Berbaizu euskara elkarteak Deustualdeko hainbat esparrutako euskaldunak bildu ditu Mullerenean. Asko elkarteko bazkideak dira. Aurten, Euskararen Egunaren jira-biran, 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzeko proposamena luzatu die elkarteak. Ahobizi eta belarriprest izateko konpromisoa har dezatela, alegia. Lasarten edota Agurainen egin duten antzera, Deustun aktibazio ekimena martxan jarri nahi dute. Eta ondo bidean, 2018an Euskal Herri mailan gauzatuko den egitasmoa urtebete lehenago probatuko dute deustuarrek.
Hortaz, 2018ko deialdi nagusiaren aurretik, Deustuko egitasmoak "beroketa gisa balioko du" Imanol Berbaizuko kidearen esanetan. Gustuko du proposamena, baina ondotxo daki Deustualdean euskaldunak eta erdaldunak euskaraz hitz egiten eta entzuten jartzea erronka handia dela: "Erronka beti da erdal mundua euskal mundura ekartzea. Nola erakarri Pabellon 6, Stelite T, poteo guneetako tabernak, gazteak? Horrelako ekimenak baliogarriak dira ikusarazteko asko dagoela egiteko hizkuntzaren inguruan".
Ana Ruth "saitzeko prest" dago, berarentzat erdera erabiltzea errazagoa den arren. "Euskaraz hitz egingo dut ahal dudan guztietan. Hamaika egunez saiatuko gara ohiturak aldatzen", dio.
Itsaso egitasmoaren zabalpenarekin kezkatuta dago. "Zabaldu egin behar da, jendeak jakin behar du 11 egun euskaraz ekimenaren berri". Bestela, ezerezean geratuko dela uste du, "euskararen txantxangorria bezala". Zabalpen lan horretan, gogoa piztea jotzen du garrantzitsutzat. Esaterako, "guraso elkarteetako kide bakar baten interesa piztea ez da nahikoa, kide guztien interesa piztu behar da", Itsasoren iritziz.
Bi hilabeteko tartea dago zabalpen lana egiteko. Hori izango da, besteak beste, egitasmoaren hurrengo urratsak zehazteko propio sortuko den lantaldearen zeregina. Berbaizu elkartetik aparteko lantaldea izango da, anitza izan nahi duena, bai Deustualdeko auzoei bai belaunaldiei begira, "esparru desberdinetan eta pertsona kopuru handienean eragiteko".
Bitartean, hainbat jarduera antolatuko ditu Berbaizu elkarteak. Garrantzitsuenetakoa irailaren 28an, 19:00etan Bidarte udaltegian eskainiko duten Euskaraz bizitzeko esperientziak: Lasarte eta Agurain berbaldia izango da. Bertan Ainhoa Arbaizak -75 ordu euskaraz- eta Joxe Pikabeak -Euskararen maratoia: baietz 40 egun euskaraz!- nork bere herrian burututako egitasmoetan bizitakoak konpartituko dituzte. Besteak beste, deustuarrentzat oso baliagarriak izango diren hainbat gomendio eta aholku emango dituzte.
Belarriprestak giltzarri
Hamaika egunez euskara entzuteko prest agertuko diren pertsonak dira belarriprestak, nahiz eta erdaraz erantzun. Giltzarria izan da aktibazio egitasmoetan belarripresten papera, "euskaldun ez aktiboak, tartean euskara gutxi dakitenak edota hitz egiteko erraztasunik ez daukatenak euskaraz hitz egiten jarri dituelako", eta Deustun ere horrela izango dela pentsatzen dute Berbaizu elkarteko lagunek.
Itsaso ere iritzi berekoa da. "Euskaldunontat garrantzitsua da konturatzea euskaraz egin dezakegula euskaraz ez dakitenekin ere. Eurak guk uste baino prestuago daude euskara entzuteko eta euskaraz bizitzeko. Gainera, hori nahi dute, eta askotan konplexua gurea izaten da, nirea behintzat bai".
[2017-09-19] Deustualdeko euskaldunek hamaika egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dute