ezin da sektore bakarrera mugatu.

Besteak beste, asanbladan espazioaren izen berria adostu genuen: Errondoko Auzo Etxea. Jakina denez, San Inazio eta Ibarrekolanda auzoak ez dira beti adreilu eta porlanezkoak izan. Orain errepide eta eraikinak dauden tokian bertan, garai batean landa berde eta zabala zegoen. Bertan, baserriak, ortuak eta zenbait txakolindegi zeuden, tartean Errondoko izeneko bat, egun Auzo Etxea dagoen inguruan zegoena.

Errondoko izenarekin, auzo bizi, solidario eta aktiboa aldarrikatu nahi dugu, Azkuna eta Aburtoren hiri eredu burges, merkantilista eta elitistaren aurrean. Alta, hiriaren hedapen eta urbanizazio basatiak desagerrarazitako landa eremu naturala ekarri nahi dugu gogora, Francoren gobernu faxistak ingurua bereganatu eta adreiluz zein porlanez bete eta baserritarrak kanporatu baino lehen zegoena.

850 kilometrotatik

Pixkanaka-pixkanaka, espazioa bera eraldatzen joan gara: hormak konpondu, garbitu, margotu… Argazkietan ikus daitekeen bezala, mural bat ere egin dugu, Itziar Moreno auzokideak Roanneko (Frantzia) kartzelatik bidalitako marrazkiarekin.

Kartzelan preso egonagatik ere, sei urte luze hauetan zehar artelan ezberdinak egin izan ditu, emakumea ardatz harturik eta errepresioa zein dominazio forma guztiak salatuz. Artea kartzela barrutik borrokan jarraitzeko eta bere sentimenduak eta ideiak adierazteko tresna gisa erabiltzen du Itziarrek.

Hau horrela izanik Auzo Etxearentzako egindako murala sinbologiaz beteta dago. Kolore moreak borroka feminista adierazten du eta laranjak, berriz, okupazioari egiten dio erreferentzia. Horma apurtzen duen geziarekin, hutsik eta hilda dauden espazioen harresi zaharrak apurtu eta espazio hauek argitu eta berpiztearen aldarrikapena egin nahi du.

Udako programazioa

Uda bitartean Errondokoko tailer gehienak eten ditugu. Ez oporrak hartzeko, baizik eta indar guztiak auzolanean espazioa atontzen eta txukuntzen jarraitzeko. Oraingoz, liburutegia prest dugu jada, auzotarrek emandako liburuz beteta, eta sukaldea prestatzen ari gara.

Astearteetako zinema eta asteazkenetako asanbladak ere mantendu ditugu, taldearen funtzionamendurako ezinbestekoak direnak. San Inazioko jaietan ere presente egon gara, Gazte Asanbladarekin batera txosna jarriz Lebante plazan eta uztailaren 26an I. Auzo Eguna ospatuz.

Oraindik ere lan asko dago egiteko, baina indarrak ez zaizkigu agortu. Lanean jarraituko dugu Errondoko auzotar guztiona izan dadin, denok parte har dezagun, eta behingoz auzoa herritarrona izan dadin.

Errondokori esker hainbat lotura sortu ditugu auzotarron artean eta pixkanaka konpromisoz osatutako sare txiki bat ehuntzen ari gara, Eroski zahar bateko lau paretetatik askoz haratago doana. Horregatik, gure ekintzak ez dira espaziora soilik mugatzen, hau berau herria antolatzeko aitzakia baino ez izanik, gure jomuga auzoa eta kaleak berpiztea izango baita beti.

Errondoko Auzo Etxea

Navarro Villoslada 12

@Errondokopiztuz 

facebook.com/Errondokopiztuz

errondokoae@gmail.com