“Aferez inguraturik gaude, aferek mugitzen dute mundua eta aferek osatzen dituzte gure eguneroko kezkak. Badaude aferen inguruan asko jakin baina isiltzea nahiago dutenak eta badaude ere aferetaz inoiz ez hausnartu arren berba eta berba egiten dutenak. Edonon entzuten dugu aferek bere joanean utzitako doinua, etxeetako eskatze txikienetatik telebistako plato handienetara”.
Eta hori baino ez zaie eskatuko irailetik aurrera Deustuko Herriko tabernan abestuko duten bertsolari gazteei: ez diezaiotela ihes egin mahaigainean jarriko dizkieten aferei, “horren gutxi eta horren beste”. Hau horrela, Herriko Tabernako eta Elorri bertso eskolako lagunak prest daude irailaren 28an Aferak izena eman dioten bertso egitasmoa abiarazteko. “Has dadila festa, aferaz afera jar dezagun gaia”, diote.
Izan ere, bertsolari gazteek bertsotan egiteko aukera desberdinak behar dituzte. Eskola arteko edota eskualde arteko bertsolari gazteen sariketak egon badaude, baina “ez saio informalak, ez hain teknikoak, epaile gabeak”, Enare Muniategi bertsolariaren arabera. Txapelketaren formatutik at daudenak. Eta garrantzitsua da epaimahaiaren presiorik gabe, “norbere buruaren presioarekin bakarrik” kantatu ahal izatea. Adibidez, taberna giroan. Horrelakoetan, “bestelako giroa egoten da”, Ander Anakabe gaztearen hitzetan, eta “albokoari gehiago laguntzen diogu bertsolariok”. Gainera, “umore gehiago” izaten dute saioek.
Guztira, 25 bat bertsolarik parte hartuko dute otsailera arte luzatuko den egitasmoan. Saioko bertsolari bana eta gai jartzailea Elorriko kideak izango dira, eta gainerakoak inguruko bertsolari gazteak (Santutxu eta Algortako bertso eskolakoak) edo “hemen ikasten ari diren bertsolariak”.
Egitarauan bost emanaldi (irailak 28, urriak 26, azaroak 30, abenduak 19 eta urtarrilak 25) eta bertso bazkari bat (otsailak 24) aurkituko ditu zaleak. Deustun ugariak dira zaleak. Urtean zehar antolatzen diren saioetan entzulerik ez da falta. Jaietako saioan “plaza jendez bete egiten da”, esaterako, eta Deustun antolatu den azken bertso bazkarian, otsailean Herriko Tabernan 125 lagun batu ziren. Kopuru polita.
Aferak egitasmoak badu bere aurrekaria: Bertso Erronda. Joan den otsailean eta martxoan, hau ere taberna giroan, Euskal Herri osoko bertso gazteek parte hartu zuten bertan. Bai giroa bai entzuleen erantzuna aparta izan zen. Bertso Errondako 30 partaideen artean zeuden Muniategi eta Anakabe ere. Bertsolari batzuentzat “horrelako lehen saioa” izan zen. “Rollo ona” golpera zabaldu zen. Pentsa, finalera pasa ez ziren gazteek “final alternatiboa” antolatzeraino.
Elorriko Irati Antepara eta Unai Foruriarentzat adibidez tabernan, jendaurrean, kantatzeko lehen aukera izango da Aferak eskainiko diena. Aurretiaz, ekitaldietan eta sariketetan parte hartu badute ere, “horrelakoak plaza errealak ez direla” uste du Enarek. Hortaz, pozik dago bai berarentzat bai Deustuko bertsolari gazteentzat oro har Aferak egitasmoak suposatzen duen aukeragatik. “Motibatuta” eta “entseguetarako gogotsu” daudela dio. Badutela “entrenatzeko aitzakia”. Batik bat senide, lagun eta senideen aurrean abestu behar dutelako. Baita Deustuko umeen aurrean ere. “Eurentzat ispilu izan gaitezke, erreferentzia”. Izan ere, Enare eta Anderrena da Deustuko Ikastolatik kanpo bertso eskolan jarraitu duen lehen belaunaldia. Eta, baliteke, eurak bertsotan entzutean umeren batek pentsatzea: ‘Nik ere egunen baten parte hartuko dut’.
Lehena
Gaur, hilak 28, lehen saioan, Enare Muniategi Etxaberekin batera, Iker Garitagoitia Astigarragak, Maialen Akizu Bidegainek eta Koldo Gezuraga Seijidok egingo dute bertsotan. Markel Baroja arituko da gai jartzaile.
Kartelaren diseinua: Laura Freijo