Bi lagun bertaratuko dira gaur goizean Bilboko Udalera atzo Deustuko Gazte Lokalean postaz jasotako oharrarekin. "Jakinarazpen ofiziala", hortaz, gaur jasoko dute. Okupazio Bulegora joko dute gero "zer egin dezakegun jakiteko", diotenez. 20:00etan, berriz, asanblada orokorra egitekoak dira Gazte Lokaleko lagunak, "erabakiren bat hartzeko".
Etxarri eta Izarbeltzen ostean, "alertan" zeudela aitortzen dute gazteek. "Kezka" bazutela, baina horrelako "ohar irmo bat" jasotzen duten lehen aldia da Gazte Lokaleko kideen esanetan. Uda baino lehen Bilboko Udalaren hainbat ohar jaso zituzten, "Bilboko beste gaztetxe batzuk bezala", Elkarbizitzarako Behatokian parte hartzeko. Gazteek ez diete ohar horiei erantzun.
Gazte Lokala, Udalaren jabetzakoa, 1991n okupatu zuen Deustuko gazte kuadrilla batek. Handik urte batzutara ondoko eraikina, Txoritegia, okupatu zuten. Gazte Asanbladak hitzarmena adostuta du Bilboko Udalarekin bi espazioak erabiltzeko. Hitzarmen hori indarrean dago oraindik.
Egoera berri honen aurrean, "indartzeko gogoa" sentitzen dutela diote Deustuko Gazte Lokaleko lagunek.