Arangoitiko auzotarrek galdu dute Udalaren kontrako borroka. Arangoiti-Deustu ibilbidea egiten duen A6 Bilbobus lineak 2018tik aurrera tarifa arrunta izango du. Neurriaren kontra aurkeztutako 1.500 sinadurek eta EH Bilduren proposamenek ez dute baliorik izan.
Garraio publikoarekin Arangoiti auzoak izan duen “arazo historikoa” dela eta, 2009tik tarifa merkeagoa ordaindu dute A6 autobusaren erabiltzaileek, baina Udalaren iritziz Deusto Barri igogailua martxan dagoenetik auzotarrek garraio publikoa bermatuta dute.
Bihotzaran Arangoitiko auzo-elkartetik salatu dute igogailuak ez diela zerbitzua ematen Arangoitiko eremu garaienean bizi direnei: “Ez da inola ere auzoan behar genuen igogailua”.
Alfonso Gil Garraio zinegotziak adierazi du igogailuak funtzionatzen ez duenean doakoa izango dela A6 linea, baina esandakoa ez da idatziz jaso.